Herrian arnasgune den Berbalagun egitasmoa martxan da
Berbalagun egitasmoa bueltan dela aurkeztu dute gaur goizean Bermeoko Udalak eta herriko bi euskaltegiek, zein Hizkuntza Eskola Ofizialak. Aurten 'Eraman euskara praktikara' lelopean dator egitasmoa. Arduradunek gogoratu dute parte hartu gura duen edonork izena eman dezakeela.
Bermeoko Udala herriko euskaltegiekin eta Hizkuntza Eskola Ofizialarekin elkarlanean aritu da, beste urte batez, Berbalagun egitasmoa martxan jartzeko. Gaur goizean aurkeztu dute, Bermeoko Lameran. Eraman euskara praktikara lelopean dator aurtengo egitasmoa, eta Iker Bilbao Euskara zinegotziak gogoratu du Berbalagunek “lagunartean euskaraz berba egin eta praktikatzeko” aukera ematen dutela, batik bat. “Berbalagunen parte hartzen due dutenek, lagunartean euskaraz eginez, hizkuntza bizia eta adierazkorra lantzen dute, eta erraztasuna hartzen dute egunerokotasunean euskaraz aritzeko”, azaldu du.
Marimar Hernandez da Berbalagun egitasmoko dinamizatzailea, eta aurtengo leloaren garrantzia azpimarratu du: “Leloak euskaraz jakiteaz edo ikasteaz gain, erabiltzearen garrantzia azpimarratzen du, eta hori da gure saioetan egiten duguna: ikasitakoa eguneroko egoeretan praktikan jarri, eta euskara erabiliz sendotu”. Gauzak horrela, nabarmendu du mintzapraktika-programetan ez dagoela “ez zahar, ez berri, ez hango, ez hemengo”. Ze, Berbalagunen helburu nagusia “euskaraz lasai arituz, euskararen bizindarra indartzen eta zabaltzen” joatea izanik, ideia berdina islatu nahi dute egunez egun. Herrian arnasgune izan nahi dute, eta lortzen ari dira.
Orain arteko herriaren aldeko erantzuna, gainera, “positiboa” izan dela diote. Bermeoko hainbat Berbalagun hurbildu dira, halaber, egitasmoaren aurkezpenera, eta esan dute egitasmoa “oso baliagarria” dela: “Euskaraz hitz egiten dugu bitartean, ondo pasatzen dugu. Haserretu egiten gara. Eta jarraia des-haserretu. Baina euskaraz. Euskara batuan zein bermeotarrez, gakoa euskaraz hitz egitean dago: kalean, tabernan, eta ahal den leku guztietan. Bermeon euskara geroz eta gutxiago erabiltzen den honetan, erreferentziazko taldea ere bagarela uste dut, jendeak ikusten gaituenean ‘Hemen datoz honeek, beraz, euskaraz egingo dugu‘ bezalakoak esaten dituzte, eta hori ere bada modu bat jendea euskaraz egitera bultzatzeko”.
Dagoeneko hiru talde daude martxan Bermeon: martitzenetan 12:30eatik 13:30eara bitartean biltzen direnak, martitzenean 18:30eatik 19:30eara biltzen direnak, eta azkenik, barikuetan 17:00etatik 18:00etara biltzen direnak. Hernandezek gaineratu du guztiak lameran biltzen direla, eta argi esan du hiru talde horiez gain, beste talde batzuk ere sortzea espero duela. Hala nola, zaletasunen araberako taldeak ere elkartuko direla aurreratu du: “Esaterako, inguruetatik oinez ibiltzeko taldea dugu, hilean behin batzen dena. Dantza errazak praktikatzeko taldea ere badugu”.
Bestalde, Berbalagun egitasmoan edonork hartu dezake parte, Hernandezen hitzetan. Zehaztu du 5 eta 6 laguneko taldeak izaten direla, eta “parte hartzaileen ordutegiak, adina eta zaletasunak” izaten direla kontuan horiek eratzeko. Aurten, gainera, “ahalegin berezia” egin gura dute ikastetxeetan, familiak Berbalagun taldeetara erakarrita. Udalerriko elkarte desberdinak ere animatu gura dituzte egitasmoan parte hartzera.
Gurasolagun
Berbalagunen baitan, aurten, Gurasolagun egitasmoa ere egongo da. Hernandezek esan du horren helburua familian ere euskaraz egiteko ohiturak bultzatzea izango dela. Horretarako, hainbat ekintza aurreikusi ditu: “Udazkenean, Tertanga etxean, Amurrion, gurasolagunentzeko asteburu pasak antolatu dituzte urriaren 17 eta 18an eta azaroaren 7an eta 8an. Guk ere, Bermeon, baditugu gurasolagunentzako zenbait ekintza aurreikusita”.
Horrez gain, berbalagunentzat eta ez direnentzat, Berbalagun lehiaketekin jarraituko dute, helburu berdinaren menpe. Hala, udazkenekoa azaroan, negukoa otsailean eta udaberrikoa maiatza eta ekaina bitartean izango da, oro har. “Orain arte ehunka lagunek parte hartu dute, eta oso eskertuta gaude hain harrera onarekin”, adierazi du Hernandezek. Eta, zelan ez, ikasturtean zehar, beste ekintza osagarri batzuk antolatuko dituzte, urtero egiten duten moduan: irteerak, hitzalditxoak, tailerrak… Herritarren proposamen guztiak ongi etorriak direla adierazi dute, bide batez.
Izena emateko hainbat aukera daude; https://emanizena.praktikatu.eus/ webgunearen bitartez izena eman daiteke edo 607 60 95 80 telefono zenbakira idatzi, baita Euskara Sailera edo kultur etxera hurbilduta ere. Halaber, informazio gehiago eskuratzeko https://praktikatu.eus/blog/bermeo ataria bisitatu daiteke.
Nadia Nemeh Bermeoko alkateak, bere aldetik, Berbalagun egitasmoan parte hartzeko “gogoa” baino ez dela behar nabarmendu du. Euskara batua eta bermeotarra lehen lerroan jarri ditu, gainera, “guztiak garrantzitsuak” direla esanik, eta euskara ikasteko edota hobetzeko gogoz dauden herritar guztiak animatu ditu Berbalagun egitasmoa probatzera: “Behintzat hurbildu, galdetu, informatu, eta probatu. Gero bakoitzak erabaki dezala zer egin”.