Eskualdeko Plan Estrategikoan jasotako jarduketa gehienek aurrera egin dute, diseinu tekniko eta administratiboan
Busturian bildu zen atzo (maiatzak 21) Eskualdeko Plan Estrategikoaren (EPE) Talde Eragilea, eta lehen jarraipen txostena aztertu zuen, zeinetan proiektu bultzatzaileak abian jarri direla ondorioztatu duten. "Jarduketa gehienek aurrera egin dute diseinu teknikoan, administratiboan eta aurrekontuan".
Eskualdeko Plan Estrategikoaren talde eragilea, Busturian.Bizkaiko Foru Aldundia Busturialdea-Urdaibaiko Eskualdeko Plan Estrategikoaren Talde Eragilea Busturian bildu zen atzo (maiatzak 21), 2025eko irailean onartu zen planaren jarraipenari buruzko urteko lehen txostena aurkezteko. Izan ere, plan estrategikoak badituela lehen emaitzak jakinarazi dute: “Jarduketa gehienek aurrera egin dute diseinu teknikoan, administratiboan eta aurrekontuan”. Hala, aurtengo urtetik aurrera gauzatuko den inbertsio exekuzioaren faserako oinarriak ezarri dituztela gehitu dute.
Hala ere, dagoeneko gauzatuta dauden proiektu batzuk nabarmendu dituzte; horien artean, Maier Technology Centerrera (MTC) —Maier kooperatibaren I+G enpresa unitatean— egindako 2,5 milioi euroko inbertsioa. “Jarduketa honek eskualdeko industria sarearen teknologia eta ikerketa gaitasuna indartzen du, eta MTCren gaitasun zientifiko-teknologikoak handitzea, enpresekiko eta erreferentziazko ikerketa zentroekiko lankidetza areagotzea eta osagai plastikoen eta automobilgintzarako dekorazio teknologien I+Gko erreferentzia-zentro gisa duen posizioa sendotzea ahalbidetuko du”, argudiatu dute. Gainera, industria dibertsifikatzeko aukera berriak aztertzen lagunduko duela uste dute.
Bizkaibus sarean integratuta dauden eskualdeko eskuinaldeko udalerrietan mikrobusen bidez garatzen ari den eskariaren araberako garraio-zerbitzua ere martxan dagoela azpimarratu zuten, baita Andrabideko harrobiaren egokitzapena amaitu dela ere. “Azken jarduketa horri esker, erabilerarik gabeko industria espazio hori erabilera berriak hartzeko gaitasuna duen eremu bihurtu da, ekosistema autoktonoak lehengoratzeaz gain”, gehitu zuten. Talde Eragilearen ustez, lehen aurrerapen horiek “argi” erakusten dute planaren “gaitasun operatiboa eta planaren garapenarekin zerikusia duten erakundeen konpromiso partekatua”.
Mugikortasunaren eta konektibitatearen esparruan, Autzagane-Muxika errepidearen kasuan, Bide Plan Berezia eta ingurumen ebaluazio estrategikoaren prozedurak idazten hasi direla ere jakinarazi zuten. Beste alde batetik, Muxika-Bermeo bidegorriak Gernika-Lumo/Murueta tartearen plangintza osatu duela gehitu zuten, eta Muxika/Gernika-Lumo tarterako trazadura-aukera desberdinak aztertzen ari direla ere bai.
Etxebizitzaren eta gizarte-kohesioaren arloari dagokionez, kolektibo zaurgarriei laguntzeko proiektua aurrera eroateko udalekin harremanak abiatu dituztela adierazi dute, egin beharreko jarduketa zehatzak identifikatzeko helburuz. Eta, lehen urtearen ostean, Errigoitiko etxebizitza publikoaren sustapena bideragarritasuna aztertzeko fasean dago gaur egun.
Gainera, esan zuten Eskualdeko Plan Estrategikoak aurrera egiten duela sustapen ekonomikoaren eta prestakuntzaren esparruan. Hori horrela, Barrutialde eta Nautika Eskola Lanbide Heziketako ikastetxeek azpiegituretan eta ekipamenduan dituzten inbertsio-beharrak zehaztu dituzte, eta lehenengo plegu teknikoak idazten hasi dira, “jarduketak lizitatzeko”.
Bestalde, Muxikako industrialde berriari ere erreferentzia egin zioten, 120 enpresa eta 1.500 lanpostu hartuko dituela gehituta, eta kasu honetan ere, jakinarazi dute, aurrera egin duela hori garatzeko beharrezkoak diren hirigintza-izapidek. “Inamaren lurzatia, alidz, behin betiko erabilera zehaztuko duten administrazio-prozesuen zain dago oraindik”, zehaztu dute.
Plan Estrategikoaren baitan, Bermeoko portuan hobekintzak egitea aurreikusten da, eta esan dutenez, azpiegituren modernizazioan aurrera egiten jarraitzen dute, “Bermeon eta eskualdean jarduera ekonomiko eta enplegu berriak sortzeko gai den ekonomia urdineko polo gisa posizionatzeko helburuarekin”.
Ondare natural, kultural eta historikoaren esparruan, Santa Klara komentuari, Foruko aztarnategi erromatarrari eta Santimamiñeko 3D proiekzioaren berrikuntzari lotutako proiektuek aurrera egiten dutela diote, definizio teknikoko eta etorkizuneko erabileren azterketako lanetan.
Beraz, lehenengo jarraipen-txostenaren arabera, Busturialdea-Urdaibai Eskualdeko Plan Estrategikoak proiektuak “aktibatzeko, plangintza teknikoa egiteko eta erakundeen arteko koordinaziorako” lehen fasea osatu du: “Lan kolektibo honi esker aurtengo urtea funtsezkoa izango da jarduketak bizkortzeko eta planak eskualdearen lehiakortasunean, gizarte-kohesioan, mugikortasunean, jasangarritasunean eta bizi-kalitatean duen eragina indartzeko”.