Hamarkada bi, osasuna eta edertasuna uztartzen
Loreder Parafarmaziak bezero bakoitzari egokitutako zerbitzuak eskaintzen ditu. Bezeroak osasun fisikoari eta mentalari eragiteko denetariko produktuak topatuko ditu bertan, baina, batez ere, prozesuan modu integral eta indibidualizatuan lagun egingo dion hurbileko lantalde abegitsua.
Aurtengo urria ospakizun hilabetea izango da Loreder Parafarmaziarentzat: hogei urteko bidea beteko du gernika-lumotarren nahiz ingurukoen osasuna jagoten duen zentroak. Amaia Sanchezek eta Izaskun Orozkok osatutako lantaldea dago proiektuaren atzean. Lehendabizikoak abiatu zuen proiektua, eta bigarrena gerora batu zitzaion; gaur egun, besteak beste, elikaduragaz lotutako edukiaren ardura du Orozkok. Beraien helburua oso argia da: bezeroaren ongizatearen alde hainbat fokutatik lan egitea, eta uneoro haren bidelagun izatea.
Zabala besteko anitza da Loreder Parafarmaziak eskaintzen duen zerbitzu sorta. Horietako bat dermonutrizioagaz lotutakoa da. Azalaren eta hesteen osasunaren arteko erlazioan eragiten duten tratamenduak eta asistentzia eskaintzen dituzte. Azalagaz ez ezik, ileagaz lan eginez ere “sakon-sakonera” heltzeko gai dira, puntako tratamenduak baliatuta: “Ilearen lagin bategaz, gai gara digestio aparatuko patogeno motak ikusteko, intolerantziak antzemateko edota pazienteak beharko lukeen suplementazio eredua zehazteko”.
Gorputza barrukoaren edukiontzia dela esan ohi da sarri, eta alderdi horri eragitea ere Loreder Parafarmaziako lantaldearen zutabeetako bat da: “Alde psikologikoak isla du aurpegian; beraz, lan pertsonal hori ere jorratzen dugu”. Pazienteagaz ahalik eta erlaziorik estuena lantzen dute, profesionaltasuna eta formakuntza oinarri izanda. Familia konstelazioak, terapia emozionala, Bach-en loreak, akupuntura edota iridiologia eskaintzen dituzten zerbitzuetako batzuk baino ez dira.
Etengabeko hobekuntza da Loreder Parafarmaziako lantaldearen gidalerro nagusietako bat. Hain zuzen ere, urtez urte “formakuntza osatzen, zerbitzu gehiago eta hobeak eskaintzen, eta pazientearen ongizateari ahalik eta modu integralenean erantzuten” saiatzen dira. Denda edo komertzio batez harago, herritarrek badakite Loreder Parafarmazian “konfiantzazko tokia” topatu dezaketela, “segurua eta hurrekoa”.
Elikaduran aitzindari.
Elikadura “funtsezko oinarrietako” bat da profesional bientzat. Loreder Parafarmaziako kideen helburua oso argia da: bezeroagaz eskutik lan eginez, bere osasunean eragitea. Horretarako, goi mailako formakuntzan eta eguneratutako teknologian oinarritzen dira, eta prestakuntza hori eguneroko-eguneroko tratuagaz uztartzen dute: “Pazienteari bere prozesuan uneoro lagun egiten diogu, une bakoitzeko beharretara edota eskakizunetara doitutako tratu indibidualizatuagaz“. Hori guztiori, gainera, toki berberean egiten dute, tratamendu bakoitza jasotzeko beste nonbaitera lekualdatu beharrik gabe.

Jatorrira jotzeko borondate horren isla dira, esaterako, Loreder Parafarmazian egiten dituzten denetariko test edo azterketak. Horietako bat intolerantzia testa da. Ile lagin batekin, gai dira 600 elikagai desberdin detektatu, eta gorputzak dauzkan intolerantziak antzemateko. Horren arabera egituratzen dituzte norbanako bakoitzari hobeto moldatzen zaizkion elikadura planak: “Maiz, janari osasungarri edo ez osasungarri bikoizketa egiten du jendeak, baina ez dira jakitun badaudela ondo egokitzen ez zaizkien edo kalte egiten dieten elikagaiak, osasuntsuak izan arren. Test hau horiek identifikatzeko bide egokia da”.
Hesteetako disbiosiko testa ere egiten dute: “Pareko teknika baliatuta, digestio sistema osoaren irudi globala erakusten digu, eta baliabide egokia da pertsona bakoitzak zein beharrizan dituen lantzeko”.

Horrez gain, elikadura osasuntsua modu ahalik eta errazenean lortzeko pautak, gomendioak eta planak ontzen dituzte: “Dietista-nutrizionista zerbitzuak berrelikadurari eragiten dio, hau da, nork bere gorputza entzuten irakasten dugu, gorputzak dituen beharrak detektatzen eta, horren arabera, bai elikadura, bai bizimodua antolatzen”.
Hala, bezeroaren bizimoldera doitzea ezinbestekoa da: “Bezeroari eskaintzen diogun zerbitzua bere borondate, ahalmen ekonomiko, denbora eta ohituretara egokitzen dugu, harentzat ahalik eta erosoena izan dadin. Esate baterako, erosketak modu eraginkorragoan zelan egin edota errezetak modu bizkor, ekonomiko eta osasuntsuan nola prestatu jakin dezaten ere gidatzen ditugu bezeroak”.
Prozesuan zehar bidelagun.
Bezero bakoitzari eta bere beharrizan errealei egokitutako suplementazio pautak ere prestatzen dituzte. Hain zuzen, suplementazio alorrari dagokionez, Euskal Herriko erreferentzizko guneetako bat izatera iritsi dira. Horren inguruko informazio guztia webgunean eskuragarri dagoen arren, salmenta zerbitzua zuzena da: “Beti doa gomendio profesional baten eskutik. Gure jomuga ez da produktua saltze hutsa, bezeroak suplementazio hori zertarako den ulertzea baino; prozesua erabat indibidualizatua da”.

Konfiantza osoko eta ibilbide luzeko laborategiekin hartu-emanean daude, saltzen duten produktu orok “kalitate, segurtasun eta fidagarritasun berme denak” eduki behar dituztelako: “Produktu serioekin lan egiten dugu, ebidentzia zientifikoan eta kontrastean oinarrituta”.
Punta-puntako well aging edo azalaren zahartze osasuntsua lortzeko zerbitzua ere badute. Azalaren zahartzea, kanpo faktoreek ez ezik, gorputz barrukoek ere sortzen dute, eta, beraz, telomeroen luzapena mantentzeko lan egiten dute. Besteak beste, kimikorik gabeko kosmetika osasuntsutik abiatzen dira, urtaro edo aldi bakoitzera egokitutako printzipio aktiboetan oinarrituta eta nutrikosmetika landuz. Lanketa hori, gainera, bezero bakoitzaren behar, helburu eta abiapuntura moldatutako programazio bat jarraituz egiten dute, hau da, erabat moldatuta”.

Ildo horretatik, bezeroarekiko gardentasuna guztiz funtsezkoa da: “Argi dugu geure zerbitzuak ez direla egun bateko lorea: iraupen luzeko prozesu bat saltzen dugu, nork bere gorputza hobeto ulertzeko modu bat; prozesu horren bueltan, bezeroek bidelagun gaituzte, baina oinarrizko lana norbanakoarena da”.
Harremanetarako bideak.
Interesa dutenek informazio gehiago aurki dezakete Loreder Parafarmaziaren web orrialde berrituan, baita beraien Facebook zein Instagram kontuetan ere; 94-625 11 54 telefono zenbakira deituta zein 647 85 90 59 telefono zenbakira whatsapp mezua idatzita ere kontaktatu daiteke beraiekin.
Hori bai, aurrez aurreko zerbitzua da Loreder Parafarmaziako kideen habitat naturala. Gernika-Lumoko Barrenkale 2 helbidean zain daude, bertaratzen dena esku zabalik hartzeko prest. Astelehenetik barikura, 09:30etik 13:30era eta 16:30etik 19:30era arteko ordutegia dute; zapatuetan, 10:00etatik 13:30era bitartekoa.