Denetariko ekintzekin ospatu dute Adinekoen Nazioarteko Eguna
Argazkia: Kangbeng. Eskualdeko zenbait herritan ekitaldiak egin zituzten joan den astean Adinekoen Nazioarteko Eguna ospatzeko, pertsona nagusien eskubideak, duintasuna eta gizartean duten parte-hartzea aldarrikatzeko. Hala nola, Mundaka, Busturia eta Murueta askotariko ekintzen epizentro bihurtu ziren.
Mundakan, Udaletxeko plazan elkartu ziren, pertsona nagusien ahotsa entzunarazteko eta haien «eskubideak, duintasuna, autonomia eta gizartean parte-hartze osoa» aldarrikatzeko. Manifestuaren irakurketaren ondoren, Gorka Aguinagalderen El txou de Patxi bakarrizketaz gozatu zuten, eta lunch batekin amaitu zuten eguna.
Muruetan, berriz, petanka txapelketa, jokoak eta merienda egin zituzten. Jardunaldia Lore Etxea Muruetako Adinekoen Elkarteak antolatu zuen.
Busturian, Adinekoen Nazioarteko Eguna baliatu zuten Rosa Mari Gabantxo artistak emandako artelan bat zozkatzeko. Zozketan bildutako dirua Kangbeng Elkartearen proiektuetara bideratuko dute.