"Beti amestu izan dut Santa Luziako zelaian jokatzeagaz"
Koldo Berasaluze Ibarzabal SD Gernika Clubeko jokalari historikoen zerrendara igaro da. Lehen taldeagaz 338 norgehiagoka jokatutako kapitainak kirol erretiroa hartu du, eta zaleek zein taldekideek omenaldi sentikorra egin diote etxean, Urbietan.
Argazkia: Pantxoa Gandarias. Kimu mailatik hasita, bere kirol ibilbidea SD Gernika Club taldearen koloreak defendatzen eman du Koldo Berasaluze Ibarzabal futbol jokalari eta kapitain ohiak. Berriki, taldearen mesedetan egindako ekarpena aintzatetsi diote, Urbietan egindako omenaldian. Gernika-lumotarrak 338 neurketatan defendatu du etxeko taldea.
Klubaren maila eta lantalde denak ezagutu dituzu.
Bai, ia beti SD Gernika Cluben eskutik joan naiz. Kimu, kadete eta gazte mailak egitean, Gernikaren b taldera jauzia egin nuen, alegia, lehengo Errigoiti KTra. Jarraian, Bermeogaz Hirugarren Mailan izugarri ikasteko balio izan zidan urte bat egin nuen, Urbietara itzuli orduko. Ondoren, sasoi bi egin nituen Leioagaz. Bi irteera horietan izan ezik, 20 urte inguru egin ditut Gernikagaz.
“Ezinbestekoa da Gernika moduko klubetan harrobiko jokalariek minutuak edukitzea”
Zelan baloratzen duzu bide hori?
Oso positiboki. Ezinbestekoa da Gernika moduko klubetan harrobiko jokalariek minutuak edukitzea. Hain zuzen, gutxi dira elitera beren ibilbide osoa etxean eginda iristen direnak. Alde horretatik, pozarren nago. Umea nintzenetik, beti amestu dut Santa Luziako zelaian jokatzeagaz. Zoritxarrez, adin kontuengatik, ez dut han jokatzerik eduki, baina Urbietan bide polita egin dut.
Bide horretan, zeintzuk izan dira une giltzarriak?
Batetik, gazte mailan nintzela Errigoitigaz egindako denboraldiaurreak gogoan ditut; hiru egin nituen, baina lehen taldera zuzenean jauzia egiteak ihes egin zidan. Orain, baina, esango nuke fisikoki zein futbolistikoki ez nengoela prest. Beraz, Bermeon egindako denboraldia oso baliotsua izan zen nire garapenean; Gernikaren maila berean jokatzen genuen, baina presio barik hobetzeko atea zabaldu zidaten. Bestetik, Bigarren B Mailara saltoa egin genuen sasoia, 2014-2015a, ere aipatu behar dut. Baita 2018-2019 denboraldia ere: berriro Hirugarren Mailara jaitsi ginen, urte ogogora izan zen, baina izugarri ikasteko balio izan ziguna.

Argazkia: Pantxoa Gandarias.
Lehen taldeagaz egindako debuta oroitzen al duzue?
Bai. Cultural Durangoren kontra 1 eta 0 irabazi genuen, Urbietan.
“Bai zelaigunean, bai aldagelan maila handiko jokalariak ezagutu ditut, niretzat lidergoaren ispilu izan direnak: Lander Torrealdai, Jon Altamira, Xabier Otiñano edota Imanol Etxabe”
Zelan joan zinen ardurak eta erantzukizuna hartzen?
Urteek aurrera egin ahala. Egia esan, bai zelaigunean, bai aldagelan maila handiko jokalariak ezagutu ditut, niretzat lidergoaren ispilu izan direnak: Lander Torrealdai, Jon Altamira, Xabier Otiñano edota Imanol Etxabe. Talde baten ardura lepotan hartzeko modu jakin bat transmititu didate beraien ekintzekin.
Zer dauka Urbietak, etxeko hainbeste jokalariri beheko kategorietatik lehen taldean jokatzeraino lagun egiteko?
Beharrizan ekonomikoak eragina du ezinbestean. Gernikak ez du beste talde batzuek bezainbesteko aurrekonturik eta, hortaz, harrobiko jokalarien karta uneoro bermatu beharra du. Bestetik, jokalarien euren atxikidura nabarmenduko nuke: ume edo gazteak direnetik, Gernikaren lehen taldea da beraien erreferentzia nagusia, noizbait Urbietan herriko klubaren lehen taldeko hamaikakoaren parte izateagaz amesten dute. Izan ere, lehen taldea gainontzeko kategorietakoekiko oso hurrekoa da: gazteek lehen taldeko entrenamenduak bertatik bertara ikusten dituzte, eta jokalariekin ia zuzeneko hartu-emana izan dezakete.

Argazkia: Pantxoa Gandarias.
Zenbat aldatu da futbola?
Hala futbola bera, nola futbola ulertzeko modua izugarri itxuraldatu dira. Nire lehen urteetan, jokoa askoz fisikoagoa eta zuzenagoa zen, kontaktu handiduna. Egun, atezaina ia-ia beste edozein jokalariren parekoa da: apenas jaurtitzen du luze baloia. Alde estrategikoari dagokionez, dena profesionalizatu da: partiduetan eta entrenamenduetan egiten diren parametroak erabat neurtuak daude. Bai norbere, bai aurkariaren jokoa bideo bidez ikuskatzen dira ia egunero. Zalantzetarako tartea ia ezerezera murriztu da.
“Hala futbola bera, nola futbola ulertzeko modua izugarri itxuraldatu dira”
Datu uriola horrek, teknikoki baliagarria izanda ere, bat-bateko freskotasunaren zati bat ezabatzen al du?
Bai. Datuak erabilgarriak dira, fisikoki eta taktikoki hazteko; ondo erabiliz gero, baliabide aproposa da. Baina erabilera hori ez da beti egokia izaten, eta horri sare sozialen eragin kaltegarria gehitu behar zaio.
Futbolera jokatzen zein modugaz geratzen zara?
Bada, bien arteko zerbaitegaz. Malgutasuna derrigorrezkoa da, partiduetan gertatzen diren egoeretara doitzeko. Sarritan, ahalik eta modu anitzenetan jokatzeko gaitasuna duen taldea izaten da lehiakorrena.
Zein entrenatzailek eta jokalarik markatu zaitu gehien?
Jokalariei dagokienez, lehen aipatutakoak azpimarratuko nituzke, hau da, kapitain edo lidergo beharrak egin izan dituztenak. Entrenatzaileei helduta, baina, zaila egiten zait bakar bategaz geratzea. Beharbada, Jabi Luances hautatuko nuke: hark zabaldu zidan lehen taldeagaz bat egiteko atea, eta hura entrenatzaile dudala jokatu izan ditut partidurik gehientsuenak.

Argazkia: Pantxoa Gandarias.
338 neurketa, hain zuzen.
Bai. Bertigo apur bat ematen du hain zifra handia izateak, baina horiexek dira. Ia bizitza osoa.
Urbietan omenaldi hunkigarria egin zizuten bai taldeak, bai jarraitzaileek.
Oso gogoangarria izan zen niretzat, eta, egia esan, ez nuen zerbait hain handia izaterik aurreikusten. Lagunek pankarta handi bat ipini zuten zelaigunean, ohorezko pasilloa egin zidaten urtez urte taldekide izandakoek eta partidua jokatu zuten Gernikako eta Sestaoko jokalariek. Ondoren, elastikoa taldearen 1000. urteurreneko urrezko intsignia eta erlojua opari egin zizkidaten, eta ohoreko sakea egin nuen.
“Kirola eta ikasketak edo ogibidea uztartzea ez da batere erraza, baina bai egingarria”
Zelako eskakizunak ditu futbola eta ogibidea uztartu behar izateak?
Ez da batere erraza, baina bai egingarria. Nik, irakaslea naizen aldetik, umeei etengabe errepikatzen diet ikasketak ezin dituztela inolaz ere bazter utzi. Egungo moden eta sare sozialen eraginez, oso indibidualista bihurtzen ari dira, nork bere zilborrari baino ez dio erreparatzen. Gaztetxoenek argi izan behar dute mundu osoko haurretatik gutxienetan gutxienak irteten direla goi mailako futbol jokalari. Hori bai, ikasketak eta futbola uztartu daitezkeela ere azaltzen diet, nik neuk horixe egin baitut urte luzez: autodidaktak izaten ikasi behar dute, egunak eta asteak behar bezala antolatzen eta, noski, zentzu guztietan gogor lan egiten.
Zaleen aldetik presiorik igarri al duzu noizbait?
Apenas. Urbietako zaleak oso esker onekoak eta zintzoak dira. Taldea une gaitzetatik pasatzen denean, presioa egin ordez, beren hurbiltasunagaz lagundu ohi dute.
“Epe ertainera begira, klubeko gazte mailakoen ekarpena zein izango den ikusi gura dut”
Zein da Gernikaren egungo egoera?
Denboraldiaurrea oso ona izan zen, eta sasoia maila handian abiatu dute. Epe ertainera begira, gazte mailakoen ekarpena zein izango den ikusi gura dut: iaz maila horretan aritutako jokalari bi lehen taldean daude egun, zerbait ondo egiten ari den isla.
Futbolagaz lotuta segitzeko asmorik al duzu?
Gaur-gaurkoz, ez. Deskonektatu beharra dut, Urbietara joaten eta taldea babesten jarraituko dudan arren. Momentuz, kirol eginbeharrik ez dut gura.