Ahalduntzerako Gune Feminista sortuko dute Bermeon
Bihar arratsaldean (irailak 18), beste herri batzuetan garatutako esperientziak ezagutuko dituzte, eta, horrez gain, Beatriz Egizabalek Gregoria bakarrizketa eskainiko du.
Bermeoko Udalak Ahalduntzerako Gune Feminista sortzeko herri-prozesua abiatu du.
Herriko eragile feministekin, emakumeen taldeekin eta disidentzia antolatuekin egindako lehen gogoeta-fasearen ondoren, herritarrei irekitako partaidetza-fasea egingo dute udazken honetan. Proiektua herrian ezagutarazteko, saretzeko eta haren inguruko gogoeta sustatzeko asmoz, bihar (irailak 18), 18:30ean Bekoportalen bilduko dira.
Herri-prozesuaren helburua da etorkizuneko espazioaren izaera, funtzioak, erabilerak, antolaketa-eredua eta lehentasunak modu parte-hartzailean zehaztea, eta, aldi berean, proiektua pixkanaka errealitate bihurtzeko bide-orria adostea.
Biharko saioan, Beatriz Egizabal aktoreak Gregoria bakarrizketa umoretsua aurkeztuko du, eta jarraian, ahalduntze feministarako etxeen inguruan garatutako esperientziak ezagutuko dituzte: “Hitzorduaren bidez, beste herri batzuetan garatutako esperientziak ezagutu eta horietatik ikastea bilatzen da, Bermeoko Ahalduntzerako Gune Feminista irudikatzen hasteko ideiak eta gakoak partekatzeko”.
Urrian asanblada. Iraileko saio horren ostean, asanblada irekia deituko dute, urriaren 17rako (goizez batuko dira). Ahalduntzerako Gune Feminista sortzeko interesa daukaten herritar denei zuzendutako deialdia izango da, eta bertan, gunearen izaerari, funtzioei, erabilerei eta antolaketa-ereduari buruzko ekarpenak jasoko dituzte: “Era berean, proiektua urratsez urrats errealitate bihurtzeko bide-orria lantzen hasiko dira parte-hartzaileak”.
Gogoratu dute Bermeoko Udalak bultzatutako espazio berri horrek (oraingoz, Ahalduntzerako Gune Feminista izena dauka) “izaera publiko-komunitarioa” izango duela oinarri. Horrenbestez, prozesuaren erronka nagusietakoa da proiektua herrian zabaltzea eta Bermeoko emakumeen eta disidentzien behar eta errealitate anitzetara egokitzea, “askotariko ahotsak eta esperientziak prozesuaren erdigunean kokatuta”. Horregatik, herritarrak partaidetza-prozesuan parte hartzera gonbidatu ditu udalak, denen ekarpenekin Ahalduntzerako Gune Feminista irudikatu eta definitu, eta gerora, errealitate bihur dadin.