Bertsolari gazteak ezagutarazteko 'Danon plaza' zirkuitua sortu dute
Zortzi saio prestatu dituzte Bizkaiko zortzi herritan, bertsolari gazteek Bizkaiko Bertsolari Txapelketako finalistegaz jarduteko. Lea-Artibain Markina-Xemeinen bihar egingo da lehenengo bi saioetako bat eta Busturialdean Bermeok hartuko du urriaren 22ko saioetako bat.
Bertsolari Txapelketa Nagusia martxan den garai honetan, bertsozaletasuna eta bertsorako gogoa Euskal Herri osoan usaintzen da. Bertsoaren egarri horrek ekimenak antolatzeko grina piztu ohi duen bezala, gazteengan bertsolaritza sustatzeko bideak bilatu izan ohi dira. Bertsolari Txapelketa Nagusia aitzaki hartuta, BBKk Danon plaza izenarekin bertso zirkuitua antolatu du Bizkaiko Bertsozale Elkartearen eta Bizkaiko Ikastolen Elkartearen laguntzaz.
Bertso zirkuitu horretan, bertsolari gazteek Bizkaiko Bertsolari Txapelketako finalistekin kantatuko dute eta gazteei plazaratzen laguntzea eta indartzea helburu duen ekimen berria da. Zortzi saio egingo dira Bizkaiko zortzi herritan urriaren 8tik 29ra bitartean eta saio bakoitzean finalista batek lau bertsolari gaztegaz kantatuko du: bi bertsolari 18 urtera artekoak izango dira eta beste bi 18 eta 25 urte bitartekoak.
Bertso saioak eguenero izango dira, Dimako saioa izan ezik. Lea-Artibai eta Busturialdera ere iritsiko da zirkuitua. Markina-Xemeinen hasiko da bihar [urriak 8] Larrabetzuko saioarekin batera eta Bermeora urriaren 22an helduko da.
Zortzi saio Bizkaian
Bihar, Markina-Xemeingo Uhagon Kulturgunean 19:00etan batuko dira Haizea Rotaetxe, Malen Ibarzabal, Ixone Asategi eta Irune Basagoiti eta Xabat Galletebeitiagaz kantatuko dute. Larrabetzun berriz, Plazako aterpean 19:30etan Emile Zabala, Peru Cristobal, Joseba Ortuzar eta Izario Bilbaok Aitor Bizkarragaz kantatuko dute. Hurrengo eguenean [urriak 15] Portugaleteko Merkatu Zaharrean 19:00etan Aimar Marcos, Adur Lopez, Asier Alcedo eta Maite Sarasolak Aissa Intxausti izango dute oholtzalagun. Dimako Eskolako ganbaran barikuan [urriak 16] ordu berean izango da eta Ekhi Zuluaga, Iradi Barrenetxea, Jon Abasolo eta Enara Gallastegik Txaber Altubegaz kantatuko dute.
Bermeoko Kabidxen urriaren 22an 19:00etan Eider Fernandez, Belat Enbeita, Janire Arrizabalaga eta Beñat Bilbaok Onintza Enbeita hartuko dute bostgarren bertsolari moduan. Une berean, Algortako Azebarri euskal kultur elkartean arituko dira Jone Uria eta Oihana Bartra finalistak Kirmen Jauregi, Haizea Merino, Araitz Katarain eta June Diaz gazteegaz. Azken eguenean, urriak 29, alde batetik Bilboko Mirigorri elkarteak 19:00etan Amaiur Betanzos, Helene Yerga, Maider Altuna eta Haizea Telleria hartuko ditu Aitor Etxebarriazarraga egungo txapelduna lagun dutela eta bestetik Zornotzako Zelaieta zentroko auditorioan Naroa Iturriotz, Maddi Aurtenetxe, Bittor Altube, Kelmene Abaitua jardungo dute Gorka Pagonabarraga durangarragaz.
Erritmo biziko saioak
Saioak dinamikoak eta biziak izango direla aurreratu dute Bizkaiko Bertsozale Elkartetik: “Ohiko plazetako lanak egingo dituzte parte hartzaileek, eta baita adinari eta bertso mailari egokitutako bestelako ariketa eta jolasak ere”. Saio bakoitzari berau prestatzeko ardura hartu duen gai jartzaileak emango dio forma eta bakoitzak “bere egitura eta ariketa propioak” izango ditu. Hala ere, egitura jakin batean oinarrituak izango dira guztiak. Hurrenkera honakoa izango da: agurra, ofizioa, 4 oinak, ofizioa, puntu erantzunetan ofizioa (gazteek puntuak jarri eta finalistak erantzun), potokumeak, aurrekoari, bi ofizio, denak koplatan eta, azkenik, amaierako agurra.
Saioen osaeran bertsolari gazteen adina kontutan izan da, baina baita genero ikuspegia eta lurraldetasuna ere. Izan ere, ekimenaren helburuetako bat “bertsolari gazteen beraien neurrira egindako plaza bat eskaintzea da”. Entzuleak ere helburu izan da zirkuitua prestatzerako orduan, bertsolari berriak ezagutzeko eta entzuteko aukera proposa izango baita zirkutitua, baina baita txapelketako finalistak bertsotan entzuteko ere. Gainera, zirkuituko saio guztiak doakoak izango dira eta publiko orokorrari zuzenduak, nahi duen orok bertso saioez gozatu dezan.
Zirkuituagaz, euskararen sendotzean ekarpena egin nahi dute, euskarazko proiektua izanda, euskarazko kultur eskaintza handitzen laguntzen baitu. Belaunaldiarteko bertsolaritza ere sustatzen dute, eta genero ikuspegia ere kontutan izan dute saioen lanketan. Antolatzaileek bertsolaritzaren oinarrian eragin nahi dute “arte diziplina bera indartuz, eta kulturari ekarpena eginez”.