Jaurlaritzak 53 etxebizitza babestu sustatuko ditu Mundakan, Errigoitin eta Ean
Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailak 814 etxebizitza sustatuko ditu 7.000 biztanle baino gutxiago dituzten 23 udalerritan, tartean, Ean, Errigoitin eta Mundakan. Sustapenagaz pertsonek beraien bizi-proiektua "lotura ezarriak dituzten lekuan garatu ahal izateko baldintzak sortzea" bilatzen dute.
Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailak 814 etxebizitza sustatuko ditu 7.000 biztanle baino gutxiago dituzten 23 udalerritan, tartean, Ean, Errigoitin eta Mundakan. Neurri honek Jaurlaritzak udalerri txikiagoen beharrizan espezifikoei erantzuten dien “etxebizitza-politikarekin duen konpromisoa islatzen” duela azpimarratu dute.
Jarduketa batzuk amaituta dituzte dagoeneko, beste batzuk ordea, obra fasean, proiektatuta eta azterketa fasean daude, “hainbat lurralde errealitate” barne hartzen baititu ekimenak: Bizkaiko zortzi udalerri —169 etxebizitza—, Arabako sei —377 etxebizitza— eta Gipuzkoako bederatzi—268 etxebizitza—.
Busturialdearen kasuan, 53 unitate gehitzea aurreikusi dute: 24 etxebizitza babestu Mundakan, 15 Errigoitin eta 14, Ean.
“Demokrazia”.
Denis Itxaso Etxebizitza eta Hiri Agendako Sailburuak etxebizitza “lurralde-orekarako eta gizarte-kohesiorako tresna gisa” lantzeko beharra dagoela azpimarratu du: “Bizkaia, Araba eta Gipuzkoako udalerri txikietako etxebizitzaz hitz egitea ez da gai txiki, periferiko edo osagarri bati buruz hitz egitea. Zahartzeaz, aukerak eskaintzen dituen ingurune bizi eta dinamiko batean errotzeaz, jarduera ekonomikoaz, zerbitzu publikoez, identitate komunitarioaz eta, azken batean, demokraziaz hitz egitea da”, zehaztu du.
Udalerri txikiek hiri handien “etxebizitza arazo berak” dituzte eta horregatik, beraien eskalara egokitutako erantzunak behar dituzte. “Etxebizitza arazo guztiak ez dira berdin islatzen. Leku batzuetan arazoa prezioa da; beste batzuetan, eskaintza eza, parkearen zahartzea, etxebizitza hutsak, lurzoru prestatuaren falta, eraginkortasun ekonomikoagaz etxebizitzak sustatzeko zailtasuna… Eta udalerri txiki askotan, arazoa horren guztiaren konbinazioa da”, nabarmendu du sailburuak.
Era berean, politika publikoa hirigune handietarako diseinatuta dauden irtenbideak udalerri txikietara eramatera “mugatu ezin dela” defendatu du: “Herri txikietarako etxebizitza-politikak ezin du izan hiri handietako etxebizitza-politiken kopia murriztua. Ez da nahikoa hiri-ingurune trinkoetarako pentsatutako tresnak mekanikoki lekuz aldatzea; eskalak, denborak, pizgarriak, gobernantza eta sustapen ereduak egokitu behar dira”. Izan ere, udalerri txiki batean 12, 15 edo 30 etxebizitzako sustapen batek “ibilbide demografikoa aldatu edo saltoki txiki bat sostengatu” dezake.
Zifra “garrantzitsua”.
Hala. balioan jarri nahi izan du identifikatuta dituzten 814 jarduketen balioa, “zifra garrantzitsua” dela azpimarratuta: “Zifra garrantzitsua da ez bakarrik bolumenagatik, baita adierazten duenagatik ere: etxebizitza-politika publikoa hirigune handietatik harago eramateko borondatea”. Era berean, Bizkaia, Araba eta Gipuzkoa “lurralde polizentriko gisa” ulertu behar direla defendatu du, hiriburuetan bakarrik pentsatu ezin dela aldarrikatuta: “Udalerri txikiak ez dira iraganeko hondakin bat; etorkizuneko irtenbidearen parte dira”.
Udalerri txikietan etxebizitza eskuragarria bermatzea zerbitzu, jarduera ekonomiko zein komunitateari eusteko bidea ere bada, “alokairu eskuragarririk gabe ez dagoelako bizitegi-malgutasunik” eta, malgutasunik gabe, bizi-proiektu asko atzean edo bertan behera gelditzen direlako. Etxebizitza sailaren ustez, martxan duten sustapenak errealitate horri erantzuna ematen lagunduko du, helburua ez delako etxebizitza erabilgarrien kopurua handitzea soilik: pertsonek beraien bizi-proiektua “lotura ezarriak dituzten lekuan garatu ahal izateko baldintzak sortzea” ere bilatzen dute.
Hala, etxebizitzaren eskubidea edozein herritan bermatuta egon beharko litzatekeela azpimarratu du Itxasok: “Bizkaia, Araba eta Gipuzkoako herri txikiek ez dute pribilegiorik eskatzen. Tresna proportzionatuak eskatzen dituzte. Politika publikoak beren eskala uler dezala eskatzen dute. Etzebizitza posta-kodearen araberako ez izatea eskatzen dute. Beren gazteei geratzeko aukera bezain erraza eta sakona den zerbait eskaini ahal izatea eskatzen dute. Inguruan bertan zahartzea aukera izatea eskatzen dute. Herri txiki batean bizitzeak ez dezala esan nahi uko egitea, aukera posible bat baizik, zentzuzko politika publikoek lagundutako aukera duina“.