Santa Kurtze jaiak, betiko osagai, kolore eta saltsagaz
Bilboko Aste Nagusian bezala, askotariko kolore eta balioez betetako konpartsen bilgune izan zen atzo eguerdian [irailak 20] Muxikako Ariatza auzoa. Santa Kurtze jaietako azkenengo egunean, ohiturari eutsiz, Saragiaren hileta antzeztu zuten ariatzarrek.
Marijaia, pregoilaria eta txupinera, Kaskagogor, Mozolak, Maripozak, Mozkorrak, zezenketa zaleak… Santa Kurtze jaiak umorez eta kolorez beteta agurtu zituzten. Irailaren 13an, Santa Kurtze egunaren bezperan hasi zituzten jaiak, eta asteburuan jai giroa nagusi izan da. Esaterako, atzo, Saragiaren hiletaren aurretik, Baso Txoritxu Dantza Taldekoen emanaldia eduki zuten.

Zapatuan, herri bazkariaren ostean, Sustabiz Fundazioko kideen bisita jaso zuten; jardunaldi parte hartzailean, herri kirolak probatu zituzten, eta horrez gain, Jon Onaindiak, Gari Elorriagak, Ane Atxutegik, Garazi Izagirrek eta Manex Martinez de Alegriak erakustaldia eskaini zieten plazan bildutakoei. Gero, berriz, Asier Galarza eta Onintza Enbeita muxikarraren eta Ibai Amillategi gernikarraren bertsoez gozatu zuten.
Bizkaiganen. Bestalde, errigoitiarrek ere urteko hitzordu berezienetakoa eduki zuten atzo, Bizkaiganen. Bertso, musika eta ardi-txakur erakusketa izan ziren osagai nagusiak.

Julenpo, Txiplas eta Areitioren bertso artean elkartu ziren, eta Bermeoko Kankinkabara Txistu Taldeko kideak eta Etxebarria aita-semeak ere bertan egon ziren, giroa berotzen. Ardi-txakur erakustaldian, berriz, Asier Alegria eta Jai, Markel Enzunza eta Neka, Amaia Ondarza eta Zuma eta Unax Arrien eta Oihu aritu ziren.

89 puntugaz, Enzunza eta Neka izan ziren onenak, eta horiek baino lau puntu gutxiago lortu zituzten Ondarzak eta Zumak. Alegria eta Jai eta Arrien eta Oihu sailkatu ziren hirugarren eta laugarren, 77 puntu eta 19 puntugaz, hurrenez hurren.