Landabaso industrialdeko enpresen elkartea martxan jarri dute berriro
'Elkarrekin gehiago, aukera gehiago, emaitza gehiago' lelopean berreskuratu dute Landabaso Industrialdeko Elkartea, "elkarlana eta lehiakortasuna" indartzeko asmoz.
Gaur (irailak 25) egin duten bileran berreskuratu dute elkartea. Argazkia: Bermeoko Udala. Bermeoko Landabaso industrialdeko enpresen elkartea martxan jarri dute berriro, Bermeoko Behargintzaren eskutik “elkarlana eta lehiakortasuna” indartzeko asmoz. Elkarrekin gehiago, aukera gehiago, emaitza gehiago lelopean berreskuratu dute enpresek elkartea.
Hala, Bermeoko Udalak jakinarazi du gaur (irailak 25) izandako bileran Landabaso industrialdeko enpresek “urrats berri bat” ematea erabaki dutela, “enpresen arteko lankidetza sustatu, behar eta interes komunak partekatu eta proiektu bateratuak bultzatzeko”.
Ceberbi-Karmelo Toja, Mendipe Autoak, Segurilight Señalización, Barristu, Albacora, Wartsila Ibérica, Salica, Zallo, Labise, Talleres Landabaso, Mundaka S.A. Berria, Talleres Gaztetxu, Neumáticos y direcciones Tomás, Anchoas Royo, Larrauri Anaiak, Talleres Sollube, Barruetabeña karrozeriak, Expert Toja Sucesores (Cordevi), Arroyabe, IMEK, Talleres Gotxi, Serrats, Talleres Murgua eta DIA enpresek osatzen dute elkartea, halaber.
Ekimenaren oinarria enpresen arteko harremanak estutzea dela argi esan dute udal ordezkariek, eta elkarlanean Landabaso industrialdearen “aukerak eta lehiakortausna” handitu nahi dutela gaineratu dute. Hori horrela, sortu berri duten elkarteak enpresa guztien ahotsa bateratuko du, industrialdearen beharrak zein proposamenak “modu koordinatuan lantzeko gunea” ahalbidetuz.
“Elkartea enpresek beren esperientziak, beharrak eta ezagutzak partekatzeko topagunea izango da, eta horrek aukera berriak identifikatu eta proiektuak elkarrekin garatzeko bidea emango du”, azaldu dute udaletik.
Hala nola, Landabaso Industrialdeko Elkartearen jardunak, besteak beste, azpiegiturak eta zerbitzuak hobetzen, segurtasuna eta jasangarritasuna sustatzen eta industrialdearen berrikuntza indartzen lagundu nahi du, eta horretarako, oinarrizkotzat jo dute “enpresen arteko elkarlana”.
Elkartearen berraktibazio prozesua, udal ordezkarien hitzetan, Bermeoko Udalaren, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Bermeoko Behargintzaren arteko lankidetzaren esparruan kokatzen da, “Landabaso industrialdearen eta bertako enpresen garapena sustatzeko helburuagaz”.