Euskal Jaia, euskararekiko eta euskal kulturarekiko maitasunaren testigu
Euskaraz bizitzeko eguna da gaurkoa. Elkarrekin egotekoa. Kantatzekoa. Eta dantzatzekoa. Hala, gernika-Lumotarrak XVII. Euskal Jaia goi-goitik ospatzen ari dira, euskal kultura eta ohiturak lehen lerroan jarriz.
Gernika-Lumo jai giroaren epizentro bihurtu da gaur: XVII. Euskal Jaia ospatzen ari dira herritarrak, euskal kultura eta tradizioak protagonista izango dituen egun osoko egitarauaren baitan. Goizeko 09:00etan hasi da jardunaldia Merkatu Plazan, azoka bereziarekin, eta jai giroaren sugarrak piztuta iraungo du iluntzera bitartean. Besteak beste, musikak, dantzak, kalejirek, herri-kirolek eta herri-bazkariak hartu dituzte foru herriko kaleak orain arte, eta horrela jarraituko du giroak.
Pregoiaren arduradunak, ohi bezala, Urdaibai Kantaguneko kideak izan dira, eta taldekideak Gernika-Lumoko XVII. Euskal Jaira bertaratutako herritar, euskaltzale, lagun eta bisitariei ongietorria ematen hasi dute hitzaldia. Ze, Urdaibai Kantagunekoak ez daude bakarrik: Ipar Euskal Herriko zein Hego Euskal Herriko kantuzale desberdinek bat egin dute gaur, Gernika-Lumo kantuz eta tradizioz blaitzeko.

Kantagunekoen berbetan, Euskal Jaia “gure herriaren izaeraren adierazpena” da: “Herria ez dute soilik harriek eta eraikinek osatzen. Herri bat pertsonok egiten dugu”. Horrez gain, belaunaldiz belaunaldi jasotako ondarea ospatzeko eta etorriko direnei lekukoa emateko eguna ere badela nabarmendu dute.
Urdaibai Kantaguneak gogora ekarri du, gainera, Euskal Jaiaren hamazazpi urteko ibilbidea, eta azpimarratu du belaunaldiak eta pertsonak aldatu diren arren, urte hauetan guztietan “euskararekiko eta euskal kulturarekiko maitasunak” iraun duela.
Bide hori jarraituz, dagoeneko ez daudenez oroitzeko tartea ere hartu dute kantagunekoek. Hain zuzen ere, Ana Mari Ordoñez, urteetan Urdaibai Kantagune taldeko presidentea izandakoa, Busturiako Jon Etxebarria eta Donostiako Sabino Ormazabal, urte luzez bidelagun izan dituztenak omendu dituzte, haien senidei ororigarri bana emanez. “Ez ditugu tristuraz bakarrik gogoratu nahi. Haiengandik jaso genuena ospatuz baizik. Fisikoki hemen ez dauden arren, badakigu gurekin jarraitzen dutela, eta gaur ere gurekin egongo direla”, adierazi dute.
Azkenik, gaurko eguna bizitzeko gonbidapena egin dute pregoian, jaiari hasiera emateaz gain: “Euskaraz bizitzeko eguna da. Elkarrekin egotekoa. Kantatzekoa. Dantzatzekoa”. Horrela, “Gernika-Lumoko herriak duen indarra berriro erakusteko deia” egin dute.

Urdaibai Kantaguneko kideen hitzekin batera egin du jaiak eztanda, eta esan bezala, denetariko ekintzak izango dituzte herritarrek aukeran, egun osoan zehar. Gainera, estreinakoz, Euskal Jaiagaz batera II. Photoka Gernika Argazki Rallyan bildu dira gaur inguruko argazkilariak, eguneko argazkirik hoberena bilatzen saiatzen. Argazkilari bakoitzak gaurko egunean zehar lortzen dituen puntuak, bestalde, argazki rallyek osatzen duten Herriz herri txapelketarako puntuagarriak izango dira.
Jai giroa nagusi
Ezin zen beste modu batera izan: Euskal Jaian jai giroa nagusi izaten ari da. Herritarrek euren euskal jantzirik dotoreenak kaleratu dituzte goizeko lehenengo ordutik, egutegian gorriz markaturiko eguna goi-goitik ospatzeko asmoz. Euskaragaz eta euskaltzaletasunagaz bat egin dute, musika, ohituraz betetako ekitaldiak, gastronomia eta folklorea ospakizun bakarrean uztartuz. Urdaibai Kantagunekoez gain, halaber, kalez kale dabiltza Elai Alai Dantzari Taldeko dantzariak, Segundo Olaeta Musika Eskolako trikitilari eta txistulariak eta Gazteak taldekoak ere.
Hala, tradizioarekin bat egiteko eguna da gaurkoa. Gure sustraiak goraipatzeko eguna. Nondik gatozen gogoratzeko eguna, eta zelan ez, norantza joan nahi dugun argitzeko eguna. Hori horrela, dantza, kantu eta irri dabiltza herritar eta ingurukoak, hamazazpigarrena ezin hobeto ospatu nahian.