Etxeko langileen "esplotazio egoera" salatu du LABek
Sindikatuak adierazi du eskualdean etxeko langileen lan eta bizi baldintza kaxkarrengatik jarritako salaketak "gero eta gehiago" direla. Lea-Artibai eta Busturialdean 32 kasu baino gehiago artatu dituela adierazi du LABek.
Busturialdean eta Lea-Artibain etxeko langileek bizi duten zapalkuntza egoera salatu du LAB sindikatuak. Gernikako “uniformez jantzitako udaltzaingo batek etxeko langile bategaz izandako jarrera” salatu eta “oso gogortzat” jo ostean, azken lau hilabeteetan 32 kasu artatu dituztela ohartarazi dute.
Etxeko langileen “egoera kezkagarria” hizpide izan du, beste behin ere, LABek. Sindikatuak adierazi du “urteak daramatzala etxeko langileak antolatzen, batzen eta saretzen”, hala, argi utzi dute langileen egoera ez dela kontu berria “ez eskualdean, ez Euskal Herrian”. Jakitera eman dutenez, helburu argi bategaz egin dituzte langileak batzeko eta antolatzeko lanak; hala nola, beharginek jasaten duten “esplotazio egoera” eta egunerokoan instituzio zein administrazioetatik jasaten duten “arrazakeria eta klasismoa” salatzea. Behargin gehienak “emakume migratuak” direla argitu, eta izate horrek “arrazakeria, klasismoa eta esplotazioa” areagotzen dituela azpimarratu dute. Baldintza hauei aurre egiteko, LABek “euren lan eta bizi baldintzen defentsan” diharduela ziurtatu du, eta baita “hitzarmen kolektiboaren aldeko borroka artikulatzen” ere.
Busturialdeko eta Lea-Artibaiko kasua ekarri du LABek erdigunera. “Dispertsio geografikoa” izan dute mintzagai, egoera “lazgarri” hau asko okertzen duen fenomenotzat baitute: “etxeko langileak herriguneetatik urrun dauden etxe isolatuetan lan egitera behartuak baitaude. Hurbileko komunitate edo talde bat izatea galarazi edo zailtzen die horrek, barne-erregimenean daudenen kasuan bereziki”. Hala, dispertsio geografikoak beharginek jasaten duten “esplotazio egoera okertu” egiten duela azpimarratu dute.
Langile askok eta askok “kobratu gabeko milaka ordu” dituztela ohartarazi dute. Horretaz gain, kontratu eta lan baldintzen “erregulazio falta” eta “opor egunik edo deskantsurik barik” igarotako urte eta hilabeteak ikusarazi dituzte, baita 12 edo 15 ordutako jardunaldiak ere. Sindikatuak adierazi duenez, enplegatzaileek langileek egindako orduen eta, sarritan, euren bizitzaren “erabateko kontrola” izaten dute, “langileak euren bizi proiektua aurrera eramateko aukera barik” utziz.
Politika krudelen menpe. Salatzeko urratsa ematean aurrez aurre izaten dituzten zailtasunak ere aipatu ditu sindikatuak. Enplegatzaileen aldetik “mehatxuak, iruzurrak eta kaleratzeak” jasaten dituzte. Sindikatuaren arabera, salatu duen lan baldintzen urraketa sistematikoak agerian uzten du “gizarte-politiken krudelkeria”.
Etxeko langileen eskubideak bermatu eta babestu beharko lituzketen erakundei “beste aldera begiratzea” leporatu die LABek. Horren aurrean, sindikatuak “etxeko langile orori eskua luzatzen die eta borrokarako eta antolakuntzarako urratsa eman dezaten” animatzen dituela adierazi du.