"Primerakoa" izan da Erraldoien Topaketa
Bermeoko Erraldoien Konpartsaren 20. urteurrena biribiltzeko Erraldoien Topaketan batu ziren atzo [ekainak 14], Bermeon. 37 erraldoi bildu zituen erraldoikada "oso hunkigarria" izan zen bermeotarrentzat.
Argazkia: Txebi Arriaga Erraldoiak herritarren oroimenean sustraitutako ikus bihurtu direla berretsi zuten atzo [ekainak 14], Bermeon. Inork ez zuen nahi Bermeoko Erraldoien Konpartsaren 20. urteurrena biribiltzeko Erraldoien Topaketa galdu nahi izan, eta kaleak goraino bete zituzten Anton, Josefin, Lorentzo eta Mari eta horien lagunak ikusteko. Eguraldia dantzarientzat “beroegia” izan bazen ere, eguna “primerakoa” izan zen konpartsakoentzat.
Jendearen erantzunagaz “pozarren” agertu da Joseba Batiz Bermeoko Erraldoien Konpartsako presidentea: “Hondartzara joateko aukera izanda ere, goiz guztia gure atzetik herrian zehar igaro zuten, eta guretzat oso hunkigarria izan zen”.

Argazkia: Txebi Arriaga
Normalean lau izaten dira bermeotarrek herrian ikusten dituzten erraldoiak, baina atzokoa “berezia” izan zen: Anton, Josefin, Lorentzo eta Marigaz batera ibili ziren Iruñeko Sanduzelaiko Erraldoien Konpartsaren, Deustuko Ondalan konpartsaren, Lekeitioko LEBE konpartsaren, Donostiako Irrintzi konpartsaren, Urduñako Bihotza Konpartsaren, Arrasateko Erraldoien Konpartsaren eta Mundakako Erraldoiek konpartsaren erraldoiak. Guztira 37 erraldoik egin zuten Sanjuanportaletik Portuzarrera arteko ibilbidea, Bizkaiko Gaiteruek markatutako erritmora: “Izugarria izan zen; gu aurretik horrelako talde handietan egondakoak gara, baina jendeak ez du horrelakorik ikusi. Kaletik goazela jendeak zoriondu egiten gaitu, oso polita izan zelako, eta ume eta nagusiak hunkituta egon zirelako”.
Goiko Plazan egin zuten lehen geldialdia erraldoiek, denek batera balsa dantzatu eta atsenalditxoa. Momentu hori aprobetxatu zuen Batizek, konpartsaren izenean, beraien ekimenagaz bat egin zuten konpartsei oroigarria banatzeko. Indarrak berreskurata Lamerarako bidea hartu zuen erraldoikadak eta bertatik, Portuzarrera. Bertan konpartsa bakoitzak banaka dantzatu zuen eta ostean, Polonesaren erritmora amaitutzat eman zuten eguna.

Urteurreneko egitaraua amaitutzat eman dute konpartsakoek, baina datozen hilabeteetan ere erraldoien kultura zabaltzen jarraituko dute. Abuztua izango dute hilabete “gogorrena” ze, hilaren 1ean Gernika-Lumon izango dira, 28an Bakion eta abuztuaren 30ean, Bilbon: “Lagunak gara denok; Bilbokoa adibidez, Deustuko Ondalan konpartsak antolatzen du eta gonbidatu egin gaituzte. Udalak ez du beti berdinak joaterik nahi, beraz ez gara urtero joaten, baina badakigu giro polita sortzen dela, oso pozik gaude”.
Argazkiak: Txebi Arriaga.