Hilaren 24a, kultur eta kirol ikastaroetara izena emateko epemuga
Ibarrangeluko Udalak kultur eta kirol eskaintza zabala eskainiko die herritarrei 2026/2027 ikasturterako. Saioetara izena emateko epea irailaren 24ra artekoa da.
Argazkia: Pexels Ibarrangeluko Udalak kultur eta kirol jardueren programazio oparoa edukiko du 2026/2027 ikasturtean, eta herritarrek denetariko ikastaroez gozatu ahalk0 dute. Udalerrian erroldatutakoek zein erroldatu gabekoek parte hartu ahalko dute, eta izena emateko epea irailaren 24a izango da. Aurtengo eskaintza sorta honakoek osatuko dute: euskara eskolak, ingeles eskolak, indar eta erresistentzia saioak, zumba, pilates, yoga, gimnasia funtzionala, panderoa, umeentzako euskal dantzak, gitarra eta bateria eta ume zein nagusientzako marrazketa.
Jarduera horietako bakoitzak astelehenetik barikura arteko bere ordutegi propioa edukiko du, maiztasun desberdinekin; udalaren webgunean dago zehaztuta bakoitza. Bestalde, udaletik aurreratu dute plaza kopurua mugatua izango dela, jarduera bakoitzaren “ezaugarrien eta antolakuntzaren” araberakoa. Izena emateko lehentasuna udalerrian erroldatutako herritarrek izango dute. Pertsona batek jarduera berean baina egun desberdinetan bi plaza eskatu nahi baditu, horretarako aukera izango du, baina izen emate epea itxita plazak libre geratzen baldin badira bakarrik egongo da bigarren plaza lortzeko aukerak. Bigarren plaza horiek izen emate guztiak itxi ondoren esleituko dituzte, une horretan geratuko diren toki libreen arabera.
Jardueraren baterako tokiak betetzean, itxaron zerrenda sortuko dute eta, tokirik libratuz gero, zerrenda horretako hurrengoari eskainiko zaio, ezarritako lehentasun irizpideen arabera. Jarduera bat aurrera eroateko, gainera, iragarri dute gutxienez sei laguneko parte hartzea bermatuta eduki beharko duela. Asistentziari dagokionez, azaldu dute jardueretan izen emateak “parte hartzeko konpromisoa” dakarrela: “Behin eta berriro eta justifikaziorik gabe ez bertaratzeak, bereziki itxaron zerrenda duten jardueren kasuan, plaza hori berrikustea ekarriko du”.
Ordainketa ein ondoren, plaza “behin betiko baieztatutzat” joko da. Horretarako, ordainketa hileko lehen astean eta hiruhileko osoetan egin beharko da. Ordaintzeko epea ez betetzeak “plaza galtzea” ekar dezake, eta plaza hori itxaron zerrendako hurrengo pertsonari “eskaini ahal izango” zaio. Baja eman nahi duenak kultur etxeko ardunadurari jakinarazi beharko dio aurreko hilebetean. Baja jarduera hasi aurretik jakinaraziz gero, ordaindutako zenbatekoa itzuliko da; behin hasita, ez da ordaindutako zenbatekoa itzuliko, “behar bezala
justifikatutako salbuespenak” izan ezik.