Zabalkundetik elkarlanean
VIII. Galeusca Historia kongresuan parte hartu dute Gernika-Lumoko Pipergorri Kultur Alkarteko Amagoia Lopez de Larruzeak eta Iñaki Uribarrenak.
Pipergorri Kultur Alkarteko Amagoia Lopez de Larruzea eta Iñaki Uribarrena, VIII. Galeusca Historian.Pipergorri Kultur Alkartea Inurri lanean dihardute herriz herri memoria-elkarte eta eragile askok eta askok. Tokian tokiko informazioa bilatu, dokumentatu eta zabaltzea dute helburu, eta zeregin horretan dihardute Gernika-Lumoko Pipergorri Kultur Alkarteko kideek. 1938-1940 urteen artean Gernikako gerra presoen ospitale militarrean egondakoen arrastoei segika jarraitzen dute. Ahots haiek «memoriaren argipean berreskuratzen» ari dira.
Ildo horretatik, VIII. Galeusca Historia kongresuan parte hartu zuten aurrekoa astean, Bilbon: «Kongresu honetan gure beharra lehenengoz aurkeztu dugu. Gure lanaren zabalkundea egiteko aukera hau edukitzea garrantzitsua izan da. Ospitale militarrean egondako 269 presoren identifikazio datuak dauzkagu, %95ean ziurtatuta eta dokumentatuta, eta konfiantza osoz aurkezten ditugu zabalkunderako. Pozarren gaude; gure lana horrelako foro akademiko batean erakutsi ahal izatea pozgarria izan da guretzat».
Galeusca Historiaren aurtengo aldian zenbait gertaera historikoren urteurrenak eduki dituzte hizpide. Erakundeen historiatik, euskal kulturatik eta errepresio bide ezberdinetatik egindako ibilbidea prestatu, eta sarearen bultzatzailea izan den Joseba Agirreazkuenaga ikerlari eta irakaslea omendu dute. Programa, besteak beste, Agirreazkuenagaren ildo akademikoak jarraituz antolatu dute: erakundeen historiatik abiatuz, Galeusca osatzen duten herrialdeen—Galizia, Euskadi eta Katalunia— historia politikoa, ekonomikoa, soziala eta kulturala landu dituzte.

Argazkia: Pipergorri Kultur Alkartea
«Familiek jakin gura dute»
Irailaren 24 eta 25ean egin zuten kongresua, lau mahai edo atal nagusitan banatuta. Duela astebete Errepresioak eta erbesteak mahaian hitza hartu zuten Pipergorriko Amagoia Lopez de Larruzeak eta Iñaki Uribarrenak: «Agerraldian esan genuen bezala, Gernika aipatzen denean, bonbardaketarekin lotzen da, beste erreferentziarik ez dago, eta Gernikan beste gauza batzuk pasatu ziren. Memoria inklusibo bat egiteko, ezinbestekoa da kontuan hartzea ospitale militarrarena, egondako fusilamenduak, depurazioak, sumarioak eta ostantzekoak. Gerraren eta errepresioaren inguruan pasatu ziren gauzak beti dira argigarriak testuinguru bat ezagutzeko». Gogoratu dute gerra presoen ospitale militarrean egondakoen senitarteko askok ez dakitela haiekin zer gertatu zen: «Gerra preso izandako familiartekoak topatzen ari direnak badaude oraindino. Beraz, garrantzia handikoa da zabalkundea egitea. Azken batean, horien atzean pertsonak eta familiak daude. Familiek jakin gura dute, eta guk dauzkagun datuak euren esku ipintzen ditugu. Horregatik, garrantzitsua da izenak ondo jartzea, fidagarri jartzea, jendeak beraien senitartekoen izen-abizenak topatzeko moduan». Aste honetan bi familiaren berri eduki dute; Malagatik eta Trapagarandik eurekin harremanetan ipini dira: «Eta Teruelgo gerra preso baten familiakoen berri ere eduki dugu. Valentzian bizi dira eurak». Pipergorrikoek azaldu dutenez, Santiago de Compostelako Unibertsitateak bideratuta, Memoria Demokratikorako Espainiako Idazkaritzak lurraldeetako datu baseak batu, eta nazio-errolda osatuko du.
Horrelako kongresuek saretzeko eta besteen lana gertutik ezagutzeko aukera eskaintzen dute, eta Gernika-Lumoko memoria elkarteko kideak «entzuten eta ikasten» ere egon ziren bi egunetan: «Foro akademiko hauek elkarren berri izateko dira, leku desberdinetan zelako beharra egiten den ezagutzeko. Unibertsitateetako zein erakundeetako ordezkariak egon ziren; ikerketan dabilen jendearen berri eman zen, eta gauza politak entzun genituen».

Argazkia: Pipergorri Kultur Alkartea
Agirreazkuenaren omenaldian ere egon ziren, eta haren ibilbideaz gain, hark eskualdeagaz daukan lotura nabarmendu dute: «Bizitza luzea eman du historia lanetan. Meritu handia dauka. Gainera, beti eduki du lotura handia Busturia herriagaz; omenaldietan, egin diren ikerketa historikoetan eta memoriagaz lotutako beharretan oso sartuta egon da, parte hartzen eta laguntzen».