Brontzezko hiru domina, onenen artean
TAE Gernika Klubak brontzezko hiru domina eskuratu ditu, munduko taekwondistarik onenen pare arituta, Benidormen jokatutako ITF Taekwondoko Munduko Kopan.
Argazkia: TAE Gernika Kluba. Urte eta erdi prestakuntza lanetan buru-belarri ibili ostean, TAE Gernika Klubak zortzi taekwondista gernika-lumotarrez osatutako ordezkaritza aurkeztu zuen iragan astean, Benidormen lehiatutako ITF Taekwondoko Munduko Kopan. Onenekin lehiatuta ez ezik, emaitza azpimarragarriekin bueltatu dira etxera gernika-lumotarrak: brontzezko hiru domina poltsikoratu dituzte.
Parte hartze “historikoa” izan dela aditzera eman dute, 56 herrialdeko 2.500 taekwondista baino gehiago elkartu baitziren Benidormen. Brontze zaporezko podium biez gain, Gernika-Lumoko taekwondo klubetik nabarmendu dute “denbora luzez egindako beharra” plazaratzeko hitzordua izan dela Munduko Kopa, eta, domina ez lortuagatik ere, “goi mailan” aritu direla beste hainbat borrokalditan ere.

Argazkia: TAE Gernika Kluba.
Izaro Campillo eta Eduard Zaharia izan ziren dominen kota harrapatu zuten bi kideak. Campillok, alde batetik, Irlandaren, Espainiaren eta Herbehereen aurkako kanporaketak gainditu ahal izan zituen, “egundoko maila” erakutsiz. Finalaurrekoetarainoko bidea egin zuten, Ukrainaren aurka bertatik bertara lehiatuz. Zahariak, bestetik, Txileren aurkako borrokagaz abiatu zuen bere parte hartze “distiratsua”, eta azken unera arte lehian aurrera egiteko aukerekin aritu zen, Argentinaren aurkako finalerdian.
Klubak, bestalde aitortza berezia egin gura izan dio Ibai Riverori, “lan, borroka eta dedikazioaren eredu” izatearren. Emaitzak oraingoan alde eduki izan ez arren, “tatamian lan handia” egin zuen: “Sakrifizio handia egin behar izan du, egun dagoen tokiraino iristeko”. Taldeak Riveroren gaitasun teknikoak azpimarratu nahi izan ditu, baina, horien gainetik, bere “konpromisoa eta taldeko kidetasuna”. Hala, “taldea eta haren inguruko partaide oro” bere lanaz eta ekarpenaz “oso harroa” daudela argitu dute.

Argazkia: TAE Gernika Kluba.
Lanaren ordainsari.
Podiumerainoko bidea egindakoez gain, TAE Gernika Klubak beste parte hartzaile batzuek egindako txapelketa aintzatetsi du. Luken Soriak Argentina garaitu zuen, eta puntu bakarragatik suertatu zen galtzaile Errumaniaren aurkakoan. Formetan, gainera, Espainiak besterik ezin izan zion aurre egin, bai Paraguai, bai Irlanda menpean hartu baitzituen.
Naia Aldanak borroka modalitatean “ezustekoa” eman zuen, Argentinaren aurkakoan puntu bakarra falta izan baizitzaion irabazteko; hori bai, aurten egindako lana eta taekwondista modura daukan “progresio itzela” bistaratu zituen. Ametz Olaranek formen lehendabiziko erronda gainditu zuen, Irlandaren kontra, eta “nazioarteko mailan eskarmentua irabazteko” balio izan dio Munduko Kopak. Unax Pollock “zailtasun maila erraldoia” zuen lehen fasean “lehiakor” aritu zen, Poloniaren aurka; halaber, lehia horretan ez ezik, “urte osoan” lanerako edukitako konstantzia azpimarratu dute taldetik.

Argazkia: TAE Gernika Kluba.
Azkenik, Ainitze Ibarguengoitiaren txapelketa ere nabarmendu dute: “Kirol heldutasun handia erakutsi zuen, azken unera arte borroka egiteko grina, eta Argentinaren kontra merezimendu handiko garaipena lortu zuen”.