Uda agurtzeaz arduratuko diren San Migel jaien esperoan
Uda bere amaierara heldu berri den arren, jaiak ez du etenik izango eskualdean. Izan ere, udazkenari pozik emango diote hasiera han eta hemen, San Migel jaien aterkipean. Hala, Bermeoko San Migel auzoan, Busturiko Altamiran, Ereñon eta Mendatan dena prest dute datozen egunak alaitzeko. Nahiz eta San Migel eguna martitzenean ospatuko duten, gaur hasi eta datorren asteburura bitartean luzatuko dute jai giroa batzuek.
Bermeon zapaturako prestatu dute Mikeltarrak auzo elkarteko kideek egitarau borobilena, Bermeoko Udalaren laguntzagaz. Batik bat, kirola, mugimendua, jan-edana, zozketak, eta zelan ez, musika uztartuko dituzte, giro auzotarra nagusitzeko helburuz. Berriztu erromeria izango da, kasu honetan, gaua musikatuko duena, eta ondoren, Gaua Sound deituriko ekimena abiatuko dute: “Zuk eskatu, guk jarri”. Maritzenean, mezaz gain, Arrekatxutxa taldeak izango du protagonismoa, tradizioari eutsiz. Gainera, udalaren bisita ere jasoko du auzoak, urtero bezala.
Busturiarren kasuan, Altamira izango da gaur hasi eta domekara arte iraungo duen jai giroaren ezsenatokia. Bertsolariak izango dira jaiei hasiera emango dietenak, Lilibertso bertso eskolaren eskutik. Bihar, ordea, kirola nabarmen nagusituko da auzoan, ze, alde batetik Sustabiz fundazioaren eskutik herri kirolez gozatzeko aukera izango dute bertaratzen direnek; bestetik, esku pilota partiduak jokatuko dituzte. Domekan, berriz, San Migel bezperan, musika, dantzak eta idi probak nagusituko dira.
Ereñon eta Mendatan jai garrantzitsuak dira sanmigelak, eta bi asteburu uztartuko dituzten egitarau biribilak antolatu dituzte bietan. Mendatarrak prest daude aurtengo San Migel jaiak ospatzeko. Gaur emango diote hasiera jaiei, eta urriaren 4ra arte, herritarrek askotariko hitzorduez gozatzeko aukera izango dute. Tradizioa, musika eta elkarrekin gozatzeko uneak uztartuko dituen egitarauak Mendata jai giroz beteko du datozen egunotan.
Musikak leku berezia izango du egitarauan, Sarkidi, Fruiztariak, Oilar Beltzak eta DJ Ismaren emanaldiekin. Horrez gain, ez dira faltako ohiko lehiaketak, kirol jarduerak, herri-bazkariak eta haurrentzako proposamenak. Bihar ospatuko dute mendatarrek jai egun handia: iaz Olinpiar jokoak izan zituzten mozorrogai; aurten, ordea, Marrazki bizidunak gaiaren inguruan prestatu beharko dituzte mozorroak. Photocallean argazkiak ateratzeko tartea izango dute lehenik. Ostean, Elexaldetik Mendaturira joango dira, joaldunek lagunduta. Ezustekoen ostean, frontoira itzuliko dira herri bazkarian batzeko.
Joseba Mallea Mendatako alkateak jaietan parte hartzera animatu ditu herritarrak: “San Migel jaiak alkarregaz egoteko, herriaz gozatzeko eta giro onean ospatzeko egunak dira. Aurten be, adin guztietarako egitaraua prestatu dogu, eta mendatar guztiak zein bisitan datozenak jaietan parte hartzera animatu gura dodaz”.
Ereñon, azkenik, pilota partiduekin, bakailao janarekin eta Lotxo erromeriaren doinuekin hasiko dituzte San Migel jaiak gaur, eta paella usainak hartuko du herria bihar. Arratsaldez, ohiturari jarraituz, Atxur-Urkulie jaurtiketa egingo dute, eta Dj Koetek jarriko dio doinua gauari. Hurrengo asteko eskaintzari dagokionez, besteren artean, 39. Ereñozarrera Igoera lehiatuko dute. Bertan egongo dira eskualdeko korrikalaririk trebeenak, baita inguruaz gozatu gura dutenak ere.
EGITARAUAK
BERMEO
Irailak 26, zapatua
10:00. O´Barre, Brunch eta Craft
13:00. Txosna zabaldu
15:00. Auzo bazkaria
18:30. Umentzako jolas libreak
19:30. Vermuteue musikarekin
21:00. Berriztu erromeria, txitxiburduntzia eta zozketak
00:00. Gaua Sound
Irailak 29, martitzena
12:30. Meza
Ondoren. Hamaiketakoa Arrekatxutxa taldeak girotuta
Irailak 30, eguaztena
12:30. Meza
Ondoren. Kinitoa eta pastak, Arrekatxutxa taldeak girotuta
BUSTURIA, ALTAMIRA
Irailak 25, barikua
20:00. Bertso saioa, Altamirako plazan
Irailak 26, zapatua
10:00-14:00. Sustabiz fundazioa eta Urdaibaiko esentziak
17:00. Esku pilota partiduen finalak
20:00. Alberto Cowboy
EREÑO
Irailak 25, barikua
18:30. Pelota partiduak, Garferen eskutik
21:00 Makailau dastaketa
22:30 Erromeria, Lotxo taldeagaz
Irailak 26, zapatua
Goizean. Paella txapelketa
Gero. Hamaiketakorik onenari saria
14:00. Paella txapelketaren aurkezpena
17:00. Puzgarriak
18:30. Ereñoko IX. Atxur-Urkulie jaurtitzea
22:00. Fonjones rock taldea
23:30. DJ Koet
Irailak 29, martitzena
12:00. Meza, elizan
Ondoren. Pintxo dastaketa
Irailak 30, eguaztena
12:00. Meza santua, Ereñozarren
14:30. Herri bazkaria
18:00. Ugaziyo txapelketa
Urriak 3, zapatua
Goizean. Tortilla lehiaketa
14:00. Tortilen aurkezpena
Urriak 4, domeka
12:15. Elizkizuna, Ereñozarren
13:00. XL. Ereñozarrera igoera
17:00. Pelota partiduak, Sustabizen eskutik
18:00. Herri kirol parte hartzailea, Sustabizen eskutik
19:00. Sustabizen herri kirol erakustaldia
20:00. Txokolatea jaieri amaiera emateko
MENDATA
Irailak 25, barikua
18:00. Tortilla txapelketarako izen ematea
19:00. Mus txapelketa
20:30. Mus txapeleketaren sari banaketa21:00. Sarkidi taldea
Irailak 26, zapatua
12:00. Elexalden, Photocall-a
12:30. Mendaturiko bira Zama Ziku fanfarriak alaituta
Gero. Mendaturin abarketa jaurtiketa txapelketa
15:15. Herri bazkaria, frontoian
Bazkal ostean. Tolinen Bingo Show ikuskizuna
19:30. Fruiztariak erromeria.
21:30. Oilar Beltzak Rantxera taldea
23:30. DJ Isma Artapen.
Irailak 27, domeka
12:00. Meza
12:45. Sustabizen eskutik kirol emanaldia eta jardunaldi partehartzaileak
17:30. Umeen jolas tradizionalak frontoian
Irailak 29, martitzena
12:00. Meza
Ostean. Makailu jana
17:30. Briska txapelketa
Urriak 3, zapatua
19:00. Asto probak
22:00. Makailu jana
Ostean. Erromeria Obieta aita-semeak taldearekin.
Urriak 4, domekan
12:30. Ospakizuna Zarrako Ermitan
Ondoren. Trikitilariak eta txikiteoa Sarkidi taldearekin
Gero. Paella Txapelketa Herrikoia
17:00. Tute txapelketa