"Palestinarrena da bizirik mantendu behar dugun ahotsa"
Nkosinathi Ngubane hegoafrikarrak 'Ibaitik itsasora' umeentzako margotzeko liburua ondu du. Bertan palestinar herria jasaten ari den bidegabekeriaren dimentsioa ulertuko dute gazteenek, eta haren inguruan modu dibertigarrian sakonduko.
Ibaitik itsasora arteko tartean mundu oso bat kabitzen da. Tarte horretan, bada olibondoa, bada haritza, bada basakeria. Badira helduak, zaharrak, gazteak. Badira haurrak ere. Eta haurrek, hain zuzen, Palestina jasaten ari den genozidioaren berri izan behar dute. Horrexetarako ondu du Nkosinathi Nathi Ngubane ilustratzaile hegoafrikarrak Ibaitik Itsasora umeentzako koloreztatzeko liburua. Gernika-Palestinak eta Mundubatek babestu dute egitasmoa. Euskarazko itzulpena Maitane Uriartek eta Nerea Galarzak ondu dute.
Zelan hartu zaitu euskaldunen herriak?
Oso ondo. Ni ez naiz sekula Hegoafrikatik atera, eta aitortu behar dut zur eta lur utzi nauela euskaldunek Palestinarekiko duten sentikortasunak. Kultura oso abegikorra da, konprometitua, bere kulturarekin lotura estua duena, eta uste dut benetan merezi duela herrialde gisa burujabea izatea. Gernikan, Euskal Herrian emandako egunik gogoangarriena igaro dut, jakina, bere historiaren eta bonbardaketaren ingurukoak ezagutu baititut. Gaza Gernika berria dela esan ohi da, eta, alde horretatik, bitxia besteko tamalgarria da historia zelan errepikatzen den ikustea. Edozelan ere, pribilegiatua naiz etortzeko aukera edukitzearren, eta bertoko historia zein jendea ezagutzeagatik.
Zer esangura du Ibaitik itsasora hemen aurkezteak?
Garrantzitsua da denek jakitea Gernikan zer gertatu zen, eta Palestinan azken 75 urte baino gehiagotan zer gertatzen ari den; urte askotan, palestinarrek ez dute ahotsik izan. Beraz, liburu honen benetako funtsa haur txikiei enpatia eta elkartasuna garatzen irakastea da. Alde horretatik, egin daitekeen lehen gauza da haurrak gaitzak diren gaietara hurbiltzea da. Koloreztatzeko liburuarekin, Palestina hurbildu nahi nien haurrei, eta hori egiteko modu bakarra faxistek eta Israelgo estatuak luzaroan deshumanizatu dituzten pertsonak berriro humanizatzea zen. Oraindik ere, askok ez dakite palestinarrek kultura, historia edo gastronomia propioa dutela —euskaldunek legez—; dena Hamas taldera laburbiltzen dute. Beraz, lehen egitekoa Palestinarren historia, okupazioa eta, batez ere, 1948ko Nakba ezagutaraztea da.
“Zapalkuntza edo apartheida jasan duten herrialdeok elkar identifika gaitezke”
Zelan edo halan, badago sinergia bat Euskal Herriaren, Palestinaren eta Hegoafrikaren artean.
Hiruok ditugun borrokak elkarri lotuak direlako: zapalkuntza edo apartheida jasan duten herrialdeok elkar identifika gaitezke. Nik ez nuen zuzenean apartheidaren eragina ikusi, baina nire senideei entzun nien. Kontatu zidaten zein zapaltzailea zen estatua, zein mugatua zen beltzen mugitzeko askatasuna eta zenbat pertsona hil zituzten apartheid garaian. 1976ko ekainaren 16ko Sowetoko Ikasleen Altxamendua ere pairatu genuen: ikasleak kalera atera ziren afrikaansaren inposaketa zapaltzailearen aurka protesta egiteko. Beraz, Hegoafrikak badu nolabait palestinarren borrokarekin erlaziona daitekeen historiarik. Euskal Herriak ere, Frantzia eta Espainiarekiko independentzia eskatzen du. Hala, hegoafrikarroi erraza egiten zaigu haiekin identifikatzea eta gure elkartasuna adieraztea.
“Nolatan espero dezakegu ingurune pobretuetatik datozen haurrek maskara eta gel desinfektatzailea erostea, ogi barra bat barik?”
Zerk bultzatu zintuen liburua espreski haurrentzako ontzera?
2020an hasi zen dena, pandemiarekin. Ume asko bakarrik sentitzen ziren etxean. Beraz, haurrei koronabirusetik nola babestu irakasteko liburua jorratu nuen. Baina liburu hura ez zen horretara mugatzen: protagonistak inguru behartsuetan bizi ziren haurrak zirela ikusaraztea zen. COVID-19ari buruzko liburu hark planteatzen zuen benetako galdera honakoa zen: nolatan espero dezakegu ingurune pobretuetatik datozen haurrek maskara eta gel desinfektatzailea erostea, ogi barra bat barik? Lan hura COVID-19aren inguruko injustizia sozialaren erreferentzia zen. Ez hori bakarrik: duela 10 urte, kausa palestinarrari buruzko komikia egin nuen. Baina gehiago egin nahi nuen, eta grin hura izan zen liburu hau piztu zuen txinparta.

Zer topatuko du hartzaileak obra honetan?
Hasteko, Palestinaren historia, bere gastronomia, baita musulman, kristau eta juduen arteko bizikidetza egon zela Palestinan, 1948ra arte. Haurrek Nakba ezagutzea nahi dut, Palestinako Estatua usurpatu zenean gertatu zen hondamendia, eta nola 750.000 palestinar kanporatu zituzten. Haurrek okupazioa ezagutzea ere gura dut. Eta Hegoafrikari nahiz Nelson Mandelari eskainitako orria ere nabarmendu nahi dut, eta oraindik bizirik zegoenean esan zuena: “Gure askatasuna osatu gabe dago palestinarren askatasunik gabe”. Liburu honekin, haurrek orriak koloreztatzeaz gain, elkartasun irudiak marraztu ditzakete.
“2024an, 2.000 ale saldu genituen, otsailetik maiatzera artean eta, jarraian, 10.000 ale, maiatzetik uztailera”
Egun arte, zein harrera jaso duzu?
2024ko otsailaren 25ean liburua argitaratu genuenean, 2.000 ale saldu genituen, otsailetik maiatzera artean eta, jarraian, 10.000 ale, maiatzetik uztailera. Umeek zein gurasoek bikain erantzun zuten. Hegoafrikan, Diputatu Juduen Kontseiluak komunikatu bat igorri zuten, liburu horrek bertan ez lukeela existitu behar esanez, ustez juduen herria deuseztatzeko eskatzen duelako. Erakunde hark Exclusive Books argitaletxea presionatu zuen, liburua erretiratzeraino. Orduan, Palestinaren aldeko erakundeen protestak izan ziren, eta hark berriro salmentan ipintzera derrigortu zien. Erabaki behartu hark, jakina, lobby sionistari ez zion batere graziarik egin. Horren isla da, esaterako, Alemanian zein Frantzian liburua debekatuta egotea edota Jerusalem ekialdean Israelko apartheid poliziak liburudenda bati eraso egin izana.
“Haurrei lagundu behar diegu, haien askatasuna lortu arte”
Etekinekin Palestina laguntzeak asebeteko zaitu, ezta?
Izugarri. Penny Appeal South Africa erakundearekin kolaboratzen dut. 2020an hasi ginen lanean, COVIDari buruzko liburuarekin, eta liburu harekin dirua biltzen genuen, ale gehiago inprimatu eta ikastetxeetara bidali ahal izateko. Orain berriz elkarlanean aritzeak benetan sentiarazi dit ez naizela hitz egitera mugatzen, baizik eta benetan nire ekintzekin aldea markatzen ari naizela, onura guztiak kausa palestinarrera bideratzen direla ziurtatuz, haurrek botikak nahiz elikagaiak jaso ahal izan ditzaten, eta Gazako herritarrak ahalik eta hoberen jagonda egon daitezen, liburu honen salmentari esker. Lan honen helburua berriro humanizatzea da. Oso ondo sentitzen naiz erdiesten ari garen lorpenez mintzatzean, baina, era berean, saiatzen naiz nitaz ahalik eta gutxien berba egiten: palestinarrena da bizirik mantendu behar dugun ahotsa. Haurrei lagundu behar diegu, haien askatasuna lortu arte.

Nolakoa izan da euskarara itzultzeko taldearekin lan egiteko prozesua?
Egundokoa izan da. Ingelesezko bertsioarekin ahalik eta haur gehienengana iritsi nahi nuen, baina orain euskaraz ere idatzia egoteak bihotza betetzen dit. Hizkuntza desberdindun haurrak hobeto identifika daitezke liburuan kontatzen direnekin, horiek beren hizkuntzan irakurtzen badituzte. Nik zulueraz hitz egiten dut, eta lotsa ematen dit liburua oraindik nire etxeko mintzairan eskuragarri ez dagoela esateak. Dena dela, hizkuntza gehiagotara itzultzea espero dut.
“EHUn oso ondratua sentitu nintzen, liburuak norbaiti zerbait berria eta kontzientziak pizteko modukoa erakutsi diola ikustean”
EHUra joan zara. Nolakoa izan da harrera?
Oso beroa. Ikasle asko liburuarekin identifikatu ziren. Ikasle eta irakasle askok gauza asko ikasi zituztela igarri nuen, batez ere, Edward Said eta Intifadari buruz. Beraz, oso ondratua sentitu nintzen, liburuak norbaiti zerbait berria eta kontzientziak pizteko modukoa erakutsi diola ikustean. Liburua mundu guztiarentzat delakoan nago, jende askok ez baitaki ia ezer Palestinaz. Sarri, nor bere komunitatearen gatazketan nolabait isolatuta bizi da, arazook maiz amankomunagoak direla kargutu barik. Nik ere asko ikasi nuen bertako komunitatearen ekarpenetatik.