"Kontalariaren eta publikoaren arteko katarsia izan behar da kontalaritza"
Aingura Bermeon botata dauka Itziar Rekaldek. Gasteizen bizi den arren, Bermeo «arnasa hartzeko» babeslekutzat du. Kontalaritza ezagutzera emateko bidean, bere ibilbidea izan du mintzagai gaurkoan.
Artearen adar gehienak probatu ditu Itziar Rekalde Luzarraga bermeotarrak bere ibilbide luzean zehar. Hala ere, kontalaritza berezitzat definitzen du, «lengoai desberdin bat» duela arrazoituz. Besteak beste, (H)aingura poema liburua sortu eta euskaratu du, bere oinarrietara hitzen bitartez bidaiatuz, eta bere jaioterri den Bermeori keinu eginez.
Bermeotarra zara, nahiz eta Gasteizen bizi. Zer eman dizu Bermeok artista eta pertsona gisa?
Dena eman dit Bermeok. Nire aitonak sustraiak izatearen garrantzia erakutsi zidan, eta aingura botatzearena. Sustrairik gabe ez gara inor, ezin gara elikatu, ez baitugu nondik hartu. Aingurarena desberdina da: aitonak esaten zuen noziean behin aingura bota beharra dagoela, ekaitzak inguratzen gaituen egunetan bertan gelditzeko. Bertan babesteko. Ba, niretzat Bermeo sustraiak dira, alde batetik. Arnasa hartzeko eta ongizatez elikatzeko erabiltzen ditudan sustraiak dira Bermeo. Eta bestetik, aingura ere bota izan dut sarri hemen, portuan, babestuta sentitzeko.
Aktore gisa hasi eta ahozko kontalaritzan aurkitu zenuen zure bidea.
Hala da. 80. hamarkadan Bilbon kontalaritzaren inguruko ikastaro bat eskaintzen zutelaren berri eman zidaten, eta askorik pentsatu barik apuntatu nintzen. Eszenan egoteko tresna bezala oso potentea iruditu zitzaidan kontalaritza. Publikoarekin bat egiteko ariketa itzela. Ordutik, etengabeko formakuntzan nabil, egunero ikasten dut zerbait-eta. Euskal Herrian, gainera, oso gutxi ziren kontalaritza egiten zutenak: gutxi horrei jarraitzen hasi nintzen, eta asko eta asko irakurri nuen horren inguruan. Oraindik ere horretan jarraitzen dut. Esan bezala, etengabeko irakaskuntza da.
“Nahiz eta beste arte eszenikoekin amankomunean ezaugarriak izan, ezaugarri eta esangura desberdinak dituen lengoai bat ezagutzeko aukera eman dit kontalaritzak”
20 urte baino gehiagoko ibilbidea duzu, gainera.
Arabako Mairulegorretako Kobetan hasi nintzen, hain zuzen. Lehen jaialditxo bat egiten zen bertan, euskaratik eta euskararako. Eta ni euskaltzaindiatik netorren, Arabako ordezkaritzatik. Antzerkigintzako lagun batek proposatu zidan jaialdi horretan Anboto eta inguruko kondairen inguruko zerbait plazaratzea, kontalaritzan ordura arte ikasitakoa oinarritzat hartuz. Eta egin nuen, noski. Ederra izan zen: kobazulotxoetan aurretiaz prestatutako testu bat kontatu nuen, txalapartarekin lagunduz. Giro aparta sortu zen, eta oso gustora aritu nintzen.
Zer eman dizu kontalaritzak?
Desberdina zen beste lengoai bat zegoela erakutsi zidan kontalaritzak, gehienbat. Nahiz eta beste arte eszenikoekin amankomunean ezaugarriak izan, ezaugarri eta esangura desberdinak dituen lengoai bat ezagutzeko aukera eman dit kontalaritzak. Gainera, tresna baino, eszenikorako oinarri bat zela ikusi nuen.
Zer du berezirik kontalaritzak?
Dena du berezirik kontalaritzak, nire uste apalean. Kontalaritzan erabat biluzik zaude, eta ez daukazu zure buruaz gain beste elementurik istorioa kontatzen laguntzeko. Zure ahotsa, zure gorputza, zure erritmoa eta zu baino ez zaudete eszenatokian. Zu, eta zelan ez, publikoa: publikoagaz bat egin behar da kontalaritzan. Beharrezkoa da, gainera. Kontalaritza ez da entzuleek entzun eta kontalariak kontatzea. Kontalariaren eta entzulearen arteko katarsia izan behar da kontalaritza. Entzulea istorioaren parte izan behar da. Are gehiago, kontalariak kontatzen duen istorioa entzule bakoitzak bere egin behar du. Eta oso zaila da. Atmosfera edo kupula bat sortu behar dugu kontalariok entzuleekin beti, zeinetan emozioa nagusitzen den. Emozioaren bidezko komunikazioa, hain zuzen. Publikoak kontalariak kontatzen duen historioaren bitartez bidaiatzea lortzean dago gakoa. Berezia da, guztiz.
Esango zenuke kontalaritzaren mundua gutxietsita dagoela?
Oso. Jendeak kontalaritza haurrentzako ipuin kontalariekin soilik erlazionatzen du. Hortik harago dagoena ezezaguna da normalean. Hain zuzen ere, horri buelta emateko sortu genuen Arabazan elkartea pandemia garaian: kontalaritzako profesionalak sortzeko eta formatzeko helburuagaz; kontalarion artean biltzeko helburuagaz; topagune bat izateko helburuagaz. Ze, pentsatzen dugu gainontzeko arte modalitateetan formakuntza sendoa dagoen bezala, kontalaritzan ere egon beharko lukeela formakuntza hori. Formakuntza, eta ikusgarritasuna.
Ildo horretatik jarraituz, hiru urteko esperientzia duen eskola ere badugu martxan Arabazan elkartearen eskutik. Aurten, berriz helduko diegu hastapeneko klaseei, halaber: Kimu Berriak. Hiru hilabeterik behin bilduko gara, Garaion (Araba), eta matrikulazio epea oraindik zabalik dugu. Orain arte Busturialdetik zenbait lagun hurbildu izan dira, gainera, eta horrela jarraitzea espero dugu. Uste dut oso baliozkoak direla klaseak.
Kontalaritzatik aldenduz, (H)aingura poema liburua sortu eta euskaratu zenuen.
Berez, liburua euskaraz idazten hasi nintzen. Kontua da, editoreak lehenik gaztelerazko bertsioa eskatzen zidala, Ameriketako bira ahalik eta arinen egin ahal izateko, besteak beste.
“Pandemia garaian idatzi nuen, eta nire oinarrietara bidaiatu nahi nuen liburuagaz“
Zelan sortu zen (H)aingura?
Lehen aipatutako sustraiak dira (H)ainguraren ardatz. Pandemia garaian idatzi nuen, eta nire oinarrietara bidaiatu nahi nuen liburuagaz. Fikzioa erabiliz nire oinarriak erdigunean jarri nahi nituen. Nire baitan zoriontsuak zirela uste nituen errelatuak kontatzen ditut bertan, gero mingotz bihurtu zitzaizkidanak. Hauskortasun handia sentiarazi zizkidaten errelatuak, bestalde. Esan dezaket, beraz, horren guztiaren oiartzuna dela.
Eta, zelako harrera izan du?
Ona, esango nuke. Gaztelerazko bertsioak lau edizio izan ditu, batik bat. Euskarazkoaren erantzunagaz ere pozik nago, baina noski, gaztelerazkoagaz alderatuz mugatuagoa izan da. Gaztelerazkoa Mexiko, Colombia, Venezuela edota Argentina bezalako tokietaraino heldu da. Euskarazko bertsioa, ordea, Euskal Herrian gelditu da. Hala ere, oso pozik nago. Jendeak, gainera, berba onak baino ez dizkit esan liburuaren inguruan.
Azken urteetan eszenatokian aritzeaz gain, artista eta narratzaile berriak formatzen, antzezlanak zuzentzen eta kanpoko begirada eskaintzen ari zara. Aldaketa handia nabaritu duzu?
Izatez, beti egon izan naiz alde bietan. Egia da, normalean gehiagotan egin ditudala sortzaile lanak, baina kanpoan ere aritu naiz. Beraz, ez dut aldaketa nabarmenik izan, edo behintzat, sentitu. Orain gehiago nago atzekaldean, hori bai. Baina modu naturalean egindako hautua izan da. Gauzak horrela ematen joan dira azken urteotan, eta pozik nago. Sortzaile berriekin lanean edota formakuntza eskoletan nabil asko azken aldian. Baina, tira, hori ere bada sortze-prozesu bat, nire ustez.
Ze gomendio emango zenioke kontalaritzan hasteko asmoa duen norbaiti?
Bakarrik ez aritzeko esango nioke. Nahiz eta kontalaritza berez bakarkako lana den, zaurgarria ere izan daiteke. Bakarrik aritzea zaila da, oso: beti behar dugu kanpoko begirada bat. Kanpoko babesa. Eta kanpoko aholkua. Baina ez bakarrik hasieran; uneoro behar dugu bidaide bat.