Marrazki bizidunak, pantailetatik Mendaturira
Sanmigelak ospatzen ari dira eskualdeko hainbat herritan, tartean, Mendatan. Mozorroen egunean batuta [irailak 26]. betikoari eutsi eta,mozorroak soinean, Mendaturira bira egin dute mendatarrek bertan abarka jaurtiketa lehiaketa egiteko: Unax Kobeaga izan da onena.
Iraila errutinara bueltatu beharragaz lotzen dute askok baina bada udari agur esatea ilusioz hartzeko arrozoiak dituenik ere. Mendatarrak dira horren adibide, datorren martitzenean [irailak 29] herriko zaindari den San Migel eguna izanik, herriko jai nagusiekin eman baitiote hasiera udazkenari. Atzo [irailak 25] ekin zioten festari, ohi legez tortilla txapelketa eta osteko mus txapelketan elkartuta. Gaurkoa [irailak 26] berriz, egun handia dute herrian eta merezi duen moduan ospatzen ari dira: Mozorroen Egunean batuta.
Elexalde kolorez betez joan da eguerdia iristeagaz batera. Minionak, Simpsons familiako kideak, Txanogorritxu, Harriketarrak, Doraemon, Mario eta Luigi, Ane, Terese eta Elene Hiru Hirukiak, Minnie Mouse… inork ez du Mendatako jaietako hitzordua galdu nahi izan eta 12:00etarako photocall aurrean izan dira denak, argazkiak atera eta gaurko egun berezia betikotzeko ilusioz.
Sama Siku fanfarreakoak lagun, marrazki bizidunek bat egin eta Elexaldetik Mendaturirako bidea hartu dute, bidean hidrataziorako geldialdiak eginez. Adin eta garai guztietako marrazki bizidunak ikusteko aukera egon da ibilbidean zehar, jaioberri zein aitona-amomek egin dutelako bat, beste urte batez, festarako deiagaz.
Mendaturin ailegatu da jaiaren une gorena. Eguzkiak jotzen zuela eta batzuk izerdi-patsetan ailegatu dira Mendaturira baina bertan zain zituzten jan-edana eskaintzeko prest zituzten herrikideak. Fanfarreako musikarien erritmora azkar berreskuratu dituzte indarrak denek. Orduan bai, aitzakirik barik, abarka jaurtiketa lehiaketaren ordua ailegatu da.
Ume zein adindu, denek parte hartu dute proban. Abarka girnalda gainetik bota eta metro batzuetara kokatutako tenis pilotatik ahalik eta gertuen uztea zen batzuentzat beste batzuentzat baino errazagoa izan den erronka. Batzuk ezin izan dute girnalda gainditu, beste batzuek aurrera beharrean atzerantz bota dute abarka, baina bada bat zailtasun guztiak gainditu eta herrikideak aho zabalik utzi dituena: Unax Kobeaga minion txikiak 10 zentrimetora utzi du abarka. Beste minion batzuk osatu dute podiuma: Rebeka Lekerikak—27 zentrimetrora— eta Xabi Odiaga gaztetxoak —35 zentimetro—. Irabazleak zein parte hartu duten guztiek domina oroigarria jaso dute.
Sariak banatuta, berriro ere musika eta dantza artean Elexaldera itzuli dira, denek batera frontoian herri bazkariagaz gozatzeko. Eguna luzea izango da gaur mendatarrentzat: bazkalostean Tolinen bingo show ikuskizuna izan dute aukeran eta 19:30ean Fruiztarrak erromeriagaz dantzan jarraituko dute.

Gaua iristeagaz batera, berriz, Oilo beltzak rantxera taldea igoko da oholtzara; Mozorroen Eguna ahalik eta gehien luzatzen ardura Isma Artapen DJak izango du.
Bihar [irailak 27] egun lasaiagoa izango badute ere, izerditan jarraituko dute: meza ostean Sustabiz Fundazioaren eskutik herri kirol erakustaldia ikusi ostean, herri kirolak zuzenean ezagutu eta probatzeko aukera izango dute. 17:30etik aurrera, berriz, umek joko tradizionalak izango dituzte aukeran frontoian. San Migel egunez, ostera, meza ostean bakailao janean batuko dira, eta briska txapelketagaz biribilduko dute eguna.
Beste hainbat txokotan.
Sanmigelak bereziak dira ereñotarrentzat ere. Hala erakutsi dute gaur Ereñoko jaietako paella txapelketan batu diren lagun taldeek. Sukaldari trebeena dutela erakutsi nahian iruditu dira zenbait kuadrilla, eta bada argi uztea lortu duenik. Izan ere, lehen bi sariak talde berean geratu dira. Dani Martin ibarrangelutarrak jantzi du txapela, baita harro jantzi ere, bazkaritan ere buruan mantendu baitu. Ondoan eserita zuen Pablo Sainz herrikideak, berriz, bigarren paella gozoena kozinatu du.

Umeek puzgarriekin jolastu bitartean, Ereñoko IX. Atxur-urkulu jaurtiketan batuko dira laster herritarrak, gauean musika jaialdiari heldu orduko: Fonjones eta DJ Koet igoko dira oholtzara, gaurkoa rock taldearen zuzeneko lehen emanaldia izanik.
Busturiarrek Altamiran dute hitzordua egunotan. Bertsolariekin ezin zioten atzo festari eta gaur, berriz, herri kirolak eta esku pilota izan dituzte batzeko aitzaki. 20:00etatik aurreara Alberto Cowboyk musikatuko du festa. Biharko ere egun guztiko egitaraua dute, 2026ko herriko azken jaiak goi-goitik agurtzeko.
Bermeotarrentzat bete-betea etorri da beste behin iraila. Andra Mari eta Santa Eufemia jaiak agurtzeagaz batera heldu baitie sanmigelei. Mikeltarrak auzo elkarteak ondutako egitarauak auzo bazkaria izan du gaur erdigunean. Bazkalostean “jolas libreekin” jolastu eta gozatzeko aukera izan dute umeek, eta 19:30etik aurrera helduen txanda izango da, vermuteu “bermuteo musikatuan” batuko baitira. Berriztu erromeria izango da gaur gaua musikatuko duena eta gauerdian Gaua Sound deituriko ekimenak hartuko die lekukoa: “Zuk eskatu, guk jarri”.
EGITARAUAK
- BERMEO
Gaur.
19:30. Vermuteue musikarekin
21:00. Berriztu erromeria, txitxiburduntzia eta zozketak
00:00. Gaua Sound
Irailak 29, martitzena. San Migel eguna.
12:30. Meza
Ondoren. Hamaiketakoa Arrekatxutxa taldeak girotuta
Irailak 30, eguaztena
12:30. Meza
Ondoren. Kinitoa eta pastak, Arrekatxutxa taldeak girotuta
– BUSTURIA, ALTAMIRA
Gaur.
20:00. Alberto Cowboy
Bihar.
11:00. Kalejira herriko txistulariekin.
13:00. Irrintzi Alai dantza taldekoen emanaldia.
Ostean. Joseba trikitilaria.
17:30. Idi probak.
- EREÑO
Gaur.
18:30. Ereñoko IX. Atxur-Urkulie jaurtitzea
22:00. Fonjones rock taldea
23:30. DJ Koet
Irailak 29, martitzena. San Migel eguna.
12:00. Meza, elizan
Ondoren. Pintxo dastaketa
Irailak 30, eguaztena
12:00. Meza santua, Ereñozarren
14:30. Herri bazkaria
18:00. Ugaziyo txapelketa
Urriak 3, zapatua
Goizean. Tortilla lehiaketa
14:00. Tortilen aurkezpena
Urriak 4, domeka
12:15. Elizkizuna, Ereñozarren
13:00. XL. Ereñozarrera igoera
17:00. Pelota partiduak, Sustabizen eskutik
18:00. Herri kirol parte hartzailea, Sustabizen eskutik
19:00. Sustabizen herri kirol erakustaldia
20:00. Txokolatea jaieri amaiera emateko
- MENDATA
Gaur.
19:30. Fruiztariak erromeria.
21:30. Oilar Beltzak Rantxera taldea
23:30. DJ Isma Artapen.
Bihar.
12:00. Meza
12:45. Sustabizen eskutik kirol emanaldia eta jardunaldi partehartzaileak
17:30. Umeen jolas tradizionalak frontoian
Irailak 29, martitzena. San Migel eguna.
12:00. Meza
Ostean. Makailu jana
17:30. Briska txapelketa
Urriak 3, zapatua
19:00. Asto probak
22:00. Makailu jana
Ostean. Erromeria Obieta aita-semeak taldearekin.
Urriak 4, domekan
12:30. Ospakizuna Zarrako Ermitan
Ondoren. Trikitilariak eta txikiteoa Sarkidi taldearekin
Gero. Paella Txapelketa Herrikoia
17:00. Tute txapelketa