'Gatibu, agur esan barik', Zinemaldiaren distira eta argi artean
Jabi Elortegi bermeotar zuzendariaren 'Gatibu, agur esan barik' dokumentala estreinatuko dute domekan, Donostiako Zinemaldian.
Abenduan BECen hiru kontzertu eskaini zituzten.Pausoka Entertainment Agur esan barik agurtzea beti ez da erraza, eta hautu hori hartu zuten Gatibu taldekoek iaz. Tristura, poza, beldurra, zalantzak edota lasaitasuna sentitu litezke agurtzean, etapa edo ziklo bat itxi eta beste bati ekiteko momentua ailegatzean.
Gatiburen despedidak ere sentimendu-saltsa eragingo zien seguruenik taldekide zein euren musikaren jarraitzaile sutsuei. Orain, agur esatearen prozesu hori zelan bizi izan zuten ikusteko ordua heldu da: Jabi Elortegi bermeotarrak zuzendutako Gatibu, agur esan barik dokumentala Zinemaldian estreinatuko dute domekan [irailak 20]. 18:45ean Principe aretoan eskainiko dute, eta gero, solasaldia egingo dute zuzendariarekin eta taldekideekin.
Zinemira sailean, Euskal Zinemaren Irizar Saria lortzeko hautagaietako bat da, eta domekan ez ezik, astelehenean eta martitzenean ere proiektatuko dute; astelehenean, 22:00etan, Antiguo Berrin eta martitzenean, 22:15ean, Principen.

Haimar Arejita, Gaizka Salazar eta Iñigo Etxebarrieta, estudioan.Pausoka Entertainment
Zuzendariaren hitzetan, “ospakizuna” da dokumentala. Izan ere, askorentzat “sentimenduz betetako oroitzapenen” parte da Gatibu; “ospakizunetan, bidaietan, hausturetan zein adiskidetzeetan” lekua egin dute talde horren abestiek: “Emozioz, errespetuz eta hurbiltasunez kontatu nahi izan dugu historia hau, eta pelikula ikusten duenak euritan dantzan dagoela sentitzea izan da asmoa”. 82 minutuko lana ondu dute, eta horren atzean ere badira eskualdeko zenbait soinu-maisu; lantaldeko kideen artean daude Hannot Mintegia musikari eta ekoizle gernika-lumotarra eta Asier Renteria musikari eta soinu-disenatzaile bermeotarra.
25 urte, 11 disko eta 800 kontzertutik gora. Musika taldearen ibilbidea errepasatu, eta denboraren joana ere islatzen da bertan, baita talde moduan zein pertsonalki bizitako aldaketak, heldutasuna eta agur esaten jakitearen garrantzia ere: “Eszenaratzeak agertoki handien dimentsio epikoa orekatzen du bidaiaren intimitatearekin eta azken agurrarekin batera dauden isiltasunekin”. Kontzertuen irudiak, backstage-etakoak, taldekideei nahiz horien ingurukoei egindako elkarrizketak… Agur biraren une bereziak jaso dituzte: Gernika-Lumon eskaini zuten Azken zoramena, Barakaldoko BECen hiru egunez Bizkaia Arena bete izana… Era berean, taldekideentzat esanahi berezia daukaten txokoak ere ageri dira, tartean, Gernika-Lumoko Zeppelin taberna, Urepel eta Boise.

Alex Sardui abeslaria eta Jabi Elortegi dokumentalaren zuzendaria, Boisen.Pausoka Entertainment