Mundaka eta Bermeoko kontrol sistemak berrituko ditu ETSk
Obren helburua kontrol eta segurtasun sistemak gaurkotzea da, eta hamasei hilabeteko epea aurreikusi dute horretarako, 5,1 milioi euroko aurrekontuagaz.
Euskal Trenbide Sareak (ETS) kontrol eta segurtasunerako sistema elektroniko berriak ipiniko ditu bai Mundakako, bai Bermeoko geltokietan. Hala, segurtasun jauzi handia egingo dute eskualdean, eta geltoki horietako egungo koltrol eta segurtasun seinaleztapen zein instalazioek hobekuntza “nabarmena” edukiko dute. Dagoeneko onartu dute lanak egingo dituen enpresaren kontrataziorako lizitazioa, eta lanak biribilduta egoteko epea hamasei hilabetekoa izango dela adierazi dute. Aurrekontuari dagokionez, 5.175.228,42 eurokoa da, BEZ barne.
Egun, udalerri bietako geltokietako sistema elektrikoak errele bidezkoak dira, eta 2003an instalatutako modulu geografikoetan oinarritutako teknologia analogikoduna. Inbertsioak, alde horretatik, teknologia elektroniko “gaurkotua” ipiniko du, zaharkituta geratu dena ordezkatzeko. Errei Bakarreko Blokeo Automatiko izeneko sistema ere instalatuko dute, Sukarrietako geltokiagaz koordinatuta. Ez hori bakarrik: egungo seinaleztapen estandarretara doitutako LED argidun seinaleak jartzea eta Trenen Babes Automatikorako sistema berritzea ere barnebiltzen ditu proiektuak. Orratz bidezko eragingailuak, gainera, ekipamendu elektrohidrauliko berriagatik ordezkatuko dituzte, eta, hori guztiori Eragiketen Eskualdeko Postuan eta Atxuri zein Amarako Trafiko Zentralizatuaren Zentroetan integratuko dute.