Urriko lehen eta azken asteleheneko azoketan parte hartzeko eskabideak aurkeztu daitezke dagoeneko
Urriko Lehen Asteleheneko azokan parte hartu gura duten baserritar, ekoizle eta artisauek irailaren 18ra [barikua] bitartean aurkeztu ditzakete eskaerak; Urriko Azken Astelehenerako izen emotea, berriz, irailaren 30ean [eguaztena] itxiko dute.
Urriko Lehen eta Azken Asteleheneko azoketan parte hartu nahi duten baserritar, ekoizle eta artisauek eskaerak aurkezteko epea zabaldu du Gernika-Lumoko Udalak. Urriaren 5eko hitzorduan egon gura dutenek hilaren 18a [barikua] bitartean izena eman ahalko dute eta urriaren 28ko zitan izan gura dutenek, berriz, irailaren 30era arte [eguaztena].
“Urriko azokek Gernika-Lumoren nortasunaren parte dira, eta funtsezko topagune izaten jarraitzen dute bai lehen sektorearentzat bai egun horretan herrira hurbiltzen direnentzat. Ekoizleen eta artisauen parte-hartzea erraztu gura dugu, eta Euskal Herrian erreferentzia diren merkatuen izaerari eta kalitateari eutsi», adierazi du Iñaki Gorroño Azoka eta Merkatuetako zinegotziak.
Izapideak.
Interesdunek Herritarrentzako Arreta Zerbitzuan (HAZ) aurkeztu ditzakete eskaerak, bai fisikoki —Foru Plazako 3. zenbakian, 07:30etik 14:00etara— bai telematikoki, “ziurtagiri elektronikoaren edo beste administrazio batzuen bidez”. Correos-en bulegoetan egiteko aukera ere badagoela gogoratu dute.
Aurkeztu beharreko inprimakiak udalaren webgunean daude eskuragarri, Tramiteak ataleab. Gogoratu dutenez, azoketan parte hartu ahal izateko ezinbestekoa izango da “jarduera profesionala frogatzen” duen dokumentazioa aurkeztea, besteak beste, nekazaritza-ustiategiaren ziurtagiria, osasun-erregistroa eta manipulatzaile txartela. Horrez gain, Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergan alta emanda eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak betetzen direla eta egiaztatu beharko da.
Artisau dagokionez, gainera, “beharrezkoa” izango da Bizkaiko, Gipuzkoako edo Arabako foru aldundietan edo artisau-elkarte erregistroan alta emanda egotearen ziurtagiria.
Behin izen emateko epea itxita, udala izango da eskaerak ebatzi eta onartuak izen diren horiekin “azokaren aurreko astean” harremanetan ipiniko dena. Urriko Lehen Azokaren kasuan eskaerak ebatzi eta baieztapena emateko gehienezko epea zortzi egunekoa izango da eta, Urriko Azken Astelehenekoa, hamabost egunekoa.