Gernika, garaile; Salvadores, salbatzaile
Inversus Gernika Bizkaiak Emakumezkoen Endesa Ligako lehen jardunaldia 80 eta 84 irabazi du, Celta Femxa Zorkaren aurka. Bigarren jardunaldia eguaztenean [urriak 7] jokatuko dute, Malosten, Casademont Zaragozaren aurka, 20:00etan hasita. Domekan [urriak 11], Perfumerias Avenidaren kantxan jokatuko dute hirugarren jardunaldia, 11:00etatik aurrera.
Argazkia: Inversus Gernika Bizkaia. Partiduek azken segundora arte irauten dutela erakutsi du Inversus Gernika Bizkaiak beste behin. Angela Salvadoresen hirukoak luzapenera eraman zuen zapatuan Celta Femxa Zorkaren aurkako neurketa eta, orduan bai, hirukoak eta jaurtiketa libreak saskiratuz, markagailuan 80 eta 84koa ezartzea eta Endesa Emakumezkoen Liga garaipenez hastea lortu zuten granateek.
Naviako pabiloian (Vigo) heldu zioten Franky Garciaren jokalariek ligari, eta, etxerako bidea bi puntuak poltsikoratuta egin bazuten ere, gernika-lumotarrena atzetik aurrerako lana izan zen. Partidua bisitarien hirukoagaz hasiagatik ere, galiziarrak izan ziren lehen laudenean 6,75 metroko lerrotik abilen aritu zirenak: lau saskiratze lortu zituzten, horietatik bi Tova Savel hegaleko jokalari suediarrarenak. Gernika-lumotarrak etxeko taldearen erasoei zegokien erantzuna ematen saiatu ziren, baita lortu ere: Malostekoen azken fitxaketak, Lara McSpadden pibot australiarrak, partiduak hasieratik ihes ez egiteko beharrezkoak ziren 6 puntu lortu zituen, lehen hamar minutuak 8 puntu behera bukatzea eraginez: 25-17.

Argazkia: Gernika KESB.
Maiatzean LF Challenge Ligako Lauko Finala irabazita, liga gorenerako txartela lortu ostean, Celta ez zegoen puntuak oparitzeko prest. Bigarren laurdenean, defentsa azkar eta sendoa kantxaratu, eta urruneko saskiratzeetan eraginkortasuna mantendu zuten Cristina Canteroren jokalariek, trantsizioko jokaldiekin gernika-lumotarrei buruko mina eraginez. Granateeten aldetik, McSpadeenek saski azpian puntuak pilatzen jarraitu zuen, baina aurrean izan zuen Paula Salinas galiziarra: 10 puntu lortu zituen, bere taldea markagailuan urruntzea ahalbidetuz. 15 puntu behetik joan ziren aldagelara Garciarenak, 54 eta 39, lehian sartu ahal izateko defentsan hobetu beharra zutelarik.

Argazkia: Gernika KESB.
Bigarren zatia abiatzeaz batera hasi zen Gernika denboraldian erakutsi gura duten bertsioa kantxan bistaratzen. Bai erasoan, bai defentsan aurrerapauso sendoa eman zuten Malostekoek, eta hark markagailuko aldeak apaltzea ekarri zuen. Joy Adamsen 0 eta 4ko partziala eta Ane Olaetaren etengabeko presioa Angela Salvadoresen saskiratze ederraren aurrekari baino ez ziren izan; Salvadoresek 60 eta 54ra murriztu zuen arrakala. Jaurtiketa libreetan egundoko eraginkortasuna erakutsi zuen asturiarrak, eta jokalari giltzarria izan zen, Gernika laugarren laurdenera 63 eta 58koagaz eta, batez ere, edozertarako aukeraz iritsi zedin.
Angela Salvadoresen laugarren laurdeneko azken hirukoak 74ko berdinketa ezarri zuen, eta partidura berdinketa haustera eroan
Laugarren laurdenean, erreboteen kontrola gako izan zen; Maria Gakdeng eta Aaronette Vonleh arduratu ziren egiteko hartaz. Hori bai, protagonismoa Adamsek eta Salvadoresek eroan zuten. Bederatzi puntu azpitik zihoazela, etsi ordez, baloiak berreskuratu zituzten, faltak sorrarazi eta arerio presiopean ipini. Salvadoresen eskutik iritsi zen berdinketaren hirukoa: 74 eta 74.
Azken bultzada.
Berdinketa haustea esplosiboa besteko borrokatua izan zen: Adamsek, taldearen ardura lepotan hartuta, hiruko bat eta hiru jaurtiketa libre saskira bidali zituen. Etxekoek egoera iraultzeko azken saiakera egin zuten, baina, minutu erdiaren faltan, Seehia Ridarden hirukoa uneri onenenan iritsi zen. 80 eta 84koagaz gailendu zen Gernika, batetik, egunek aurrera egin ahala gogor lan egin dutela frogatuta, eta, bestetik, oraindik beren mailak hobekuntza beharko duela iragarrita.
Franky Garcia: “Partiduaren lehen zatian, gainetik pasatu gaituzte; bigarrenean, geure defentsa doitu dugu, eta horrek isla izan du erasoan”
Franky Garcia entrenatzaileak, lehen garaipena lortu ondoren, adierazi zuen partiduak “oso bestelako” zati bi eduki zituela: “Lehenengoan, gainetik pasatu gaituzte; bigarrenean, geure defentsa doitu dugu, eta horrek isla izan du erasoan. Atsedenaldiaren ondoren, defentsako errebotea ondo kudeatu dugu, eta horrek eragin handia eduki du erasora jotzerakoan. Oro har, partiduari eusteko gaitasuna azpimarratu gura nuke; beste aldetik, baina, une jakin batzuetan ez dugu behar besteko aditasunik eta abileziarik eduki”. +
Bigarren liga jardunaldia eguaztenean [urriak 7] jokatuko dute, Malosten, Casademont Zaragozaren aurka, 20:00etan hasita. Domekan [urriak 11], Perfumerias Avenidaren kantxan jokatuko dute hirugarren jardunaldia, 11:00etatik aurrera.