'Gu musiketan', adineko pertsonen ongizatea berresteko
Bermeoko Udalak abiatutako 'Nagusiak bizitasunez bizitzen' programaren baitan antolatu du Musika eskolak 65 urtetik gorako herritarrei zuzendutako 'Gu musiketan' tailerra.
Aurten ere Gu musiketan tailerra antolatu du Bermeoko Musika eskolak, Bermeoko Udalaren Nagusiak bizitasunez bizitzen programaren baitan. Hala, 65 urtetik gorako herritarrei “musika bidezko esperientzia aktibo eta aberasgarria” eskaintzeko helburuz, erritmoa, kanta, memoria eta mugimendua uztartuko ditu tailerrak, esan dutenez.
Astean behin bilduko dira tailerreko parte hartzaileak: eguenetan, 12:30etik 13:30era bitartean finkatu dute hitzordua, alegia. Burua eta gorputza “modu dinamikoan” aktibatuko dute, eta udal ordezkariek aurreratu dute ez dela beharrezkoa musika ezagutzea: “Tailerraren helburua, batez ere, musika sentitzea eta taldean bizitzea da”.
Interesdunek izena eman beharko dutela azaldu dute, bide batez. Irailaren 30era arte egongo da zabalik apuntatzeko epea, Musika eskolan bertan zein Gizarte Ongizaten. 22 pertsonarentzako lekua egongo da tailerrean, esan dutenez, eta eskaera kopurua handiagoa bada, zozketa egingo dute urriaren 2an, barikuan, Musika eskolan bertan. Nabarmendu dutenez 75 urtetik gorakoek izango dute lehentasuna, “lekuen bi herena betez”. Gainerako lekuak 65 eta 74 urte bitartekoentzat gordeko dira.
Gauzak horrela, Bermeoko Udalak “adineko pertsonen ongizateagaz duen konpromisoa” berresten duela erakutsi du, “musikaren indar eraldatzailearen bidez, horien topagune, parte-hartze eta garapen èrtsonalerako espazio bat eskainiz”.