"Urdaibaik merezi duen eztabaida eta adostasuna eskatzen ditugu"
Urdaibaiko 5/1989 Legeari buruzko eztabaida eta prozesu propioa irekitzea eskatu du Guggenheim Urdaibai Stop plataformak Eusko Legebiltzarrean.
Jarduera ekonomiko iraunkorra sinplifikatzeko eta arintzeko premiazko neurriei buruzko lege proposamena aurkeztu zuten EAJ-PNVk eta PSE-EEk ekainean, eta Guggenheim Urdaibai Stop plataformak kezkaz hartu, eta Urdaibaiko Biosfera Erreserba Babestu eta Antolatzeari buruzko 5/1989 Legeari eragiten dioten “atal guztiak kentzea edo sakon aldatzea” eskatu zuen.
Aste honetan, berriz, beste pauso bat eman du. Guggenheim Urdaibai Stop plataformaren ordezkaritzak parte hartu zuen astelehenean [irailak 7], Eusko Legebiltzarrean: “Gure eskaera da Urdaibaiko legea lege proposamen horretatik ateratzea; ez dugu esaten 5/1989 Legea berrikusi behar ez denik”. Urdaibaiko 5/1989 Legea eguneratu behar dela uste dute plataformako kideek, eta horretarako, legeari buruzko eztabaida eta prozesu propioa irekitzea eskatu dute.
Hain zuzen ere, Guggenheim Urdaibai Stop plataformaren izenean hartu zuen hitza Eider Goitxik batzordean, eta plataformako kideen artean adostutako oharra irakurri zien legebiltzarkideei. Erakundeek, lurraldearen etorkizunari buruz erabakitzean, “gizartea kontuan har” dezatela eskatu zuen: “Hain lurralde berezi baten babes-araudia ezin da administrazioa arintzeko eta jarduera ekonomikoa azkartzeko lege-proposamen baten barruan aldatu. Are gutxiago, Urdaibairi buruzko berariazko eztabaidarik eta lurraldearekin elkarrizketa-prozesurik ireki gabe. 1989an, Eusko Legebiltzar osoaren babesarekin onartutako legea da, eta hori da orain ere lortu beharrekoa: akordioa“.

Izan ere, “hain lurralde bereziari” eragiten dion lege edo arau batek eraiki daitekeen adostasun politiko, instituzional eta sozialik “handiena” merezi duela uste dute plataformakoek: “Ez dugu nahi blokeatu legearen eguneraketa; alderantziz, beharrezkoa dela uste dugu. Baina ondo egin dadila nahi dugu. Prozesu propioa behar du eguneratzeko, eta ez hemen proposatzen zaigun Omnibus Legearen bitartez egindako moldaketak”. Euren iritziz, Urdaibaiko Legea lege proposamen horretatik atera, eta lurraldeko erakundeekin, Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren Patronatuarekin, komunitate zientifikoarekin, sektore ekonomiko eta sozialekin eta gizarte zibilarekin berezko eztabaida-prozesua ireki, eta ondoren erabaki behar da zer aldatu behar den: “Urdaibai ez da administrazio-izapide bat. Biosfera Erreserba bat da, eta bere etorkizunari buruzko erabakiak ezin dira presazko lege-prozedura baten barruan hartu. Urdaibaik merezi duen eztabaida eta adostasuna eskatzen ditugu”.
Urdaibaik oraingo eta etorkizuneko erronkei erantzuteko gai den legea behar duela azpimarratu dute: “Ia 40 urtetan, Urdaibai, Euskadi eta mundua sakon aldatu dira. Ingurumen, gizarte eta ekonomia erronka berriak ditugu”. Klima larrialdia, biodibertsitate galera, turismo presioa, etxebizitza, mugikortasuna, belaunaldi erreleboa, ekoizpen sarearen eraldaketa, lehen sektorearen etorkizuna, eta belaunaldi berrientzako aukera sortzeko beharra zerrendatu dituzte plataformako kideek: “Horiek ezin ziren gaur bezala planteatu 1989an”.
Eskualdeko herritarren ahalduntzea. Azken urteetan eskualdean sortutako mugimendua ere hizpide izan zuen Gotxik, besteren artean, sortutako sareei balioa emanez. Izan ere, plataformakoen iritziz, azken urteotan Urdaibaiko gizarteak erakutsi du badaukala ezagutza, iritzia eta parte hartzeko borondatea:”Azken hiru urteetan proiektu baten inguruko aparteko prozesua bizi izan dugu Busturialdean, eta horrek desadostasunak, kontrajarritako jarrerak eta tentsio handiko uneak ekarri dizkigu. Baina akatsa litzateke gatazkaren dimentsio horretan soilik geratzea; izan ere, denbora horretan Urdaibaiko jendea ahaldundu egin da; agian, inoiz horrelako eztabaida batean parte hartuko ez luketenak parte hartzen hasi dira, sareak sortu dira, ezagutzak partekatu dira, argudioak alderatu dira eta elkarrizketa zabalagoa ireki da, gure eskualderako zer nahi dugun jakiteko”.
Gotxiren berbetan, proiektu huts batetik haratago zabaldu da eztabaida: garapen ereduari, lurraldearen babesari, etxebizitzari, turismoari, enpleguari, mugikortasunari, jarduera ekonomikoari, identitateari… Azken batean, Urdaibairen etorkizunari buruzko eztabaida izatera pasatu da. “Agirre Lehendakari Centerrek garatutako entzute prozesua errealitate horren froga bereziki baliotsua da”, nabarmendu zuen Gotxik. “Benetako ikaskuntza gure gizartearen inguruan eta erakundeekin dugun harremanaren inguruan ikasitakoa izan da. Hauxe da Eusko Legebiltzarrari planteatzen diogun galera: instituzionalki zer ikasi dugu urte hauetan gertatutakoaz? Zaila egiten zaigu ulertzea Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren babes eta antolamenduari buruzko legea horrela aldatu nahi izana. Ez dugu inondik inora ulertzen”.