Landare inbaditzaileak kentzeko jarduketa programa garatuko du aldundiak
Urdaibaiko hainbat eremutan landare-espezie inbaditzaileak desagerrarazteko eta lehengoratzeko plangintza aurkeztu du aldundiak.
Elixabete Etxanobe Bizkaiko Ahaldun Nagusiak eta Arantza Atutxa Ingurune Naturala eta Nekazaritza Sustatzeko Saileko foru diputatuak esku hartzeak zelan egiten dituzten ikusten egon dira gaur, Gautegiz Arteagan. Landare inbaditzaileak desagerrarazteko jarduketa-programa martxan ipini du Bizkaiko Foru Aldundiak Urdaibain, eta hori aurkezteko agerraldia egin dute gaur goizean [irailak 23], Gautegiz Arteagan.
5,14 milioi euro bideratuko dituzte lan horietara, eta Elixabete Etxanobe Bizkaiko Ahaldun Nagusiak esan bezala, aldundiak eta Espainiako Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioak (MITECO) sinatutako hitzarmenaren barruan jasota dago esku-hartzea: “Guggenheim proiektua planteatu genuenean, proiektuan bertan zehazten zen Urdaibai Biosfera Erreserban berroneratze jarduketa batzuk egitea. 2023an, Espainiako Trantsizio Ekologikorako Ministerioarekin hitzarmena sinatu zuen aldundiak, ingurugiroarekin erlazionatutako hainbat jarduketa egiteko. Museoaren plangintza edo proiektua bertan behera geratu bada ere, berroneratze jarduketa horiek aurrera egiteko konpromisoak bere horretan dirau, eta programa edo kanpaina hau da horren adibidea. Era berean, denbora daramagu Gernika-Lumon, Dalia fabrika zegoen partzelan kutsadura kentzeko lanetan, baita azpitik pasatzen diren azpiko ur horietako kutsadura kentzeko eta garbitzeko lanetan ere”. Hitzarmenak 40 milioi euroko diru laguntza eta ingurumenari lotutako hamahiru jarduketa jasotzen zituen, horiek egiteko sei urteko epea zehaztuz.
Basalan foru elkartearen bitartez, Oka ibaiaren estuarioan, paduretan eta Urdaibaiko duna-sistemetan jardungo dute, eta Busturiako San Kristobal eta Forua sektoreetan lanak hasi dituzte: “Lanok, bereziki, Urdaibaiko Itsasertzak eta Padurak Kontserbazio Bereziko Eremuan (KBE) egingo dira”.
Landare inbaditzaileak desagerraraztea ez ezik, kaltetutako eremuak gerora berreskuratzea eta jarraipena egitea ere aurreikusten du programak, “berriro zabal ez daitezen”. Ingurua lehengoratzeko, bertoko espezieak landatuko dituzte: “Plangintza edo kanpaina jarri dugu martxan Urdaibaiko Biosfera Erreserban dauzkagun landare inbaditzaileak errotik kentzeko. Erreserba honek balio paisajistiko itzela dauka, baina arazoak ere badauzka jasangarritasunaren ikuspegitik. Bertakoak ez diren landare inbaditzaileak daude. Martxan jarri dugun kanpaina honegaz, helburua da landare horiek errotik atera, eta ingurua bertako landare autoktonoagaz hornitzea, bertako espezieak landatzea, hain zuzen ere, padurak eta erreserbak behar duten berroneratzean aurrera egiteko”.

Modu planifikatuan eta jarraituan jardunda, “arazo handienak” sortzen dituzten espezie inbaditzaileetan jarriko dute arreta berezia: Baccharis halimifolia, Cortaderia selloana, panpa-lezka izenez ezaguna, eta Oenothera glazioviana.
Desagerrarazteko eta Berreskuratzeko Plana prestatzen ari da Basalan. Gaur gaurkoz, lau langileko lantaldea ari da beharrean, baina gerora, 25 behargin ariko dira lanean; izan ere, “operatiboa pixkanaka indartuko dute, urteko sasoiaren eta lan-kargaren arabera”. Arduradunen aurreikuspenen arabera, 450 hektareari eragiten die plangintzak, eta 2029ko abenduaren amaiera arteko esku-hartzea dela jakinarazi dute.
Etxanoberen berbetan, Busturialdea-Urdaibai Eskualdeko Plan Estrategikoan ere jasota daude ingurumenarekin lotuta jarduketak: “Eskualderako plan estrategikoa martxan daukagu, eskualdea ikuspuntu sozioekonomikotik bultzatzeko, eta ingurugiroari dagokionez, hau da planetariko bat”.