Ikamak herri eskolak antolatu ditu "espainolismoari boikota" egiteko
Eskualdeko 25 ikasle batu dira Seber Altube Ikastolan. Ekintzen artean ikasle mugimenduaren historiaren dokumentalaren proiekzioa eta propaganda tailerra izan dituzte aldarrikapenen adierazle.
25 gazte batu dira Ikamaren herri eskoletanAintzina Monasterio Maguregi Gaur, urriaren 12aren baitan, Ikama ikasle independentisten eta ezkertiarren antolakundeak herri eskolak antolatu ditu Ikasleok desobedientzian lelopean, “Zergatik egingo ditugu herri eskolak urriaren 12an?: Zapalkuntzaren kontra gaudelako eta ez garelako espainolak” argudiatuz eta “euskal nazio proiektuari” ekarpena eginez.
Gernika-Lumoko Ikamak deituta, Seber Altube Ikastolan batu dira goizean, eta eguerdian, berriz, Astrara joan dira: “Espainiar estatuak inposatutako egun honetan erantzun bat emateko beharra ikusi dugu, eta horretarako, Seber Altube Ikastola zabaldu dugu goizean. Bertan 25 bat ikasle batu gara, egun honi boikota egiteko intentzioarekin”. Goizean Ikamaren “ikasle mugimenduaren historiaren dokumentala” azaldu dute, eta propaganda tailerrean bildu dira: “Espainolismoaren kontrako esaldiak egin ditugu propaganda tailerrean, herri eskoletara deitzen. ‘Ikasleok desobedientzia’ eta ‘Faxismoaren eta espainolismoaren kontra’ leloak ipini ditugu, azpimarratuz ikasleok aurre egin behar diogula inposatutako sistemari, eta ez baietz esan eta atzean geratu, baita zapaltzen gaituzten faxismoa eta espainolismoaren kontra borrokatu behar dugula ere”. Astran, ostera, bihurrikeri tailerra egin dute, eta bertan bazkaldu ere bai.
Ikasleak mobilizatzearen eta hezkuntza sistema propioa edukitzearen garrantzia azpimarratu dute Ikamaren kideek: “Hezkuntza sistema aldatzearen eta Euskal Herria bere horretan oinarri duen hezkuntza sistema sortzearen aldeko mobilizazioetan oinarritzen gara gehienbat Ikamatik. Euskara oinarri hartuta, eta feminismoa, sozialismoa eta ekologismoa ardatz izanda, espainiar eta frantziar estatuen zapalkuntza gabeko sistema aldarrikatzen dugu”. Urtean zehar hainbat lanketa eta deialdi egiten dituzte: “Beste borroka batzuk ere badauzkagu, eta adibidez, Palestinaren alde ere mobilizatu gara, eta feminismoaren alde beti gaude hor, lehenengo lerroan. Independentziatik gure hezkuntza sistema lortzeari buruz ikasleak kontzientziatzea oso garrantzitsua da, eta horretarako ari gara lanean. Agian, batzuk kontziente ez badira ere, selektibitatea espainiar estatuak inposatutako azterketa deialdia da, eta askotan ez dauka gure hezkuntza eta gure beharrizanekin zerikusi askorik. Horregatik, horri aldaketa edo erantzun bat ematearen garrantzia ikasleok kontuan hartzea da gure helburuetako bat”.