"Mugimendu feministatik eta LAB Sindikatutik lanean gaude zaintza sistema errotik iraultzeko"
Gernika-Lumoko udaltzain batek bere senitarteko bat zaintzen duen langileagaz izandako "jarrera oso larria" salatu, eta Gernika-Lumoko Udalari gertatutakoa ikertzen hastea eta udaltzainarekiko neurriak hartzea exijitu diote.
Gernikako Sare Feministak eta LAB Sindikatuak deituta, Zaintzaileak zaindu! Jazarpenik ez! lelopean, elkarretaratzea egin zuten atzo arratsaldean [urriak 10], Gernika-Lumoko Foru Plazan. Beste behin ere, borroka feminista, antiarrazista eta antikapitalistaren aldarria kalera atera zuten.
Izan ere, Busturialdeko eta Lea-Artibaiko etxeko langileen egoera “kezkagarria” salatu berri du LAB Sindikatuak, enplegatzaileengandik “mehatxuak, iruzurrak eta kaleratzeak” jasotzen dituztela zehaztuz. Horien artean, Gernika-Lumoko udaltzain batek bere senitarteko bat zaintzen duen langileagaz izandako “jarrera oso larria” ezagutarazi dute: “Nazkatuta gaude berriro ere zaintza langile batek jazarpena jasan duelako bere lanpostuan. Orain dela bi aste Gernika-Lumoko udaltzain batek bere senitarteko bat zaintzen duen langilearen gauzak komisaldegira eraman eta, bertaratu zedin mehatxuzko deia egin ondoren, lurrera bota zizkion. Armatuta dagoen udal langile batek bere senidea zaintzen duen arrazializatutako emakume bat beldurtzeko bere indar posizioa erabili du eta hori, delitua izateaz gain, oso larria da”. Jakinarazi dutenez, langile horrek tratu “oso iraingarria” pairatu du azken urteetan. Orain, etxeko langileak “ahotsa altxatu” du, eta sare feministaren eta LAB Sindikatuaren babesa dauka, “injustizia horri aurre egiteko”.
Arazoa udal administrazioaren erantzuna ere badela azpimarratu zuten, eta horregatik, Gernika- Lumoko Udalari ikerketa abiatu dezala eta udaltzain horrekiko neurriak har ditzala exijitu diote. “Erantzukizunez eta gardentasunez” jokatzeko eskatu diote.

Aipatutakoa ez dela kasu isolatuta adierazi zuten, eta horren adierazgarri ipini zuten LAB Sindikatuak etxeko langileen 32 salaketa kasu baino gehiago artatu izana azkenengo lau hilabeteetan Busturialdean eta Lea-Artibain: “Jauntxo horiek unibertsoko nagusiak direla uste dute, ukiezin sentitzen dira, eta uste dute erabateko zigorgabetasuna dutela nahi dutena egiteko. Ez dute ulertzen borroka feminista klase borroka dela, arrazakeriaren aurkako borroka dela, eta gu guztiok sarea osatzen dugula”. Gogoratu zuten zerbitzu publikoek betetzen ez duten funtzioa betetzeko kontratatzen direla zaintzaileak. Kasu gehienetan, emakumeak, migratuak eta egoera prekarioan daudenak dira, “lan eskubiderik gabe, lanaldi amaigabeekin eta soldata miserableekin”.
Horrenbestez, zaintzaileen lan eta bizi baldintza duinak eta zainduen duintasuna erdigunean jartzen dituen sistema publiko eta komunitarioaren aldeko urratsak ematen ari direla esan zuten atzo: “Mugimendu feministatik eta LAB Sindikatutik lanean gaude zaintza sistema errotik iraultzeko, eta bide horretan segituko dugu, zaintza lanak zapalkuntza arrazistaren eta negozioaren logiketatik atera eta herritarren zerbitzura jarri nahi dugulako”. Bere herritarrak zaintzen dituen herrian bizi nahi dute, eta helburu horrekin, Gernika-Lumoko Zaintza Mahaian parte hartzen ari dira bi eragileak: “Izan ere, badakigu udal gobernu batek, borondate politikoa izanez gero, eta herri mugimenduaren bultzadari eta ekarpenari esker, zaintzaileen eta zainduen egoera erabat aldatu dezakeela”.
LAB: "Gernika-Lumoko Udalak ezin du beste aldera begiratu"
Gernika-Lumoko Udaleko LABeko Atal Sindikalak udalerrian gertatutakoa salatzeagaz batera, eskaera zehatzak helarazi dizkio udalari, eta azpimarratu dute etxeko langileek eskubideak dituztela, erakunde publikoek eskubide horiek bermatzeko erantzukizuna daukatela eta berdintasun-politikek botere-abusu egoerak prebenitzeko eta horien aurrean jarduteko balio behar dutela.
Ildo horretatik gogoratu dute gertatutakoa ikertu eta, salatutako gertaerak baieztatuz gero, dagozkion neurriak hartzea dagokiola udalari. Sindikatuaren ordezkarien hitzetan, aginte publikoa ezin da izan auzi partikularretan erabiltzeko tresna, eta ardura instituzionala eskatu dute: “LABetik argi utzi nahi dugu ez kargu publiko batek, ez polizia-uniforme batek, ezin duela presio edo larderia tresna bihurtu harreman pribatu batean. Gernika-Lumoko Udalak ezin du beste alde batera begiratu”.
Gernika-Lumoko Udaleko LABeko Atal Sindikalak Udalari eskatu dio ikerketa abiarazi eta gertatutakoa argitzea, baita agente izaera, uniformea, udal-instalazioak zein udaleko beste edozein baliabide modu desegokian erabili ote ziren zehazteko ere: “Zeharo kezkagarria iruditzen zaigu udaltzainaren agente izaera, uniformea eta udal- instalazioak pertsona baten gaineko presioa egiteko erabiltzea, are gehiago etxeko langileen egoera zaurgarria kontutan izanda. Udalari dagokio gertatutakoa argitzea eta dagozkion erantzukizunak aztertzea. Herritarrok konfiantza izan behar dugu funtzio publikoak betetzen dituztenek beren agintea eta udal-baliabideak dagozkien helburuetarako baino ez dituztela erabiliko”. Ikerketak erantzukizunak egiaztatuz gero, indarrean dagoen araudiaren arabera dagozkion neurriak hartzea eskatzen dute eta egindako jarduketen berri ematea, “betiere inplikatutako pertsonen pribatutasuna eta eskubideak errespetatuz”.
Era berean, udalari egindako eskaeren artean dago horrelako egoerak detektatzeko, salatzeko eta bermeekin bideratzeko mekanismoak ezartzea ere. Martxan dituzten jazarpenaren aurkako protokoloetan, barneko berdintasun-planetan eta Berdintasun Batzordearen lanean prebentzio eta jarduera neurri “eraginkorrak” jasotzea ezinbestekoa dela nabarmendu dute: “Prozesu horiek ezin dira geratu dokumentu edo asmo-adierazpen hutsetan”.