Jaietan herritarrek izan duten parte-hartze handia goraipatu du udalak
Andra Mari eta Santa Eufemia jaietako herritarren parte-hartze zabala eta herriko eragileen lana azpimarratu ditu Bermeoko Udalak, eta aurtengo jaien "balorazio positiboa" egin du. Bestalde, edozein motako eraso eta errespetu faltak "onartezinak" direla salatu du.
Bermeotarrek duela astebete agurtu zuten ilehoria, eta beragaz batera, Bermeoko Andra Mari eta Santa Eufemia jaiak. Bermeoko Udalak aurtengo jaien “balorazio positiboa” egin du: “Eguraldiak ekitaldi gutxi batzuk baldintzatu baditu ere, aurreikusitako jarduera guztiak egin ahal izan dira, eta herritarren parte-hartze zabala izan da jaietako ezaugarri nagusietako bat”.
Besteak beste, kontzertuak izan duten harrera ona nabarmendu dute udal ordezkariek, baina antzerkiek, kalejirek, ekitaldi tradizionalek eta gainerako ekintzek ere “herriaren babes handia” izan dutela gaineratu dute. “Gure jaiak parte-hartzaileak izan dira beti, eta aurten ere argi ikusi da. Irailaren 7tik 16ra jai-egun asko ditugu, eta horrelako egitarau zabal bati eusteko ezinbestekoa da herritarrak inplikatzea, eta bakoitzak bere ekarpena egitea. Aurten ere, hitzordu bakoitzean ikusi dugu hori”, adierazi dute.
Aurten, gainera, lehen aldiz gurpildun aulkian dauden pertsonek Lamerako kontzertuez gozatzeko aukera egokiagoa izan dute, bertan jarri den plataformati esker. Udaletik berritasun horrekiko balorazio ona egin dute, eta datorren urtera begira ideia horregaz aurrera egitea aurreikusten dutela azaldu dute.
Horrez gain, udalak bereziki nabarmendu nahi izan du jaiak antolatzeko eta aurrera eroateko lanean aritu diren herriko pertsona, talde eta elkarte guztien ekarpena. Horren baitan, “Jai Batzordeak osotasunean” antolatutako Almikako jaitsieraren inguruan egindako lana azpimarratu dute: “Ekitaldiak parte hartze handia izan zuen, eta Almikan bertan turuta tailerra eta mozorro leihaketa ere antolatu dituzte”.
Bide batez, gogorarazi dute Jai batzordea herriari irekita dagoela ekarpenak egin nahi dituzten udalerriko herritar eta erlkarte guztientzat. Jai batzordeaz gain, Txosna batzordearen lana ere goraipatu dute udaletik, bereziki, “erakutsitako prestutasunagatik eta elkarlanerako jarreragatik”, ze, esan dute eragile desberdinen arteko lankidetza funtsezkoa dela herritar guztientzako jaiak antolatzerako orduan.
Eleizalde Ikastolaren ardura izan da, aurten, bestalde, Sukalki eguna antolatzea. Izan ere, lehen hain ohikoa zen lehiaketa berreskuratu dute aurten, eta udalaren hitzetan, ekimenak “harrera bikaina” izan du: “80 kazola baino gehiago aurkeztu ziren, eta Tala jendez bete zen lehiaketaren baitan sortutako giroagaz”. Hori horrela, ikastolak egindako antolakuntza-lana “txalotzekoa” dela plazaratu dute udal ordezkariek.
Errespetua, beharrezkoa
Dena, baina, ez da positiboa izan. Herria garbi mantentzea berebizikoa dela argi esan dute. Eta nahiz eta udalak herria jai egunetan garbi mantentzeko baliabideak indartu dituen, azaldu dute jaietako egun batzuetan “zaborra eta bestelako hondakinak” lurrean pilatu zirela. Horregatik, herritarrei gogorarazi diote herria garbi mantentzea “guztion erantzukizuna” dela, eta jaietako giroa eta parte-hartzea ingurunea zaintzeagaz uztartu behar dela.
Horrez gain, edozein motatako eraso eta errespetu faltak “onartezinak” direla salatu du udalak. Alde batetik, herriko jaietan hain maitatua den Xixiliren inguruko tradizioak errespetuz egiteko deia zabaldu dute: “Xixiliren ileak lortzea jaietako ohitura ezaguna eta estimatua bada ere, horretarako bideek errespetuzkoak izan behar dute beti. Izan ere, Xixiliren barruan pertsona bat dago, eta haren segurtasuna eta duintasuna errespetatu behar dira”.
Bestalde, Liburutegiak jasandako erasoa, herriko hainbat tokitan egindako pintaketak eta Errementa Armaidxue eta Txosna Batzordearen kontra egindako ekintzak ere gaitzetsi egin ditu udalak, eta esan du horrelako jarrerek ez dutela lekurik Bermeon: “Jaiak elkarrekin gozatzeko egunak dira. Iritzi eta ikuspegi desberdinak izatea zilegi da, baina ez dugu erasoetan edo errespetu faltan oinarritutako jarrerarik onartzen gurean”.