22.572 pertsona artatu ditu turismo bulegoak udan
Gernika-Lumoko Turismo bulegoak "azken urteeetako erregistro onena" lortu du udan, iaz baino 5.105 bisitari gehiago artatuz.
Gernika-Lumok helmuga turistiko gisa indarra hartzen jarraitzen du eta uda honetan “azken urteetako erregistro onena” izan du: turismo bulegoak 22.572 pertsona artatu zituen uztaila eta abuztua artean, iaz baino 5.105 gehiago —iaz 17.467 izan ziren eta 2024an, berriz, 16.230—.
Hazkundea udako denboraldiko bi hilabeteetan nabaritu dela nabarmendu dute udaletik; izan ere, uztailean 8.333 pertsona artatu zituzten —iaz 7.044— eta abuztuan, berriz, 14.239 —iaz 10.423—: “2025arekiko hazkundea %18koa izan da uztailean eta %36koa, uztailean”, argitu dute.
Bisitarien jatorriak ere “aldaketa garrantzitsuak” izan ditu: “2026an zenbatutako nazioarteko 10.005 bisitariek ia bikoiztu egin dute 2025ean erregistratutako datua, 5.916 izan baitziren”. Zenbaki horien irakurketa egin dute udaletik, nazioarteko bisitariek turismo jardueran “gero eta pisu handiagoa” dutela ebatziz. Nazioarteko bisitarien kopuru handiena Frantziatik iritsitakoena izan da, 3.743 pertsonagaz. Italia —2.016 bisitari— eta Alemaniak —660 pertsona— jarraitu dute sailkapena.
Halere, nazioarteko beste merkatu batzuk ere hazi egin direla azpimarratu dute. Portugal izan da bilakera negatiboa erregistratu duen herrialdea bakarra: 208 bisitaritik 134ra.
Espainiar estatutik iritsitako 10.563 bisitariei dagokionez, Kataluiniak erreferentziazko merkatua izaten jarraitzen du; halere, iaz baino bisitari gutxiago izan dira: 2.328 aurten eta 2.425. Madrildarren, Valentziako Erkidegotik iritsitakoen eta andaluziarren presentzia ere esanguratsua izan da.
Hego Euskal Herritik iritsitako bisitariak ere izan dira, hain zuzen ere, 1.433 lagun. Gehienak —1.029— Bizkaitik iritsitakoak ziren arren, gipuzkoarrek —249— eta arabarrek —155— ere bisitatu zuten foru-hiribildua.
Turismo-eskaintza.
Udaletik hazkundea turismo-eskaintza handitzearen ondorio izan daitekela deritze: “Andra Mari eliza irekitzeak milaka pertsonari herriko ondare nagusietako bat hurbiltzea ahalbidetu du”. Izan ere, 2019az geroztik formatu horretan jendearentzat itxita egon ostean, 8.835 bisita jaso ditu udan. Astrako babeslekuak, ostera, 3.973 bisitari izan ditu.