Xixili Festibala: euskal mitologia eta itsasoa ardatz, bertoko kultura omentzeko
Zuzeneko musika eta tokiko nortasuna uztartuz, rock, indie eta musika elektronikoaren jaialdiaz gozatzeko aukera egongo da Bermeon, urriaren 2an [barikua] eta 3an [zapatuan], VVSSNNk ekoitzitako eta Bermeoko Udalak babestutako Xixili Festibalaren baitan.
Etxekalte talde bermeotarra oholtzaratuko da, besteak beste, Xixili Festibaleko agertokira. Euskal mitologiatik itsasora, eta itsasotik Bermeoko Hilerriaren Zelaiguneko eszenatokietara. Rock, indie eta musika elektronikoa uztartuko dituen jaialdia jaio berri da, Bermeon: Xixili Festibala. Urriaren 2an [barikua] eta 3an [zapatua], hala, euskal kultura eta bertoko artisten etengabeko lana omenduko da, talde independente batek bultzatutako ekimenean.
VVSSNNk ekoitzitako eta Bermeoko Udalak babestutako musika jaialdia da Xixili Festibala. Adierazi dutenez, helburu sinple bati lotuta dator, gainera: euskal kultura eta bertoko artistak publiko guztientzako gune batean ospatzea. Ekitaldiak “zuzeneko musika eta tokiko nortasuna uztartzen ditu”, antolatzaileen hitzetan. Kokapenari dagokionez, Urdaibaiko Biosferaren Erreserbaren aurrean dagoen “kokaleku paregabeetako bat” da Bermeoko Hilerriaren Zelaigunea.
Jaialdiak euskal mitologia izango du ardatz, eta nabarmendu dute izenak [Xixili Festibala] Xixili, udalerrina hain esanguratsua den Jose Luis Butron artistak 1980an Bermeoko portuko Lamerapunteko dikean jarritako lamiaren eskultura omendu nahi duela. Xixilik emakume baten enborra, besoak eta burua dituen arren, gerritik behera arrain buztana du, “euskal mitologian lamia eta sirena bereizten dituen ezaugarria” izanik.
“Lamiak Euskal Herriko folkloreko pertsonairik ezagunetakoak dira, bereziki Bizkaiko kostaldean: emakume-itxurako izakiak dira, iturri, ibai eta kobazuloetan bizi direnak. Tradizioaren arabera, errespetuz tratatzen dituztenekin eskuzabalak dira, baina beren objetu preziatuak iraintzen saiatzen direnekin, berriz, gupidagabeak”, esan dute. Gauzak horrela, Xixili Festibalak haiengandik hartu ditu izena eta espiritua, ze, festibalera hurbiltzen direnekin eskuzabalak izan nahi dute.
Horrek markatuko du jaialdiaren estetika ere bai, aurreratu dutenez: “Itsasoa, kostaldea eta Xixili bera dira ikus-entzunezko iruditeriaren ardatzak, Bermeoko hilerriaren Zelaigunean, Urdaibaiko Biosfera Erreserbara eta Kantauri Itsasora begira dagoen kokalekuan”.
Xixili Festibalak argitaratu du dagoeneko artisten kartela. Barikuan Belako, Ben Yart, Supercremalleras, Bengo, Desaint, Kilian Millares, Beñat eta Cesar Magan oholtzaratuko diren bitartean, zapatuan Iseo & Dodosound, Neomak, Aimarz, Olatz Salvador, Oibaf, Etxekalte, Paul Larrozea eta Ke Lepo & Félix Buffen txanda izango da. Nabarmendu dute euskal eszenako izen finkatuak bertako eta estreinako aldiko talentuarekin uztartuko dituztela, “zuzeneko taldeak eta musika elektronikoko saioak gau berean” elkartuz. Gainera, etxeko artistak ere oholtzaratuko dira Xixili Festibaleko oholtzetara. Paul Larrozea DJa zein Etxekalte taldea, hain zuzen.
Bi agertoki
Bi agertokitan banatuko da festibala, oro har. Alde batetik, sarbide libreko eremua zehaztu dute: Kresala Gunea, zeinek eguneko emanaldiak eskainiko dituen. Bestetik, ordea, ordainpeko gunea egongo da, horren baitan bi espazio desberdinduz: Itsas Soinua Gunea zuzeneko taldeentzat izango da, eta Elektronikoa Gunea, berriz, DJ saio eta musika elektronikorako.
Izan ere, barikuko zein zapatuko jardunaldiek “sarbide libreko eremua” izango dutela aurreratu dute, musikarekin, foodtruckekin eta tokiko azokarekin girotuko dena: “Arratsaldeko giroa izango du, family friendly izaerarekin, taldeen eta tokiko artisten agertokiarekin, herri-dantzekin eta bestelako ekitaldiekin”. Barikuko sarbide libreko eremua 16:00etatik 19:00etara bitartean egongo da zabalik; zapatukoa, ostera, 13:00etatik 19:00etara bitartean.
Bermeoko Udalak “erakunde ofizial” gisa egingo du jaialdiaren alde, aipatu dutenez, eta besteren artean, “laguntza logistikoa, komunikaziozkoa eta segurtasunezkoa” eskainiko ditu. Hori gutxi baliz, Puntu Morea eta eraso sexisten aurrean prebentzio eta arreta protokoloa ere ahalbidetuko ditu tokiko talde batek, Emakunderen eta Bermeoko Udalaren eskutik. Horrez gain, “Palestinaren aldeko informazio eta sentsibilizazio gune bat” ere ezarriko da jaialdian, Gernika-Palestina Herri Ekimenaren eskutik.
Bide batez, esperruaren irisgarritasun neurriak zehazten ari dira jaialdiko antolatzaileak, esan dutenez. Jaialdia “pertsona guztientzako irisgarria” izatea nahi dute, eta horretarako, Fekoorren —Bizkaiko desgaitasun fisiko eta/edo organikoa duten pertsonen elkarteen koordinakundea— aholkularitza izango duela azpimarratu dute, eta horren inguruko azalpenak eman dituzte: “Oraingoz, %70eko aniztasun funtzionala duten pertsonentzako abonu berezia egongo da, pertsonarentzat eta haren lagunarentzat. Horrez gain, esparruaren barruan leku erreserbatua izango dute jaialdia eroso gozatzeko”.
Sarrerak
Sarbide libreko eremuaz aparte, egun bietan 19:00etatik 06:00etara bitartean gozatu ahalko dute sarreradunek jaialdiaz. Xixili Festibalaren sarrerak jaialdiaren webgune ofizialean eta Xceeden —jaialdiaren ticketing plataforma ofiziala— bidez eskuratu daitezke. Esan dute, halaber, banakako sarrerez gain, talde handiei zuzendutako sarrerak edota sarrera bereziak ere erosi ahal direla, batik bat, Abono Kuadrila edota Zorionak Pass deiturikoak.