"Arraunaren erreferente" bihurtu den Bermeoko Bandera aurkeztu dute
Uda amaieragaz batera, Eusko Label ligaren amaiera ere ate joka dago. Horren erakusle izaten da urtez urte Bermeoko Banderaren lehia. Zapatuan [irailak 19] arraunaren epizentro bihurtuko da udalerria, "erreferente" bihurtu den egunaz gozatzeko. Gaur aurkeztu dute bandera, Arrantzaleen Museoan.
Donostiako Kontxa atzean utzita, Bermeo izango da oraingoan arraunaren epizetro bihurtuko den udalerria. Izan ere, BBKren eta Bermeoko Udalaren babesletzari esker, Bermeoko Bandera lehiatuko dute zapatuan [irailak 19]. Gaur aurkeztu dute bandera, Arrantzaleen Museo aurrean: Jon Salsamendi Bermeo-Urdaibairen entrenatzailea, Nadia Nemeh udalerriko alkatea, Naroa San Millan Bermeo-Urdaibai Arraun Elkarteko lehendakaria eta Unai Rementeria BBKko presidentea arduratu dira aurkezpenaz.
Bermeoko estropada “arraunaren erreferente garbi bat” bihurtu dela nabamendu du Salsamendik, denboraldi amaierako estropadetako bat izanik, eta zelan ez, Bermeon sortzen den giroa ere aintzat hartuz. Oriotarrak Bermeo-Urdaibai utziko du denboraldi amaieran, gainera, Bermeoko Arraun Taldeak pasaden astean jakinarazi bezala. “Berezia” izango da, beraz, zapatuko estropada. Bermeo kolorez jantziko da; jendez jantziko da; eta batez ere, giro onez jantziko da.
“Talde bezala ilusio handiagaz gaude, dena eman eta etxeko uretako estropadako lehian bete-betean sartzeko. Uste dut bermeotar guztiok egun eder bat izateko bultzatzen badugu, denok irabazten aterako garela”, gaineratu du Bermeo-Urdaibairen entrenatzaileak. Horrez gain, argi uzi du estropada irabazteko saiakerarik ez dela faltako etxeko taldearen aldetik. Begirada atzera bota, eta hasieran finkatutako espektatiba guztiak bete ditu taldeak, Salsamendiren hitzetan. Hala ere, abuztu hobeago bat espero zuten: “Denboraldi hasiera begiratuz, eta jarraian irabazitako hiru banderei begiratuz, onartu behar dut abuztua ez dela espero genuena izan. Emaitza hobeak lortzen saiatu gara, baina azkenean itsasoak beti zure tokian jartzen zaitu”. Emaitzak alde batera utzi nahi izan ditu, baina, oriotarrak, eta taldeak uneoro emandako aurpegiagatik eta egindako lanagatik oso harro agertu da.
Klubean egunez egun egiten den lana ere goraipatu nahi izan du Salsamendik: “Lehenengo taldeaz harago, atzetik ere lan oso ona egin da, etorkizunean ikusiko dena”. San Millanek, bere aldetik, “duela 50 urte” sortuto proiektuan sinesten jarraitzen duela gogoratu du, eta proiektu hori aurrera ateratzearen alde lan egiten duten guztien lana balioan jarri du: “Arraunlariak izaten dira aurrez ikusten direnak, baina atzetik ere badaude pertsonak eta laguntzaileak, badaude urte guztian lan egiten duten juntakideak, eta zelan ez, badaude arraunlarien bertsiorik hoberena ateratzen duten entrenatzaileak”.
Bermeoko alkateak zapatuan herrian nagusituko den “giro polita” aipatu du. “Kolore guztietako giroa egoten da. Aniztasuna egoten da. Eta Bermeon esaten dugun mestizajea egoten da. Kolore desberdinek janzten dute Bermeoko Portua egunean zehar, baina iluntzean mahona nagusitzen da, giro herrikoiagaz bat eginez”, azpimarratu du. Bermeon dagoeneko errotuta dagoen eguna dela azaldu du, eta Bermeoko Andra Mari eta Santa Eufemia jaiak bihar amaitzen badira ere, jai giroa luzatzeko aitzakia izaten dute bermeotarrek estropada horrekin. Txosnak ere zabalik egongo direla gogoratuz, herriko zein inguruko jendea animatu du Salsamendik esan duen bezala, “erreferente bihurtu den” egunean parte hartzera.