"Fonjons ondo pasatzeko sortu den taldea da, presiotik ihesi"
Musikan eskarmentu eta ibilbide luzeko hiru musikarik osatzen dute Fonjons talde berria. Hamar abestiz osatutako albuma jorratu dute, eta bihar [irailak 26], 22:00etan, Ereñoko plazan aurkeztuko dute, San Migel jaien testuinguruan.
Alfonso izenaren fon laburduratik eta Jon izenen hibridaziotik sortu da Fonjons taldearen izena; taldea bera, berriz, hiru adiskidek musikarekiko sentitzen duten erakarpenetik. Hamar abesti ondu dituzte, oraindik denak bilduko dituen izen komun bat behar dutenak, baina ez, ostera, jendaurrean aurkezteko plaza bat: Ereñon emango dute beren lehen kontzertua, herriko jaien aterkipean, bihar [irailak 26], 22:00etan.
Non dago proiektu berri honen ernamuina?
Jon Villakorta: Ni ondarrutarra naiz, baina zazpi urte daramatzat Gernikan bizitzen. Berton ezagutu nituen Alfonso eta Jon. Gure arteko erlazioa estutzen joan zen, hirurok musikariak eta musikazaleak baikara. Ni, berez, bateria-jotzailea naiz, eta Jon baxuagaz ibilitakoa; Jonfonsen, baina, instrumentuak trukatu ditugu. Ahots nagusia neurea da, eta koruak, ostera, hiruronak. Alfonsok gitarraren ardura du.
Alfonso Moreno: Hiru urte behar izan ditugu benetan martxan ipintzeko, ze, beste proiektu musikal batzuetan ere bagabiltza. Edozelan ere, ez dugu inorako edo ezertarako presarik: Fonjons ondo pasatzeko sortu den taldea da, presiotik eta emaitzetatik ihesi.
Zuzenekoei begira edo album bat sortzeko asmorik eduki al zenuten hasieratik?
Jon Goitia: Ez. Hasieratik helbururik ez zehaztea adostu genuen, bideaz gozatzea; nik bateria jotzera doitzea ere ezinbestekoa nuen. Azkenean, abesti zerrendatxoa osatu dugu, eta hainbat ideia ditugu buruan bueltaka.
J.V.: Nik taldea 2027an plazaratzeko asmoa nuen, baina, Alfonsogatik balitz, dagoeneko zuzenean jotzen geundeke. Beraz, uste dugu une egokia dela ur azaleratzeko: abestiak maketatuta eta landuta ditugu, musikalki elkar ulertzen dugu, eta zuzenekorako prest gaude.
Jon Goitia: “Rockaren inguruan mugitzen garela esan daiteke, bereziki, rock gogorraren bueltan; stonerraren eragina ere igarri daiteke”
Zein estetika musikal jorratzen duzue?
J.G.: Rockaren inguruan mugitzen garela esan daiteke, bereziki, rock gogorraren bueltan. Tarteka-marteka, funk kutsua ageri da abestietan, eta batez ere stonerraren eragina. Etiketek ez digute ardura: atsegin ditugun melodiak erabili ditugu, gustatzen zaizkigun riffak, eta emaitza rock gogorretik hurre dago, baina beste estilo edo korronteak ukitzeko ez dugu arazorik.

Hortaz, ez zarete erreferenteen soinuen ispilu aurrean jarri.
A.M.: Ni saiatu naiz stonerrera ahalik eta gehien hurbiltzen, baina, adibidez, Jon [Villakorta] rock zaleagoa da. Gakoa elkar ulertu eta erdibidea topatzean datza.
Kult Parnasoan entseatzen duzue; abestiok bertan grabatu al dituzue?
J.V.: Bai. Alfonso arduratu da grabaketaz eta maketazioaz; ordenagailuko programa bategaz behar egin du. Kult Parnasoan entseatzen dugu, bertako bazkideak eta partaide aktiboak gara, eta abestien estreinako grabazioak bertan egitea hasieratik argi eta garbi izan dugu. Gainera, uste dut soinu polita lortu dugula, geure kabuz eta modu amateurrean egin izan arren. Lan ona egin dugu.

Kantu horiek zein noranzko hartzea gustatuko litzaizueke?
J.G.: Bada, grabazio estudio batera eroan gura genituzke, bertan modu profesionalagoan lan eginda, abestiei soinu are hobea ateratzeko. Oraindik ez daukagu ezer zehaztuta edo erabakita, baina, esate baterako, Jose Manuel Sampedro Xanpe-ren Bilboko Koba Estudioa gustuko dugu, baita Haritz Harreguy usurbildarraren estudioa ere bai, Txortx Etxebarrieta ahaztu barik.
Jon Villakorta: “Hasieratik genekien euskaraz abestuko genuela eta ez genuela beste talderen baten bertsiorik egingo, ez euskaraz, ez beste edozein hizkuntzatan”
Euskaraz abestea hautu naturala ala kontzienteki egina al da?
J.V.: Hasieratik oso argi izan ditugun gauza horietako bat hizkuntz hautaketa izan da, hau da, bagenekien euskaraz abestuko genuela eta ez genuela beste talderen baten bertsiorik egingo, ez euskaraz, ez beste edozein hizkuntzatan.
A.M.: Egia da iraganean moldatu izan ditugula abestiak beste hizkuntza batzuetan, beste talde batzuetan genbiltzanean; neure kasuan, esaterako, Jaimones Rock Banden ere banabil gitarra-jotzaile, eta bertan ingelesezko bertsioren bat edo beste egin ohi dugu. Baina, Jonek esan modura, talde honen kasuan, euskaraz eta geure abestien hitzak abestea ezinbestekoa izan da hastapenetik.
Alfonso Moreno: “Inspirazio iturriak edonon daude geure artean; ez dago urruneko tematiketara zertan joan, hemen ere badago nahikoa”
Zeri buruz egiten duzue berba abestien hitzetan?
J.G.: Abestien noranzkoa ez da inolaz ere kontzeptuala, beraz, bakoitzak gai jakin bat urratzen du. Batik bat, gerretatik edota pertsonen arteko erlazioetatik abiatuta, ingurumenaren aurkako erasoak salatzen dituzten letretara bidaia egiten dugu.
A.M.: Inspirazio iturriak edonon daude geure artean; ez dago urruneko tematiketara zertan joan, hemen ere badago nahikoa.

Ereñon egingo duzue Fonjonsen estreinaldia.
J.G.: Ni bertan bizi naiz egun, eta iaz jaietan beste proiektu bategaz kontzertua emateko aukera eduki nuen. Gainera, Jon urtez urte musika jartzaile aritzen da sanmigeletan, aurten barne, DJ Koet izenpean. Hortaz, ez dago estreinaldia egiteko toki hoberik.
Momentuz, emanaldi bakarra aurreikusten al duzue?
J.V.: Gaur-gaurkoz, bai. Besteren bat suertatuz gero, ez genuke berehalakoan baztertuko, baina momentuz ez gabiltza zuzenean nahitaez jo guran. Hamar kanta eder osatu ditugu, eta horiexek aurkeztuko ditugu Ereñon, alegia, inongo bete lan edo gehigarri barik. Hurrengo urratsa horiek estudioren batean grabatzea litzateke, eta azkenengo pausoa, berriz, horren emaitza jendaurrean aurkeztea.

Zein esangura du Kult Parnasoaren parte izateak?
J.V.: Egundokoa. Proiektuaren filosofia ezin ederragoa da, eta oso integratuta gaude. Edozein musikarirentzat Kult Parnasoa jolas parkearen parekoa da. Astra eta Iparragirre gehituta, izugarrizkoa da Gernikan eratu den eszena musikala.
A.M.: Autogestioaren eta musikazaleen arteko auzolanaren pentsamoldeagaz, gainera, guztiz bat egiten dugu hirurok. Polita da bakoitzak ahal duena komunitatearen mesedetan ematea, bueltan ezer pertsonalik espero gabe; musikarekiko maitasunez eta modu altruista horretan eraiki da Kult Parnasoa, eta gu makineria horren barruan erabat engranatuta sentitzen gara.