Oroimena, duintasuna eta transmisioa
Mundakarrek frankismoak eraildako Alejandro Mallona eta Marcelino San Anton omendu dituzte gaur [irailak 12]. Udalak, gainera, errepresioa pairatutako herriko familien testigantzen bilketa egin du, eta "lanean jarraitzeko" hautua berretsi.
Iraila bertaratzeagaz batera, mundakarrek memoria historikoari eta oroimenerako grinari tokia egiten diete, 1931n herriko alkate izandako eta frankismoak 1937an bortizki eraildako Alejandro Mallona omenduz. Gaur [irailak 12] goizean gogoratu dituzte herritarrek faxismoak eraildako biktima guztiak, tartean, Mallona bera eta hura baino urtebete lehenago hil zuten Marcelino San Anton ere bai.
Herriko plazan edukio dute uteroko hitzordua, 11:45ean, eta Jose Mari Egileor herriko txistulari taldearen doinudun kalejiran egin dute Alkate Mallona parkerainoko bidea. 12:00etan, memoriagune bihurtu den parke horretan elkartu dira herritarrak. Ekitaldian egon dira, besteak beste, eraildakoen senideak eta udalean ordezkaritza politikoa daukaten hiru alderdietako ordezkariak.
Alkate izandakoaren omenezko oroitarriaren aldamenean, Sorne Rubio Aranok berretsi egin du atzoko eta gaurko faxismoaren aurkako hautu argi eta garbia dutela, “ez direla pasako” nabarmenduta. Alkateak balioan ipini gura izan du urteroko-urteroko memoria eta duintasun jarduera kolektiboan parte hartu ohi duten herritarren “konpromisoa”, baina, era berean, azpimarratu du belaunaldirik gazteenek memoriaren lanketaren lekukoa hartzea erabat “ezinbestekoa” dela. Erresistentzia keinuak denetarikoak izan daitezkeen zantzu, jardun antifaxista “euskarazkoa” izango dela aditzera eman du alkateak.
Aurtengo omenaldi ekitaldiak berritasun berezi bat ere eduki du: azken egunotan, udala faxismoaren errepresioa eta bortizkeria jasandako mundakar herritar eta familien testigantzak jasotzen ibili da. Gaurkoan, Rubiok basakeria pairatutakoen eta justiziaren alde beren bizia emandako mundakarren izen-abizenak banan-banan irakurtzeko tartea hartu du. Era berean, ez ditu ahaztu Bermeorainoko burdinbidea “bortxaz eta egoera guztiz prekarioan” eraiki behar izan zituztenak, besteak beste, trenbidearen eraikitze beharretan “bizitza galdu zuen Jose Martos Justicia“.
Halaber, Rubiok gogoratu du Sukarrietan gerra zaurituen ospitalea egon zela, eta bertan egon zirenek ere “dagokien oroimen keinua” merezi dutela. Hain zuzen ere, bertan zendutakoak “ustez” Mundakan ehortzi zituzten, baina, gaur-gaurkoz, hilerrian “ez da ezer aurkitu”. Hortaz, alkateak aurreratu du gorpu horien “bilaketagaz” jarraituko dutela.