Euskal nortasunaren aldeko aldarriari 100 urtez eutsiz
1927az geroztik dantzaz bete ditu udalerriko plaza eta txokoak Elai Alai Dantza Taldeak. Orain, 100 urte betetzear daudenean, atzera begiratu eta bideaz harro agertu dira.
Argazkia: Elai Alai dantza taldea. Ia mende bat igaro da Elai Alai Dantza Taldeak Gernika-Lumoko Lizeo Antzokian lehen aldiz jendaurrean dantzatu zuenetik. 1927ko uztailaren 30ean, Udal Musika Akademiaren ikasturte amaierako ekitaldian, dantza taldeak bere lehen emanaldia eskaini zuen. Euskal Herriko lehen talde koreografikoa izan zen, eta 1931n erabili zuen lehen aldiz Elai Alai izena. Ordutik, bere jarduna korura, bandara eta euskal kulturaren bestelako adierazpenetara zabaldu bada ere, dantza tradizionala da taldearen ardatza.
Elai Alairen historia, baina, ez da erraza izan. 1936ko gerrak eta, batez ere, 1937ko Gernikako bonbardaketak taldearen ibilbidea eten zuten, taldekideek azaldu bezala. Gernikako herriak bezala, Elai Alaik ere erbestea bizi izan zuen, eta urte horietan Euskal Herriko kulturaren enbaxadore bihurtu zen: atzerrian antolatutako jaialdietan parte hartu, emanaldiak eskaini eta euskal errefuxiatuei laguntzeko dirua bildu zuen, besteak beste. «Gerraostean frankismoaren errepresioak taldearen izena bera ere estigmatizatu eta jarduera lausotu zuen, baina 1960ko hamarkadan euskal kulturaren berpizkundeagaz batera, Elai Alai berriro indartu zen», esan dute. 1963an berreskuratzeko prozesua hasi, eta 1965ean Gernikako Pasealekuan aurkeztu zen berriz, dantzari gazte eta nerabeekin.
Hurrengo hamarkadetan, taldeak «hazten eta bere jarduera zabaltzen» jarraitu du. Euskal Herriko hainbat lekutako dantzak ikertu, ikasi eta bere errepertorioan txertatu zituen, eta tokiko ohiturak berreskuratzeari ere ekin zion geroztik. Haurren eta gaztetxoen ikastaroen bidez belaunaldi berriak trebatu zituen eta dantza kaleetara eramanez, Gernika-Lumoko jai eta erritualetan herritarren parte hartzea sustatzen jardun du, boluntarioki: «Uneren batean Elai Alai osatu dugunok boluntario gisa egiten dugu lan. Hori bai, ilusioz eta gogoz gainezka. Hori izan da urte hauen guztien muina».
1977an Urrezko Ezteiak ospatu zituen taldeak, bere historiako belaunaldi ezberdinak elkartuz, eta ondorengo urteetan Dantzari Egunetan, jaialdietan eta nazioarteko hainbat ekitalditan ere parte hartu zutela nabarmendu dute, «Euskal Herriko folklorea beste herrialde batzuetara ere eramateko» helburuari tiraka.
XXI. mendean ere, Elai Alaik Gernika-Lumoko kultur bizitzaren ezinbesteko eragile izaten jarraitu du. Venezuelara, Kolonbiara, Portugalera eta Hungariara egindako bidaiek taldearen jarduna nazioartera eraman duten arren, Gernikan bertan mantendu du bere sustrairik sendoena betidanik. Bideagatik «harro» agertu dira taldekideak, ze, diotenez, gero eta zailagoa da euskal dantzen talde batek bizirautea: «Gero eta abaniko zabalagoa dago aukeran, eta, beraz, euskal dantzak, askotan, bigarren plano batean gelditzen dira. Eta folkloreagaz gauza bera gertatzen da. Antzinakoa den moduan gelditu da, eta batzuetan kutsu negatiboa ere esleitzen zaio folklorismoari. Horrela zaila da, baina guk hemen jarraitzen dugu. Bidean jarraitzen dugu».
Belaunaldi arteko aldaketa ere aipatu dute zailtasun horien artean. Taldearen hitzetan, «ezjakintasun handia» dago euskal dantzekiko, eta hori egunez egun nabaritzen duten zerbait dela aipatu du taldeak. Egun, taldean «gaztetasun falta» ikusten dute. «Betidanik izan dugu jende nagusi pila bat taldean, 45 eta 50 urtetik gorakoak, alegia. Umeak ere baditugu, baina gazteak falta zaizkigu, eta, finean, gazteak dira taldeak belaunaldiz belaunaldi bizirautea bermatzeko aukera dutenak», gehitu dute.
Euskara, oinarri
Elai Alai zerbait bada, euskal nortasun eta izaera aldarrikatzeko era bat da. Dantzaren eta folklorearen bitartez euskal kulturari merezitako aitortza egiten dio taldeak, euskara ahoan eta bihotzean eramanez. «Gure jardunaren %100 euskaraz da. Euskaraz bizi gara, eta horrekiko kontzientzia argia daukagu taldekideok. Elai Alairen izaeraren parte da».
Euskal nortasuna aintzat izanik, herriko eta auzoetako jaietan «etengabe» parte hartzen du taldeak. Horrez gain, baina, badituzte urtez urte egutegian markatutako egunak ere; hala nola, Erregeak datoz, Kandelerio, Eguen Zuri edo Txitxiburduntzi bezalakoetan egoten da taldea. Tankera horretako ekitaldiei «berebiziko garrantzia» ematen dio taldeak, adierazi dutenez. Hala ere, giro herrikoietatik harago ere heldu da talde gernika-lumotarra. Izan ere, ikasturte amaierako emanaldiak egiten hasi berri dira, «jende desberdinarengana heltzeko» asmoz, eta, bide batez, herriaren bihotzera heltzeko asmoz.
Txikitasunaren berezitasuna bilatuz egin du lan egunez egun eta urtez urte Elai Alai Dantza Taldeak. Izan ere, «talde amateur» gisa definitzen dute euren burua: «Astean behin entseatzen dugu, ordu eta erdiz. Ez gara talde profesionala. Talde herrikoia gara, plazetako dantzei garrantzia ematen dion taldea». Hori horrela, «are esangura handiagoa» du mendeurrenak, esan dutenez. «Gure moduko taldeak urteen joanagaz aurrera egitea oso garrantzitsua da euskal nortasuna mantentze aldera, eta ezin pozago gaude horretan gure aletxoa jartzeagatik».
Mendeurrenera begira, Elai Alairen erronka argia da: ehun urteko ondarea mantentzea, baina garai berrietara egokituz eta tradizioa belaunaldi berriei bizirik helaraziz. Hala nola, laster argitaratuko duten «egitarau biribila» prestatzen ari dira urteurrena ospatzeko, eta, bide batez, aurrera bideari eusteko. Bitartean, Elai Alaik egingo du dantza, kanta eta irri. Eta, zelan ez, izango du euskara oinarri; euskal nortasuna oinarri.