Basurdeak, ilusioa piztu eta amesten jarraitzeko gogoz
Real Ciencias Sevilla etxean hartuta ekingo dio domekan Gernika Rugby Taldeak Ohorezko Elite Mailari, azken bi denboraldietan "piztutako ilusioa errepikatzeko" nahiagaz.
Maiatzean denboraldia zapore gazi-gozoagaz amaitu bazuten ere, basurdeek zauria itxi dute dagoeneko: denboraldi berria lehiatu eta amesten jarraitzeko prest daude. Domekan [irailak 23] ekingo dio Gernika Rugby Taldeak Ohorezko Elite Mailari eta, taldeari presioa ez gehitzeko edo, Ohorezko Mailarako txartela lortzea helburu gisa definitu ez badute ere, ilusioak bere horretan jarraitzen du lantaldean. Ilusio hori da, hain zuzen ere, harmailetara iristea gura dutena: “Helburua azken bi urteetan sortu den ilusioa errepikatzea da, Urbieta berriro ere topera ikustea eta denboraldi on bat izatea”. Halere, hirugarrenean asmatzen dela dioen esanean sinistuz, “igoera lortzen saiatuko” diren hitza eman du Iker Olaeta kapitainak.
Igoerara heltzeko baina, bide luzea egin beharko dute berde-beltzek. Begirada lehen hiru partiduek osatutako blokean dute ipinita —bi Urbietan lehiatuko dituzte eta bat kanpoan—, horiek irabaztea “hasiera onena” izango litzateke-eta. Domekako partiduan, esaterako, Ohorezko Maila galdu berri duen Cajasol Real Ciencias Sevilla hartuko dute Urbietan (12:00), eta hori izango da “taldea nola dagoen” ikusteko proba. Andaluziarrek maila gorenean zituzten jokalari batzuk galdu arren, “beste maila bat erakustea” espero den beste batzuk atxikitzea lortu dute. Olaeta baina, zaleen aurrean jokatuko dutela baliatu eta garaipena lortzeko aukeran baikor agertu da.
Gernika-lumotarrek ere jokalarien joan-etorria izan dute udan. Marc Samso, Joel Garcia, Adrio de Melo, Luvo Bazi, Reuben Odendaal, Lucas Ferrer, Popo Hidalgo eta Ander Aristi dira basurde berriak, eta denboraldiaurreko lehen asteak “elkar ezagutzen eta taldea egokitzen” eman ostean, osatu duten taldeak “itxura ona” dauka: “Jendeak taldea lagundu nahi duela ikusten da, eta espero dugu denok batera iazkoa berdindu edo hobetzea”. Berritu dituztenekin zein iritsi direnekin “pozik” dago Mikel Bilbao klubeko presidentea ere. Lehen hitzordua “zaila” izango den jakitun, “etxeko jendeak Gernikan jokatzeko” aukera izatea ilusioz bizi du. Markel Undabarrena, orain arte 23 urte azpiko taldeagaz aritu den etxeko jokalaria, esaterako, lehen taldeko dinamikan sartuko da: “Ondo hartu dut berria, ahal dudan ekarpena guztia egin, jokatu eta ikasteko ilusioz”.

Halere, Bilbaok aitortu du hasiera batean nahi zituztenak baino “jokalari gutxiago berritu” dituztela, batzuek Ohorezko Mailara jo dutelako eta, beste batzuk beraien jaioterrietara itzuli direlako. Aurreko denboraldian elastiko berde-beltza jantzi zuten jokalari batzuek maila gorenera jauzi egiteak azken denboraldian erakutsitako mailaz gain, Ohorezko Maila eta Ohorezko Elite Maila “gero eta parekatuagoak” dauden erakusletzat ditu presidenteak, “asko” direlako liga batetik bestera jauzia ematen ari direnak. Parekotasun hori da, besteak beste, Ohorezko Maila xede nagusi legez ez aldarrikatzea eragin duena: “Uste dut denboraldi hau oraindik zailagoa izango dela, lehenengo mailatik bi talde indartsu jaitsi direlako: FC Barca, klubaren inguru guztiak mantentzen duen taldea eta Sevillako talde indartsuena. Horrek gero eta gehiago zailtzen ditu gure helburuak. Momentuz, Errege Kopako geldialdira arte ahalik eta partidu gehien irabazi nahi ditugu”.

Gernika Rugby Taldeak 53 urte beteko ditu aurten, aurretik daukan ibilbidea oraindik oso luzea izango den ilusioagaz. Helburu hori lotzera bidean lanean dihardu zuzendaritza taldeak azken urteetan, gero eta ume gehiago errugbira hurbiltzearen bitartez, kluba “osasuntsu” mantentzea bilatuz.
Harrobia indartzen.
Zuzendaritzak argi dauka klubaren helburu nagusietakoa zein izan behar den: “Jendea Urbietara heltzea, gozatzea eta harrapatzea, hori da lortu behar duguna”. Presidentea “pozik” dago egun errugbi eskolan eta 23 urte azpiko zein 16 eta 18 urte azpiko taldeetan dituzten jokalariekin, baina “gehiago” nahi dituzte, eta horretarako lan egiten dute.
Ume eta gazteak errugbira hurbiltzea nahi dute, urteen joanagaz mailak igotzen joatea eta etorkizunean, lehenengo taldearen parte izatera igarotzea. Dagoeneko berdegunean “gero eta ume gehiago” daudela igartzen hasiak dira.
23 urte azpiko taldeak euskal derbiagaz ekingo dio bihar denboraldiari, 17:00etan, Urbietan Ordizia hartuta. Zuzendaritzak talde horretako jokalarien maila eta lana nabarmendu ditu, baita 16 eta 18 urte azpiko taldetakoena ere; izan ere, azken horretan daude Euskal Selekzioak deitutako zenbait jokalari, baita espainiar selekzioagaz aritutako bat ere: “Gorka (Cagigal), zoritxarrez, Salvadorrera joan da, ikasketak bertan egiteko aukera lortu baitu. Printzipioz urtebeterako joan da, datorren urtean itzultzeko esperantzagaz. Guk gurean nahi dugu”.
GRT sentimentua.
Errugbi eskolan 12 eta 8 urte azpiko taldeetan jarduten dute errugbilari txikiek, presidenteak “urte askotan zehar galduta” egon den GRT sentimenduaren adibide gisa irudikatzen dituenak: “Emozioa igartzen zaie, eta sentimendu hori mantentzen saiatu behar gara, zaila delako 8tik 20 urtera arte kirol eta klub berean jokatzea. Saiatuko gara”.
Herri “txikia” izanik ere, “zorionez” babesle eta zale kopuru “esanguratsua” ditu Gernika RTk: “Hori da klubaren indarra, eta horren adierazle izan zen maiatzean Urbieta goraino bete izana”.