Bermeoko kirol-kluben artean euskararen erabilera sustatzeko egitasmoa indartuko dute
Duela hiru urte Bermeoko Udalak eta Ebete hezkuntza-proiektuak hasitako bideari jarraipena emateko, kirol esparruan euskararen erabilera areagotzeko udalerriko kirol-klub desberdinek finkatu dituzten erronkak plazaratu dituzte.
Bermeoko Udalak hiru urte daramatza Ebeterekin elkarlanean, udalerriko kirol-klubetan euskararen presentzia eta erabilera indartzeko asmoz. Oraingoan, ordea, elkarlanean beste urrats bat emango dute, kirol-klubak prozesuaren erdigunean jarriz, eta bakoitzaren errealitatetik abiatutako neurriak bultzatuz. Horretarako, Urdaibai Eskubaloi Taldeak, Bermeo Futbol Taldeak, Xixili Gimnastika Taldeak, Urdaibai Arraun Taldeak eta Bermeoko Zesta Eskolak bat egin dute Bermeoko Udalak bultzatutako egitasmoagaz.
Gaur goizean aurkeztu dute ekimena, udaletxean, eta Iker Bilbao San Nikolas euskara zinegotziak nabarmendu du kirolak herriko gazteen egunerokoan duen presentzia baliatu nahi dutela euskararen erabileran eragina izateko. “Gaur aurkezten ari garen egitasmoak helburu argi bat du: Bermeoko kirol-esparruan euskararen presentzia handitzea, eta horren bidez, gure herriko gazte eta nerabeek euskaraz aritzeko aukera gehiago izatea”, azaldu du. Jakin badaki gazte gehienen bizitzetan kirolak duen presentzia handia dela, eta esan du kirola ezin dela albo batera utzi euskareren erabileran aurrera egin nahi badute.
Udalaz gain, esan bezala, Ebete plataformak ere badu bere pisua egitasmoan. Hala nola, Ebeteko ordezkari den Markel Baroja Laitak klub bakoitzaren errealitatea aztertzearen garrantzia azpimarratu du: “Hizkuntza-zerbitzuaren laguntzarekin klub bakoitzaren errealitatea aztertu eta euskararen erabileran eragiteko neurri zehatzak identifikatuko dira, betiere klub bakoitzaren ezaugarriak, beharrak eta aukerak kontuan izanik”.
Ze, egitasmoaren helburua ez da klub guztiek bide berdina egitea; bakoitzak bere egoeratik abiatuta urrats zehatzak ematea baizik. Gauzak horrela, klub bakoitzak datozen hilabeteetara begira jarritako erronkak azaldu ditu.
Kirol-kluben erronkak
Urdaibai Eskubaloi Taldeak, esaterako, beroketa eta luzaketa errutinak euskaraz eta kirolariek eurek zuzenduta egitea izango du lehen erronka: “Entrenatzaileek euskaraz irakatsitako errutinak kirolariek euskaraz egitea sustatuko dugu”. Horrez gain, partiduetako giroan euskararen presentzia handitzeko helburupean, “jokalariak euskaraz animatzeko ideien zerrenda” osatuko eta banatuko dute familia eta zaleen artean. Azkenik, gazteen artean euskarazko kirol erreferenteak ezagutarazi nahi ditu taldeak, eta horretarako kirolari euskaldunen eredua klubeko jokalariei hurbiltzeko bideo eta bestelako ekintzak proposatuko dituzte: “Ekimena zuzendaritzako kide edo komunikazio arduradun batek koordinatuko du, Enbeterekin elkarlanean”.
Bermeo Futbol Taldeak ere ildo berdina jarraituko du: “Entrenatzaileek zuzendutako beroketa eta luzapen saioak euskaraz egiteko helburua finkatu dugu, alde batetik. Bestetik, Itxas Gane futbol zelaiko harmailak euskaratu nahi ditugunez, partiduetan erabil daitezkeen euskarazko animoen zerrenda zabalduko dugu”. Klubak, gainera, gazteekin ari diren entrenatzaile euskaldunen eta gurasoen arteko harreman sarea indartu nahi duela gaineratu du. Horren baitan, entrenatzaileek gurasoen WhatsApp taldeetan euskaraz komunikatzeko duten nahia azalduko du klubak hasieratik.
Xixili Gimnastika Erritmikoko ordezkariak urte hauetan guztietan egindako bideari jarraipena emango diotela azaldu du: “Gazteekin dabiltzan entrenatzaileek euskarazko entrenamenduak eskaintzeko ahalegina egiten dute gurean, eta txapelketetan ere, ahal den heinean euskarazko abestiak erabiltzen saiatzen gara”. Gainera, ziurtatu dute Bermeon klubak antolatzen dituen ekimen desberdinetan Euskaraz bizi gura dot mezua duen pankarta argi erakusten eta kokatzen dutela, “euskararen presentzia eta erabilera ikusarazteko” asmoz.
Bermeo Arraun Taldeko ordezkariak ezin izan dira egitasmoaren aurkezpenean izan, baina parte hartuko dutela azaldu dute. Aurten ekingo dio klubak prozesuari, esan dutenez: lehenik, haur eta nerabeei zuzendutako eskaintzaren diagnostikoa egingo dute, eta emaitzak aztertu ostean, taldeak euskararen erabilera indartzeko eman ditzakeen pausoak aztertuko dituzte, bere errealitatetik abiatutako ibilbidea eginez.
Bermeoko Zesta Eskola, azkenik, hizkuntza-proiektu propioa diseinatzeko prozesuan dagoela azaldu dute, Ebeteko hizkuntza-zerbitzuarekin etengabeko harremana mantenduz.
Udala, pozik
Nadia Nemeh Shomaly Bermeoko alkateak, bere aldetik, udalerriko klub desberdinen konpromisoa azpimarratzeaz gain, bere poztasuna ere plazaratu du: “Guretzat oso garrantzitsua da udaletik egiten diren hizkuntza-politikak herriko eguneroko errealitateagaz lotzea, eta kirola horretarako esparru ezin hobea dela uste dugu”. Alkatearen berbetan, gaur aurkeztu duten egitasmoa “bide baten hasiera” baino ez da; ez da helmuga bat. “Bermeon badugu euskaraz bizitzeko nahia, eta nahi hori egneroko espazioetara eramatea da gure erronka. Kirola ere bide horren parte izatea gura dogu”.