Santa Kurtze jaietan urteroko egitaraua egongo da tradizioari eutsiz
Domekan [irailak 13] hasita bi asteburu hartuko dituzte Ariatzako Santa Kurtze jaiek eta askotariko ekitaldiez gozatzeko aukera izango dute auzotarrek. Urtero bezala, Saragiaren hiletak emango die jaiei amaiera.
Ariatzatarrek badute zertaz gozatu asteburu honetan; izan ere, Santa Kurtze jaiak berton ditugu eta bertaratzen direnek jai giro ederra izango dute domeka honetatik [irailak 13] hurrengo domekara [irailak 20] arte. Nobedaderik ez da izango Roke Ojanguren udal zinegotziaren berbetan, helburua tradizioari eustea izaten baitute auzotarrek eta urteroko egitaraua mantenduko dute aurten ere.
Jaiak domekan hasiko dira bezpera egunean [irailak 13], pregoi eta txupin jaurtiketarekin 20:15ean eta ondoren urteroko bakailao jana egingo dute auzotarrek. Auzo guztiarentzako bakailaoa prestatuko dute eta, tradizioari eutsiz, auzoko labe batean egingo da jana. Eguna porra txapelketarekin amaituko da, hau ere urteroko zita izaten dute. Izen ematea 3 euroan izango da eta irabazleentzako sariak izango dituzte.
Biharamunean egun nagusia izango da. Meza Nagusiarekin hasiko dute eguna herriko abesbatzaren laguntzaz, pintxoekin jarraitu, eta herri bazkariak aseko ditu auzotarren sabelak, arratsaldean briska txapelketarekin jarraitzeko. Izen ematea 12 euro izango dira bikoteko. Txokolate janak emango dio egunari amaiera. Martitzenean Santa Kurtze Bigarrena ospatuko dute eta, egun handia bezala, herriko abesbatzak ez du hutsik egingo Arimen aldeko mezan.
Bigarren asteburuan, bertsolariak eta Saragiaren hileta izango dira ekitaldi esanguratsuenak. Asteburua paella janarekin hasiko dute zapatuan [irailak 19] eta arratsaldea herri kirolek eta bertsolariek girotuko dute, eguna parrandarekin musikaz eta dantzaz bukatzeko. Aurtengo honetan, bertso saiora Onintza Enbeita batuko zaie Ibai Amillategi eta Asier Galarzari. Domekan [irailak 20] jaiak bukatuko dira, goizean Meza Nagusiarekin eta Baso Txoritxu dantza taldearekin, eta arratsaldean jaietako ekitaldi aipagarri batekin itxiko dira jaiegunak: Saragiaren hileta. Ojangurenek jaietako ekitaldi nabarmenena dela uste du: “Bizkaiko Ondare Immaterial izendatuta dago eta hor antzezpen bat egiten dute. Antzezpen amateur bat da, herritarrek egiten dutena”.
Saragia ardoa gordetzen zen objektua da, eta ospakizun honetan saragi horri hileta bat egin eta lurperatu egiten da hurrengo urtera arte jaien amaiera irudikatzeko. Horren ostean egiten da antzezlana. Ojangurenek azaldu duenez, antzezlanean normalean satiratik eta umoretik jotzen dute eta kritika soziala ere egoten da: “Urtero gai bat aukeratzen dute, urte horretan entzutetsua izan den gaia hartu eta umoretik aritzen dira”. Bere hitzetan, egunean bertan elkartzen dira, entsaiatzen dute eta eguerdirako antzezlana egiten dute herri guztiarentzako.
Ojangurenek ekitaldira bisitari asko hurbiltzea espero du: “Horrekin amaitzen dira jaiak. Jende asko etortzen da egun horretan antzezlana ikustera, baita ingurutik ere, eta polita izaten da.”
EGITARAUA
- Domeka, irailak 13
- 20:15. Pregoia eta txupin jaurtiketa
- 20:30. Bakailao jana.
- 22:30. Porra txapelketa.
- Astelehena, irailak 14
- 11:00. Meza nagusia, herriko abesbatzagaz.
- Ostean. Pintxoak.
- 14:30. Herri bazkaria.
- 18:00. Briska txapelketa.
- Martitzena, irailak 15
- 12:00. Arimen aldeko meza herriko abesbatzagaz.
- Ostean. Pintxoak.
- Zapatua, irailak 19
- 15:00. Herriko kuadrillen arteko paella-jana.
- 18:00. Herri kirolak, Sustabizen eskutik.
- 20:00. Bertso saioa. Onintza Enbeita, Ibai Amillategi eta Asier Galarza.
- Ostean. Parranda.
- Domeka, irailak 20
- 11:00. Meza nagusia, herriko abesbatzagaz.
- Ostean. Ibarruriko Baso Txoritxu dantza taldea.
- 13:30. Saragiaren hileta.