Bermeoko erraldoien miniaturak sortu dituzte
Bermeoko erraldoiak diren Josefin eta Anton arrantzaleen eta Mari eta Lorentzo baserritarren erraldoien miniaturak aurkeztu dituzte gaur. Santa Eufemia egunez, azokan erosi ahalko dira, 10:00etatik aurrera.
Herriz herri miresmena sortzen dute erraldoiek; herritar askok aho zabalik begiratzen diete, batik bat umeek, eta aurrerantzean, bermeotarrek euren kultur ondarearen parte diren Josefin, Anton, Mari eta Lorentzoren bertsio txikiak etxean eduki ahalko dituzte. Izan ere, Josefin eta Anton arrantzaleak eta Mari eta Lorentzo baserritarrak dira Bermeoko erraldoiak, eta horien miniaturak aurkeztu dituzte gaur goizean [irailak 14], udaletxean.
Bertan nabarmendu bezala, berritasun horren bidez, Bermeoko kaleetan hain ezagunak diren lau pertsonaia horiek beste formatu batean ere herritarren eskura jarriko dituzte, eta, aldi berean, Bermeoko Erraldoien Konpartsaren 20 urteko ibilbidea ospatzeko beste modu bat izango da.
Herritarren eskaerari erantzunez sortu dituzte, eta etzi [irailak 16], Santa Eufemia egunez, erosi ahalko dira azokan, 10:00etatik 12:00etara bitartean, 20 eurotan. 1.400 ale egin dituzte, 350 erraldoi bakoitzeko; horiek agortuz gero, aurrerago figura gehiago egiteko aukera aztertuko dute, beti ere, herritarren harreraren eta eskarien arabera. 23 zentimetroko gomazko figurak dira, eta Indarein enpresa ekoiztu ditu. Azaldu dutenez, figura bakoitzaren prezioa ekoizpen-kostuak estaltzera bideratuta dago, eta, beraz, udalak ez dauka irabazi asmorik.

Bermeoko Udalaren, Bermeoko Erraldoien Konpartsaren eta enpresaren arteko elkarlan “estua” azpimarratu dute. Bi urteko prozesua izan da, eta proiektuaren diseinu eta ekoizpen prozesu osoan zehar, hiruren arteko koordinazioa “ezinbestekoa” izan da, jatorrizko erraldoien izaera eta ezaugarriak “ahalik eta egokien” jasotzeko zein kalitatezko produktua herritarren esku jartzeko.
Endika Etxebarria kultura zinegotziaren berbetan, bertako erraldoiak kultur ondarearen parte ez ezik, bermeotarren nortasunaren parte dira: “Plazera da panpin hauek aurkeztea. Lan honen emaitza oso positiboa izan da. Erraldoiak ez dira jaietako kalejiretan agertzen diren panpinak bakarrik; Bermeoko herriaren kultur ondarearen eta gure nortasunaren parte dira. Herritarrek urteetan eskatu dute etxean ere eduki ahal izatea, eta oso pozgarria da eskaera horri erantzutea, Erraldoien Konpartsaren 20. urteurrenarekin bat eginez. Orain, kaleetan egoteaz aparte, denok edukiko dugu etxeetan geure ondarearen zatitxo bat”. Elkarlan horregatik eskerrak eman dizkie erraldoien konpartsako kideei
Joseba Batiz erraldoien konpartsako presidenteak azaldu modura, herritarrei erreplika txiki horiek eskaintzeko gogoa aspalditik eduki dute “Orain dela hamar bat urte hasi ginen honetan pentsatzen; aurrekontuak eskatu genituen, baina guretzat ez zen posible. Duela bizpahiru urte proposatu genuen udaletxean, eta, zorionez, gure proposamena onartu zuten. Udalari eskerrak eman behar dizkiogu, baita gure taldeko kide denei ere, denok proiektuan inplikatuta ibili baikara. Gure ideia errealitate bihurtzea lortu dugu, eta oso pozik gaude”.
Era berean, gaurko aurkezpenean gogoratu dute bi hamarkadatan zehar, konpartsak herriko kaleetara eroan dituela Josefin eta Anton arrantzaleak eta Mari eta Lorentzo baserritarrak, eta urte hauetan guztietan herritarren artean lortu duten “harrera eta atxikimendua handituz” joan da: “Kalejirak, saioak eta bestelako ekitaldiak Bermeoko kultur eta jaietako egitarauen parte bihurtu dira, eta, horrenbestez, erraldoiak belaunaldiz belaunaldi herritarren iruditerian txertatutako pertsonaiak dira”.
