"Guk argi dugu: giza burmuina baino interprete hoberik ez dago"
Maitane Uriarte adimen artifiziala itzulpengintzan eta interpretazioan "edozelan" txertatzeak dakartzan ondorioekin kezkatuta dago. Euskal itzultzaileak eta interpreteak "erne" daude, haren "erabilera desegokiak "ondorio oso larriak" sor ditzakeelako.
Luzea da adimen artifizialaren garapenak hainbat ogibideren kasuan ekarri dituen onuren zerrenda. Beste hainbestetan, baina, baliabide horren erabilera desegokia traba zein kezkak sortzen ari da, kasurako, itzulpengintzaren eta interpretazioaren alorretan.
Noiztik dator adimen artifizialaren erabilerarekiko ardura?
Nahikoa aspaldiko kontua den arren, azken hilabeteetan euskal itzultzaile eta interpreteok geure arteko kezkak, beldurrak eta, oro har, ezinegona adierazi dugu. Ikusten ari gara, zenbait testuingurutan, adimen artifiziala moduko lanabes baliagarri eta eraginkor bat birritan pentsatu barik erabiltzen ari direla, eta, ondorioz, itzultzaileak zuzentzaile lanetara zelanbait zokoratzen ari direla, jakina, oso bestelako lan baldintzekin nahiz baldintza ekonomikoekin; kasu askotan, ez dituzte kontratatzen testuen itzulpenak egiteko, makinek ondutako testuak zuzentzeko baino. Itzulpen horiek, maiz, ez dira izaten ondo eginikoak eta, horrenbestez, testuak zuzentzen amaitu behar izaten dute sektoreko profesionalek.
Hastapenetik, adimen artifiziala itzulpengintzara ekartzeak errazagoa zirudien, interpretazioagaz alderatuta.
Bai. Finean, testuak ondo egituratuta eta antolatuta baldin badaude, esaldiak hasi eta amaitu egiten badira —testu administratiboen kasuan, adibidez—, errazagoa da makinak horiek ondo itzultzea. Itzulpengintza literarioaren kasuan, gaur-gaurkoz, egoera oso bestelakoa da.
“Gizakiek okupaturiko ogibideak makinengatik ordezkatzen hasiko gara, makinen ekoizpenaren emaitzekin bakarrik konformatzen garenean”
Eta interpretazioari dagokionez?
Alor horretan, egoera bestelakoa da: makinak ez dira gai testutik harago doazen denetariko alderdiak detektatzeko eta lantzeko. Uste dut makina bat inoiz ez dela iritsiko tonuaren edota gorputz hizkuntzaren atzean ezkutatzen diren sentimenduak, emozioak, sentsazioak eta, funtsean, informazio guztia jasotzera.
Zein da adimen artifiziala baliatzeko arrazoi nagusia?
Bi azpimarratuko nituzke: alde batetik, alderdi ekonomikoa dago, alegia, emaitza kosta ala kosta ahalik eta merkeen lortzeko hautua, gainontzeko esparruak alboratuta; bestetik, nago moda edo ustezko estetika kontu bat ere badagoela. Sarritan, jendearentzat askoz erakargarriagoa da itzulpen lan bat makina baliatuta egin duela azpimarratzea, pertsona baten zuzeneko lanaren bitartez baizik.
Konformismo usaina dario horri.
Eta konformismoa, hain zuzen, giltzarri da kontu honetan. Gizakiek okupaturiko ogibideak makinengatik ordezkatzen hasiko gara, makinen ekoizpenaren emaitzekin bakarrik konformatzen garenean.
“Itzultzaile eta interpreteok ez gara inondik ere adimen artifizialaren arerioak: lanabes aparta da, baina erabileran dago gakoa”
Horrexegatik saiatzen zarete makina heldu ezin daitekeen atalaseak zeharkatzen?
Hori da, hizkuntza idatziaz harago doan informaziora edota hizkuntza bakoitzak atzetik duen kulturaren zubi lana egiten, esate baterako. Teknologiaren aurrerapausoa geldiezina dela uste dut, baina, era berean, erdibideko konponbideak adostu beharko lirateke: makinak dauzkan mugak zeintzuk diren jakin behar da, bere erabilera egokia sustatzeko. Hausnarketa guztiz beharrezkoa da. Itzultzaile eta interpreteok ez gara inondik ere adimen artifizialaren arerioak: lanabes aparta da, baina erabileran dago gakoa.

Hizkuntza batetik bestera ba al dago arrakalarik?
Egundokoa, gainera. Hizkuntza hegemonikoen ikusmoldetik, arazoa are larriagoa da. Euskararen kasuan, hizkuntza gutxitua izateak bere inbertsio mailan eragin zuzena du. Saiakerak egon, badaude, baina are handiagoak dira gaztelania, ingeles edo frantsesaren kasuetan. Intepretazioaren aldetik, euskarazko merkatuan saiakera asko egin dira, baina gehienek ez dute aurrera egin, gabezia asko antzeman direlako.
“Interpretea gai da ulertu ez dena berreskuratzeko, baina sistemak ez du horrelako estrategia landurik”
Esate baterako?
Bada, itzulpengintza arazo asko egon dira, batik bat, Ipar Euskal Herriko edota Bizkaiko hizkerak ekuazioan sartzerakoan. Gogoan dut auzolotsa terminoa vergüenza de barrio legez itzuli zuela adimen artifizialak. Akorduan dut plaza hartako euskal hiztunak guztiz sumindu zirela. Beste egoera batean, gaztelaniazko a la postre esaera postrerako moduan itzuli zuen sistemak. Adibideak asko eta asko dira. Tankerako egoeretan, gizakia gai da kontatzen ari dena ulertzeko eta transmititzeko, mezuaren hitz, esaldi edo bestelako osagairen bat guztiz ulertu ez arren. Ze, sarritan, hizlariak testuingurua asko argitzen du bere gorputz hizkuntzagaz edo ulertu ez denaren ostean esandakoagaz. Interpretea gai da ulertu ez dena berreskuratzeko, baina sistemak ez du horrelako estrategia landurik.

Beraz, euskararen erabiltzaileak babestuago al daude?
Zelan edo halan, bai. Izan ere, oso gutxi dira hitzez hitz uneoro euskaraz gramatikalki komunikatzen diren hiztunak. Sistemak, prozesatu ezin dituen berba, esamolde edota egitura gramatikalak hautemanez gero, helarazi gura den azken mezuaren zati bat galdu egiten du. Hortaz, guk argi dugu: giza burmuina baino interprete hoberik ez dago. Euskaraz harago, hizkuntza hegemonikoen kasuan ere, badira salbuespenak. Adibidez, eskoziar baten eta estatubatuar baten azentuak, tokiko lexikoa, esaerak eta, finean, mintzaira ez dira berbera, biak ala biak ingelesez arituagatik ere. Kontua da ingelesa bezalako hizkuntza erraldoi baten inguruan inbertsio handiagoa egiten dela, adimen artifizialdun sistemen inplementazioan. Inbertsio handiagoagaz, sistemaren maila ere hauspotzen da, baina baita profesionalen kontra doazen egoera kopurua ere.
Non dago produktu merkearen edo lan profesionalaren arteko hautuaren muga?
Hori da ikusteko dagoena. Kongresu edo bilkura askok alde kulturala eta giza faktorea baztertzearen aldeko apustuari heldu diote, sistemak proposatzen duen itzulpen zurruna hobetsita. Bezeroak hori gremioko profesional baten ezagutza kulturalaren, sentsibilitatearen, moldagarritasunaren eta, oro har, lanaren aurretik lehenesten badu, egoerak txarrera baino ez du egingo itzultzaile zein interpreteentzat.
“Publikoak normalean ez daki guk aurretiaz behar egiten dugula, enkargu bakoitza prestatuz; geurea ez da eguneko edo unean uneko lana bakarrik”
Zelan bizi du egoera Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkarteak?
EIZIEn erne gaude, inguruan gertatzen ari denaren pentsuan. Kasuak hurretik zainduz, hedabideetan eta gure inguruan arlo honetako profesionalen egoera plazaratzera emanak ditugu indarrak: gure kezka publiko egin behar dugu.
Plaza handiez harago, udalak moduko bezeroek ere adimen artifiziala hobesten al dute?
Itzulpen idatzien kasuan, askotan, bai. Ez hori bakarrik: udaletan maiz gertatzen dena da interpreteen beharra tokian tokiko euskara teknikariei esleitzen zaiela. Horiek, gehienetan, ez dute beharrezko formakuntzarik, lan hori berme guztiekin biribiltzeko. Orduan kargutu ohi dira gure lanaren balioaz.
“EIZIEn erne gaude, inguruan gertatzen ari denaren pentsuan: gure kezka publiko egin behar dugu”
Eta horren atzeko lan eskergaz.
Jakina. Publikoak normalean ez daki guk aurretiaz behar egiten dugula, enkargu bakoitza prestatuz; geurea ez da eguneko edo unean uneko lana bakarrik. Prestakuntza hori guztiori balioan ipini behar da, eta profesionalen lanorduak, esfortzua eta dedikazioa aintzatetsi.