Ahalduntzea eta hausnarketa oinarri, udazkeneko ekimen feministetan
Bermeoko Udaleko Berdintasun Sailak udazkeneko egitarau feminista aurkeztu du, urritik abendura bitartean hainbat jarduera egingo direla azalduz.
Bermeoko Udalak udazkeneko ekimen feministak aurkeztu ditu, Berdintasun Sailarekin batera. Batik bat, ahalduntzea eta hausnarketa izango dituzte ardatz ekimenek, eta aurreratu dute urritik abendura bitartean “hainbat jardunaldi” egongo direla: “Besteak beste, autonomia lantzeko prestakuntza, kontsumo-ohiturak ikuspegi feministatik aztertzeko tailerrak, osasunari buruzko saioak eta literaturatik abiatutako hausnarketak bezalako jardunaldiak proposatuko dituzte”.
Biziraupeneko Brikolajea II izango da egitarauari hasiera emango dion ikastaroa. Esan dute dagoeneko martxan dagoela, eta azaroaren 17ra bitartean burutuko dutela. “Parte-hartzaileek tresna elektrikoak erabiltzen eta etxean sor daitezkeen ohiko konponketak egiten ikasiko dute”, azaldu dute. Gaineratu dute ikastaroaren helburu nagusia emakumeek tradizionalki presentzia txikiagoa izan duten esparruetan trebatzea dela.
Azaroan, aldiz, ehungintza eta kontsumo-ohiturak izango dira protagonista, Ehungintza birziklatzeko tailerra burutuko baitute: “Arropa berrerabiltzeko eta eraldatzeko teknikak ikasiko dituzte parte-hartzaileek. Ez da beharrezkoa josteko makina izatea”. Bermeoko Udalak jakinarazi duenez, tailerrak alderdi praktikoa ez ezik, “hausnarketarako tartea” ere izango du. Arropa merkeak atzean zer duen aztertuko dute, eta ehungintzak emakumeen eskubideekin, migrazioekin eta ingurumenarekin duen loturaz hitz egingo dute, esan dutenez. Saioak azaroaren 12an, 19an eta 26an izango dira, 18:00etatik 20:00etara, Gizarte eta Kultura Etxean.
Abenduan menopausia eta perimenopausia izango dituzte mintzagai, elikaduraren bidez ongizatea zaintzen trebatzeko tailerrean. Lehen saioan, menopausian eta perimenopausian gertatzen diren aldaketak eta elikaduraren inguruko zalantzak landuko dituzten heinean, bigarrenean ikasitakoa praktikan jarriko dute, elkarrekin errezetak prestatuz.
Literaturak ere izango du lekua, halaber, aurkeztu berir duten udazkeneko egitarauan. Izan ere, Irakurle Txoko Feminista egingo dute, beste behin. Udal ordezkarien berbetan, hiru saio egingo dira, hilean behin, eta Nagore Fernandez Zabalak gidatuko ditu saioak: “Urriaren 28an, Maddi Ane Txoperenaren Ez erran inori izango dute hizpide parte hartzaileek. Azaroaren 25ean, Uxue Alberdiren Kontrako eztarritik. Eta abenduaren 16an, Samara Velteren Eta Karmele?“. Liburuak oinarri izanik, “generoak eguneroko bizitzan eta gizartean duen eraginari buruz hausnartzeko” gune bezala definitu du Bermeoko Udalak Irakurle Txoko Femnista.
Ahalduntzerako Gune Feminista
Horrez gain, urriaren 17an Ahalduntzerako Gune Feminista elkarrekin eraikitzeko asanblada irekia egingo dutela nabarmendu dute udaletik: “Herritarrek aukera izango dute etorkizuneko gunearen izaerari, erabilerei, antolaketari eta lehentasunei buruzko ekarpenak egiteko”. Saio horrekin, bide batez, proiektua gauzatzeko bide-orria adosten hasiko da Bermeoko Udala, eta gaineratu dute horretarako “herriko emakumeen behar eta interesak” kontuan hartuko dituztela.
Gauzak horrela, ikastaro guztietako plazak “mugatuak” izango direla aurreratzeaz gain, Bermeon erroldatutako pertsonek lehentasuna izango dutela azpimarratu dute udaletik. Informazio gehiago jasotzeko, izena emateko edo irisgarritasun-beharrizanak jakinarazteko, Berdintasun Sailarekin harremanetan jartzeko deia egin dute, berdintasuna@bermeo.eus helbidean edo 688 63 84 49 telefonoan.