Elkartasunetik, Nabarnizko lur azpira salto
Ia 200 kobazulo aurkitu dituzte Iluntzar inguruan, eta ADES espeleologia taldeak Nabarnizko Udalaren zein herritarren laguntza eta prestutasuna azpimarratu ditu horregaz aurrera jarraitzeko.
Argazkia: ADES espeleologia taldea Nabarnizko paisaia ez da begien aurrean ikusten den horretara mugatzen. Lur azpian, Iluntzarko magalean barrena, beste mundu bat dago ezkutatuta: kobazuloz, urez eta oraindik ezagutzeko dauden txokoz osatutako lurpeko sarea. Azken urteetan, ADES espeleologia taldeak ia 200 koba aurkitu ditu Iluntzar inguruan, eta ikerketa horiek egiteko ezinbestekoa izan da herriko udalaren eta herritarren lankidetza.
Oier Gorosabel ADESeko kideak Nabarnizen lan egitearen bi alde nabarmendu ditu, bereziki. Batetik, udalarena. Haren esanetan, erakundeak hasieratik erakutsi du ikerketa hauen inguruko interesa, eta taldeari beharrezkoak izan zaizkion erraztasunak ere eman dizkio. Gainera, Gorosabelek azaldu duenez, udalak ADESek egindako ikerketa desberdinen garrantzia aitortu du “behin eta berriz”, eta hori “oso garrantzitsua” da taldearentzat.
Bestetik, herritarren jarrera mahaigaineratu du. Nabarnizko biztanle gehienak baserritarrak direla kontuan hartuta, espeleologoek euren lursailetatik igaro behar izaten dute kobazuloetara iristeko. Ze, kobak beraiek “jabetza pribatukoak ez badira ere, haien gaineko lursailak bai, badira”. Horregatik, Gorosabelek nabarmendu du herritarren aldetik “sentsibilitate bat, interes bat eta prestutasuna” aurkitu dituztela.
Lankidetza hori, gainera, ez da norabide bakarrekoa. ADESeko kidearen hitzetan, harremana “hartu-eman bat” bihurtzen da. Izan ere, espeleologoek kobazuloetan egindako ikerketek “informazio baliotsua” eskaintzen diete baserritarrei, batez ere uraren inguruan. “Lur azpian sartzeak uraren jatorria zein den edo kutsadurarik dagoen jakiteko aukera ematen digu, eta ezagutza hori zuzenean erabilgarria izan daiteke inguruko lurren eta baserrien kudeaketarako”, azaldu du.
Kobazuloen ikerketa ez da, ordea, soilik lur azpian sartzea. Gorosabelek gaineratu bezala, esploratu arte kobazulo horiek “ez dira existitzen”. Ez daude mapetan eta ez dira herritarren jakintzaren parte. Espeleologoak barrura sartzen direnean, berriz, ezezaguna den hori ezagun bihurtzen dute. Aurkitutako espazioak mapetan marrazten dituzte eta, horrela, ordura arte ezezaguna zen lur azpiko errealitatea dokumentatzen dute.
Nabarnizen, gainera, baldintza geologikoek lagundu egiten dute kobazuloak sortzen. Iluntzar inguruko lur azpiko substratua kareharrizkoa da, eta harri mota hori disolbagarria denez, uraren eraginez denboragaz zulatu eta higatu egiten da. Horren ondorioz, herria kobazuloz jositako eremu batean dago kokatuta: Iluntzarren.
Bi arroren artean
Iluntzarrera erortzen den euri-ura, gainera, “bi arro hidrografikoren artean” banatzen da: zati bat Oka ibaiaren arrora doa, eta beste bat Lea ibaiaren arrora. Muga horiek dira, hain zuzen ere, biologoek eta geologoek lurraldea aztertzeko erabiltzen dituzten erreferentzietako batzuk.
Urteetan egindako lanaren ondorioz, ia 200 kobazulo aurkitu dituzte Iluntzarreko mendi multzoan: “Nabarniztarrak 200 kobazuloren gainean bizi dira”. Espeleologoek aurkitzen duten errealitateak, ordea, badu alde ilunago bat ere. Gorosabelek azaldu duenez, ingurumen-kontzientziak azken hamarkadetan aurrera egin badu ere, iraganeko zaborrek oraindik lur azpian segitzen dute.
“Garai batean, etxean erabiltzen ez ziren objektuak inguruko zuloetara botatzeko ohitura zegoen. Hasieran, material organikoak zirenez, hondakin horiek denboragaz desagertu egiten ziren. Plastikoa eta material sintetikoak hedatu zirenean, ordea, arazoa areagotu egin zen. Jendeak zuloetara zaborra botatzen jarraitu zuen, baina hondakin horiek ez ziren desagertzen”, azpimarratu du geologoak. Eta arazoa ez da soilik estetikoa. Zenbait kasutan, zaborrak ura dagoen guneetara iristen dira, eta kutsatu egiten dute. Hori izaten da espeleologo taldeak gaur egun aurkitzen duen arazo ohikoena.
Hala ere, badago itxaropenerako arrazoirik, esan duenez. Ze, Gorosabelek uste du gizarteak “gero eta argiago” duela ingurumen-kontzientziaren garrantzia, eta, ondorioz, gero eta gutxiago kutsatzen direla lurrak.
Elkarlana, oinarri
Iluntzarren, beraz, kobazuloak baino askoz gehiago dago. Lur azpiko mundu hori ezagutzeko eta babesteko lanak zientzia, natura eta herria lotzen ditu, oro har. Eta Nabarnizen, bide horretan, udalaren konpromisoak eta herritarren prestutasunak ezinbesteko zeregina izan dute. Espeleologoek lur azpian aurkitzen dutena mapetan jasotzen duten bitartean, elkarlanari esker, ezkutuan dagoen ondare hori ezagutza eta babes bihurtzen da.