Ernaik etxebizitza duinaren aldeko aldarria zabaldu du
Besteak beste, Bermeon eta Gernika-Lumon elkarretaratzeak egin zituzten atzo, Ernaik deituta. Mobilizazioak azken asteetan etxebizitza duinaren alde sortutako "olatu herritarraren" barruan kokatu ditu gazte erakundeak.
Ernaik etxebizitza duinaren aldeko elkarretaratzeak egin zituen atzo arratsaldean Euskal Herriko 26 herritan: horien artean, Bermeon eta Gernika-Lumon. Mobilizazioak azken asteetan etxebizitza duinaren alde sortutako “olatu herritarraren” barruan kokatu zituen gazte erakundeak, eta etxebizitza auziari “benetakoa eta integrala den konponbide bat” emateko eskatu zuten. “Etxebizitza auziari dagokionez, benetakoa eta integrala den konponbide bat eman ezean atzera pausorik egingo ez dugula argi utzi nahi dugu”, adierazi zuen Ernaik.
Etxebizitzaren arazoa eta ultraeskuinaren gorakada lotuta daudela defendatu zuten Ernaiko kideek atzo, Gernika-Lumon, bestalde. Atzo goizean jasotako albisteak —hauteskundeak azaroaren 29ra aurreratzeak— “ultraeskuinak epe laburrean Espainiako Estatuko gobernura heltzeko aukera errealak” dituela erakusten zuela azaldu zuten. “Horren aurrean, ez ditugu bi auzi desberdin moduan ulertzen etxebizitzaren eta ultraeskuinaren auziak. Biak bizi dugun garaiaren eta kapitalismoaren ezintasunen ondorio dira”, azaldu zuten.
Gazte erakundearen esanetan, azken hamarkadetan eraikitako eredu sozial, ekonomiko eta politikoa “ez da sostengarria”, eta hori gutxi balitz, neoliberalismoak ere “goia jo” duela nabarmendu zuten Ernaitik. Horren ondorioz, gero eta herritar gehiago “prekarietate gordinenera” kondenatzen ari direla salatu zuten. Etxebizitzaren kasuan, bereziki agerikoa dela adierazi zuen Ernaik, “oinarrizko eskubidea izan beharko zena negoziorako bitarteko bihurtu” dutelako: “Funts putreak eta enpresari handiak aberasten dabiltza, eta gu geroz eta pobreagoak gara”. Egoera horren adibide gisa, azken asteetako etxegabetzeak, “alokairu-prezio desorbitatuak” eta gazteek gurasoen etxetik irteteko duten zailtasuna aipatu zituzten, besteren artean.

Egoera larria
Ernaik bereziki aipatu zuen Gernika-Lumoko etxebizitzaren egoera. “Gernika-Lumon fokua jartzen badogu, egoera oso larria da», adierazi zuen. Ze, gazte erakundearen arabera, 2018tik %15 igo da alokairuen batez besteko prezioa, “ia 700 eurora helduz”. Era berean, etxebizitza turistikoen kopurua ere handitzen ari dela azaldu zuen: “Foru herrian 30etik gora dira dagoeneko etxebizitza turistikoak”, adierazi zuten.
Horren aurrean, Ernaik “orain arteko ereduarekin ebakitzea eta sakoneko aldaketa bat martxan jartzea” eskatu zuten. Eta bide batez, etxebizitzaren inguruko erabakiak Euskal Herrian bertan hartzearen alde egin zuten: “Euskal Herrian erabaki behar dugu etxebizitzen gainean, ez Madrilen eta Parisen”. Era berean, “sozialismora bidea egiteko ordua” dela defendatu zuten, “herritarren beharrizanak erdigunean jarriz”.
Azkenik, etxebizitza “negoziorako merkantzia” izan ez dadin eta herritar guztien eskubidea izan dadin aldarrikatu zuen Ernaik. “Eman daigun ba, pausu bat aurrera. Etxebizitza ez daiten izan negoziorako merkantzia bat, danok bermatuta dugun eskubidea baino”, azpimarratu zuten, amaitzeko.