2.517 euro, Haszten laguntzen jarraitzeko
Haszten Elkartea babestu eta kirol egokitua ikusarazteko Barbero Solidario jaiak elkartasunez bete zuen atzo [irailak 20] Iparragirre Kalea. Ile-apaintzaile eta bizarginek 127 zerbitzu eskaini eta 2.517 euro bildu zituzten.
Hunkituta bezain eskertuta, domekako egunak utzitakoak gainditu barik ditu oraindik Sorkunde Ordorika Lartitegik. Barbero Solidario jaialdi solidarioa antolatu du aurten seigarrenez, eta iazkoak utzitako “zapore gazi-gozoa” eta gero, aurtengoaren emaitzagaz “ezin pozago” dago. Izan ere, iaz ez bezala, eguraldia lagun izan dute aurten eta horrek ekitaldia Iparragirre Kaleak burutu ahal izatea ahalbideratu zien —iaz Merkatu plazara lekualdatu behar izan zuten—. Haszten Elkartearen aldeko elkartasun jaialdiak 2.517 euro bildu ditu aurten, iaz baino 417 euro gehiago.
Eguraldiaren aurreikuspenak ikusirik, domekako hitzorduagaz “baikorra” zen Sorkun ileapaindegiaren zein Batzean dagoen Ordorika, baina jendearen erantzunak “aho zabalik” utzi zuen goizeko lehen ordutik: “Jaiaren hasiera 10:00etan izan behar zen arren, hamabost minutu aurretik ilara esanguratsua zen”.
Elai Alai Dantzari Taldeko dantzariaren aurreskuagaz eta Haszten Elkarteak Ordorikari jantzi zion zapi pertsonalizatuagaz inauguratuta gelditu zen jaialdia. Goizetik hasi eta eguerdira arte, handik eta hemendik etorritako ile-apaintzaile, bizargin eta estetizistek bete zuten Iparragirre Kalea, “asko eta asko” izan baitziren kirol egokituaren aldeko ile-mozketak egiteko helburuagaz bertaratu zirenak: “Espero baino goizago ilara itxi eta ile-mozketetarako txandak emateari utzi behar izan genion, izugarria izan zen”.
Ile-mozketek bakarrik ez, “hilabete luzez” ondu duen egitarauak ere ume zein helduen arreta bereganatu zuen, asko izan baitziren kalean zehar eskaini ziren ekintzak: crossfit erakusketa, herri kirol parte hartzaileak, Asier Zugadi Zugaren emanaldia, Ross Dantza Taldeko dantzarien ikuskizuna, DaiBai Skateboardingekoekin saioa…
Komertzioekin batera.
Barbero Solidario jaialdira bertaratu diren guztiei “eskerrik beroenak” helarazteaz harago, ekitaldia bera ere posible egin duten ile-apaintzaile, bizargile eta zozketarako sariak dohaintzan emanez lagundu duten herriko komertzioei ere eskerrak eman gura izan dizkie, “urtero laguntzeko prest” agertzen baitira. Ile eta bizar mozketei eta manikurari dagokionez hamabi postu ipini zituzten, bederatzi toki ezberdinetatik iritsitakoak: Urnieta, Madril, Toledo, Portugalete… Gernika-Lumoko bi ile-apaintzaile egon ziren: Sorkun bera eta Eli.
Mozketak baina, ez dira Haszten Elkarteari bideratzeko diru-bilketarako bide bakarra. Barbero Solidarioko zozketek ere herritarren arreta bereganatzen dute, herriko komertzioek emandako “denetariko produktuak” irabazteko aukera egoten baita. Gernika-Lumoko zein eskualdeko kirol talde eta kirolariek ere beraien dohaintza egiten dute, aniztasun funtzionala duten adingabeek kirola egiteko baliabideak izan ditzaten: “Komertzioekin egin behar da eta gero guztia pilatu. Ondo irten dela, hau da, helburua bete dela ikusteak lanak merezi izan duenaren sentsazioagaz utzi gaitu”, azpimarratu du.
Elkartasun jaialdiaren lehen aldetik Ordorikaren lanagaz eta dedikazioagaz “oso eskertuta” daude Haszten Elkartekoak ere. Lantalde ona osatzen dutela eta, aurtengoagaz asebeteta, hurrengo urtean jarraipena emateko borondatea agertu dute denek.