Tokikoaren koordenatuetan eta bertokoaren babesean
Domekan [irailak 13] egingo dute Mendatako 28. Nekazal Azoka. Txerriki pintxoen salmentaren dirua Axularri emango diote, Perthes gaixotasunari aurre egiten laguntzeko. Bihar [irailak 11], Euskal Oiloaren Lagunen II. Topaketa egingo dute.
Asteburu honetan, Mendata tokiko nekazari, abeltzain eta artisauen topagune bihurtuko da, irail bakoitzero gertatzen den modura. Nekazal Azoka bere 28. urtemugara iritsiko da, eta, ohiko modura, inguruko ekoizleak izango dira domekako [irailak 13] protagonista nagusiak. Goizetik eguerdira bitartean, denetarik ikusteko, dastatzeko eta egiteko aukera egongo da herrigunean, eta bai nagusiek, bai gaztetxoek dagokien tokia edukiko dute.
Azoka “oso osasuntsu” dagoela aditzera eman dute udaleko antolatzaileek: “Urtez urte jendea erakartzen segitzen du, arreta pizten; iaz berritasunak txertatu genizkion, aurten mantendu eta hobetu egingo ditugunak, baina, oro har, azoka mendatarrentzako nahiz inguruko herritarrentzako galdu ezinezko hitzordua dela esan daiteke”. Artape inguruan, 18 ekoizlek edukiko dituzte postuak; ortuariak, txakolina, gazta eta esnekiak, ogia, eztia edota barazki kontserbak eskuratu ahalko dituzte bertaratzen direnek. Horrez gain, udal pilotalekuak artisauen postuak hartuko ditu, eta bertan 15 postu inguru egongo dira. Bisitariek, beraz, batzuetatik besteetara ibiltzeko aukera edukiko dute, aniztasuna eta produktu sorta “oso handia” izango baitira.
Bestalde, azokak euskal oiloaren eta berorren babesaren zein ezagutzaren inguruan pibotatzen du. Hain zuzen, azokagunean egongo diren animalia bakarrak oiloak izango dira; postu bi egongo dira. Horrez gain, iaz abiatu zuten, Eoalak Elkarteagaz elkarlanean, Euskal Oiloaren Lagunen I. Topaketa, eta aurtengoan errepikatzea erabaki dute. Gaur [irailak 11] egingo dute, 19:30etik aurrera, Artapen. Iazko estreinaldia, hain zuzen, “ezusteko besteko polita” izan zen: “40 lagun inguru elkartu ginen; lehen aldia izateko ez dago batera txarto. Oiloaren nondik norakoak diapositiba bidez jorratu genituen, eta alde hura apur bat hankamotz geratu zen. Beraz, aurten benetako oiloak eroango ditugu eta, hartara, animaliaren fisionomia eta zantzu fisikoak bertatik bertara ikusi ahalko dituzte hurbiltzen direnek, batik bat, luma motak, gandorra, atzaparrak eta abar”.
Topaketara “edonor” bertaratu ahalko da; ez da aurretiaz izenik eman behar. Gainera, amaieran euskal oiloen arrautzen eta eskualdeko txakolinaren dastaketa egingo dute, doan.
Domekako egitarauari dagokionez, azokagunea 09:30ean irekiko zaio publikoari. 11:00etatik aurrera, burduntzian egindako txerriki pintxoez gozatzeko txartelen salmenta zabalduko dute; pintxook 12:30etik aurrera zerbitzatzen hasiko dira. Salmentatik bildutako dirua “hurbileko kausa solidarioetara” bideratzea dute xede; iaz Enarak Behar Zaitu sarkomaren aurkako ekimenak jaso zuen, eta aurten udalerrira bertara bideratuko dute: “Axular Mendatan bizi zen gaztetxoa da, eta Perthes izeneko gaixotasun arraroa pairatzen du. Txartelen aurtengo dirua gaixotasun horren ikerketara eta hari aurre egiteko erabiliko dugu”.
11:30ean, umeentzako puzgarrien eremua zabalduko dute eta, egitaraua zarratzeko, 13:00etan, idi proben txanda izango da. Bizkaitarren eta gipuzkoarren arteko dema hartuko du probalekuak: Mungiako Iñaki Lopategi Azkoitiko Isidro Erretegiaren kontra.