Bertokoaren erakusleiho
Ikusteko, erosteko, elkartzeko eta gozatzeko aukera eskaini zuen Muxika-Ibarruri-Gorozika Nekazal eta Artisau Azokak atzo [irailak 26].
Udalerriko eta eskualdeko baserritar, ekoizle eta artisauei urrunagotik joandakoak ere batu zitzaizkien, eta denen artean eskaintza zabala osatu zuten. Gainera, Lea-Artibai, Mutriku eta Busturialdeko Hitzak, BaSOS Elkarteak, Gernika-Palestina Deialdi Herritarrak eta Euleuk Elkarteak ere euren postuak ipini zituzten. Eguerdian jendetza bildu zen Galtzada eta Etxekoko aparkalekuetan, eta azoka girotzeko, hamaika osagai prestatu zituzten. Taloak egiten ibili ziren udalerriko Baso-Txoritxu Dantza Taldekoak, eta Josepa kale-kale talde bermeotarrekoek euskal musika barreiatu zuten Kurtzero auzoko txokoetatik.
10:00etan zabaldu zuten azoka, eta ordu horretan Kurtzeroko frontoia ere arretagune bihurtu zen. Izan ere, irailaren 4an hasi zuten Hiru Herri Udalerri Bat I. Esku Pilota Txapelketaren partiduak jokatu zituzten. Azken txanpan sartu da txapelketa; datorren domekan [urriak 4] Ajurian daukate hitzordua, eta urriaren 17an Kurtzeroko frontoian lehiatuko dituzte finalak.
Pilotaz gain, herri kirol erakustaldiaz gozatu zuten eguerdian azoka-gunean. Ugaitz Mugertza eta Julen Alberdi Txikia IV aizkolariak eta Maddi Gesalaga, Udale Ostolaza, Irati Osinalde eta Jon Gisasola harri jasotzaileak aritu ziren ikuskizuna eskaintzen, eta horien lana bertsoekin biribildu zuten Onintza Enbeitak eta Ibai Amillategik.
Giro ederra nagusi izan da beste urte batez azokan, eta urriaren 17rako ere gauza bera espero dute, egun horretan izango baita Bigarren Eskuko Azoka.