Angel Txertudi, Nabarnizko 45. Zaldi Proba Txapelketaren garailea
Angel Txertudi izan da Nabarnizko 45. Zaldi Proba Txapelketaren garailea, proba nagusian 60 untza eginda. Kinttopekoa Rafa Alegriak poltsikoratu du, 57 untza, 5 metro eta 50 zentimetro lortuta.
Argazkia: Nabarnizko Iluntzar Jai Batzordea. Hilaren 18, 19 eta 21ean lehiatu dute Nabarnizko Zaldi Proba Txapelketaren 45. ekitaldia, Bizkaiko zein Euskadiko Txapelketetarako puntuagarria. Herriko probalekuak goi mailako lehia hartu du hiru egunotan, eta parte hartzaileek borroka ederra eduki dute hala proba nagusian, nola kinttopeko lehian. Azkenean, garailea eskualdean geratu da, maila nagusian: Angel Txertudi busturiarra nagusitu da, 60 untzagaz. Bigarren eta hirugarren postuetan sailkatu dira, hurrenez hurren, Bermeoko Rafa Alegria eta Zallako La Herrera elkartea; lehendabizikoak 57 untza, 5 metro eta 50 zentimetro ondu ditu, eta bigarrenak, ostera, 53 untza.
Sailkapen orokorrean bigarrena izanagatik ere, Alegriak kinttopeko sailkapena patrikaratu ahal izan du, zallarren aurretik. Sailkapen orokorreko laugarren postuak Aulestira jo du: Ibekohondok lortu du, 51 untza, 5 metro eta 50 zentimetro eginda. Bere ondorengo saikatuak honakook izan dira: bosgarren postuan, 51 untza lortu dituen Txibilter azkoitiarra (kinttopeko bigarren sailkatua); seigarrenean, 47 untza eta 5 metro ondu dituen Guriezoko Fermin Santamaria; zazpigarren tokian, 44 untzagaz, Guriezoko Hermanos Santamaria; zortzigarrenean, 41 untza, metro bat eta 50 zentimetrogaz, Astigarragako Akarregi Sagardotegia; bederatzigarrenean, Mañuko Erauskin, 40 untzagaz; azkenik, hamargarren postuan, 38 untza ondu dituen Josu Egurrola etxebarritarra (kinttopeko sailkapenean laugarrena).

Argazkia: Nabarnizko Iluntzar Jai Batzordea.
Maila nagusiko garaileak 800 euroko dirusaria, txapela eta manta jaso ditu Nabarnizko udal ordezkarien eta Iluntzar Jai Batzordeko kideen eskutik; kinttopekoak, berriz, 300 euroko dirusaria, txapela eta manta.