Iraia Uriarte Oñederra: "Badakit irakaslea izango naizela, baina nire lehentasuna loregintza da"
Amonarengandik datorkio loreekiko maitasuna eta zaletasuna. Ingurukoek ekintzailetasuna alde batera uzteko eta ikasketak burutzeko gomendatzen badie ere, berak loregintza izan nahi du ogibide.
Iraia Uriarte Oñederrak 20 urterekin jada badaki zer den ekintzailea izatea eta bere negozioa martxan jarri eta horri bidea egitea. Loreekiko duen zaletasunari helduz, Betilorak proiektua jarri du martxan duela 8 hilabete inguru eta lore sortak egiten ditu ospakizunetarako, urtebetetzeetarako eta momentu berezietarako. Bedarutarra bera, loreak bere bizitzaren parte izan dira beti, eta horrek sortu zion loreen mundua bere ogibide bihurtzeko gogoa. Gernikako azokan amagaz loreak saltzen zebilela, elkarrizketa egiteko tartetxoa atera zuen.
Noiz eta nondik sortu zaizu Betilorak sortzeko gogoa?
Betidanik egon naiz lore artean, etxean edo baserrian amonak betidanik izan ditu loreak eta afizioa amonarengatik hasi zitzaidan. Eta, adibidez, astero joaten nintzen Ispasterko Eskolara andereño Tereri amonak egindako lore sorta bategaz eta apur bat hortik dator. Betidanik nahi izan dut eta eduki dut ideia lore denda bat jartzeko Lekeition edo Gernikan edo nonbait. Beti esan didate hori uzteko eta ikasketeko eta pasaden urtean urrian amona hil zen eta ama ikusten nuen ia egunero-egunero kanposantura joaten. Orduan, otu zitzaidan hilerrira joan ezin den jendeari, ez duelako denborarik, urrun bizi direlako edo horrelako lekuetara joatea kostatzen zaienei, harpidetza moduko batzuk egin eta neu joatea loreak ipintzera. Hortik hasi zen, baina azkenean bideratu dogu gehiago lore sorta freskoak egitera eta azoketara joaten gara… Hileroko edo maiztasunezko bezero bat izan beharrean, bezero puntualak gehiago dira. Urtebetetzeetarako eta halakoetarako egiten ditugu. Hortik dator eta orain hemen(azokan) gabiltza.
Jendeak esaten dizu zerbait ikasteko eta loregintzan aritu beharrean, beste zerbaitetan aritzeko. Egin duzu loregintzako ikasketarik?
Loreen inguruan tailer bat egin nuen egin Bilboko denda batean, baina ez dut ikasketarik egin. Orain Lehen Hezkuntza ikasten ari naiz Gasteizen, hirugarren urtean nago. Gurasoek baldintza bakarra jarri zidaten honekin(Betilorak) garraitzeko. Proiektu oso polita dela esan zidaten eta lagunduko didatela ahal duten guztian, baina baldintza bakarra ikasketak amaitzea dela. Beraz, horretan ari naiz, biak batera uztartzen.
Baina zuk argi izan zenuen lore sortak egiten hasi nahi zenuela.
Bai, eta badakit ikasketak amaitzen ditudanean irakasle moduan arituko naizela, baina lehentasuna uste dut loreak izango direla.
Hasieretan izan al zenuen zailtasunik? Ikusten al zenuen zure burua honetan lanean?
Ez dut esango erraz hasi nintzenik, baina ideia nolabait Gabonetan sortzen hasi zenez eta ni ere lasaiago nenbilenez, orduan errezagoa izan zen dena. Hasiera ez zen oso zaila izan. Egia da oraindik hasieretan nagoela, izan ere, orain dela zortzi hilabete inguru hasi nintzen.
Zortzi hilabeteren ondoren, zuk ze motatako lore sortak egiten dituzula esango zenuke, bezeroengana egokitzen zara ala baduzu zure marka pertsonala?
Ni saiatzen naiz lore dendek egiten dutenetik zerbait desberdina egiten, sorta basatiagoak, naturalagoak edo desberdinak, eta bai egiten dut beti bezeroek esaten dutenaren arabera. Eurei galdetzen diet ze estilotakoa nahi duten eta zenbat euroko sorta nahi duten ordaindu eta horren arabera ipintzen ditut lore batzuk edo beste batzuk. Eta noski, denda fisikorik ez dudanez, jendea etxera etortzen zait. Neure etxean tailertxo bat egina daukat, lehen aitaren erreminten lekua zen eta erremintak kendu eta loreak ipini nituen. Orduan, bertara etortzen dira edo adosten dugu ordua eta lekua eta ni joaten naiz. Bilketa puntu batzuk ere jarri nituen: Lekeition Azoka denda, Gernikan Mai-ona denda, Ean Berton denda eta baita Ispasterren ere, Naberan denda. Sorta niri eskatu eta bertan utzi dezaket eta bertan jaso dezake bezeroak.
Bezero mota desberdinak dituzula esango zenuke? Zer bezero mota izan duzu orain arte?
Egia esan denetarik izan dut. Pertsona nagusiak asko izan ditut, baina harritu egin nau gazte askok erosi didatela euren amarentzat, amonarentzat, lagunentzat, bikotearentzat ere bai…nahiko bezero desberdinak izan ditut.
Pertsonalki zuri zer gustatzen zaizu gehien egitea? Zer motatako lanak egiten dituzu gusturen?
Gusturen lore sortak egiten ditut, naturalak, basatiak…hiletetarako egitea ere eskatzen didate eta sorta horiek ez zaizkit hainbeste gustatzen, baina halakoak ere egiten ditut. Gehiago gustatzen zait oparitzeko den zerbait, eta jakin pertsona zelakoa den eta saiatu loreen bidez zerbait transmititzen.
Eta lore motei dagokionez, baduzu loreren bat gustukoen duzuna?
Niri egia esan ia guztiak gustatzen zaizkit, baina gehien gustatzen zaidana, loreek izen arraroak dituzte orokorrean, baina deitzen da clemantis. Lore more bat da, bide ertzetan egoten diren kuku prakak bezalakoak. Horiek dira nire lore gustukoenak. Tulipanak ere asko gustatzen zaizkit…eta beste hainbat.
Esan duzu laguntza ere baduzula lanean, norengandik jasotzen duzu laguntza hori?
Amarengandik. Ama barik ez naiz ezer. Nire ama denean dago, burubelarri sartuta. Berez familia osoa. Aita ere bai eta neba-arrebak ere bai, edozertarako hor daude.
Gaur Gernikako azokan zaude amarekin, azoketara joateko ohitura ere baduzue.
Bai, azkenean azoketan ematen duzu zeure burua ezagutzera. Nahiz eta azoketan salmenta gutxiago egin, jende asko badago ezagutu egiten zaituzte, ikusi, txartelak hartu…edo egun berezi baterako enkarguak egin ere bai. Azokak garrantzitsuak dira.
Azoketaz gain, sare sozialetan ere aurkitu zaitzakete.
Bai, noski. Oraingoz Instagramen eta Whatsapp bidez ere hartzen ditut enkarguak.
Eta etorkizunera begira, zuk zure burua lore artean lanean ikusten al duzu?
Bai ikusten dut. Nire helburuetako bat hemendik urte batzutara, 5-6 urtetara edo, zabaldu nahiko nuke denda bat. Gainera, zapatu honetan lehenengoz ezkontza bat atondu nuen eta ezkontzak ere oso proiektu politak iruditzen zaizkit etorkizunera begira.