Bou Bizkaiak ohorezko txandan lehiatuko du Kontxako Bandera
Bermeo-Urdaibaik hortzak estututa burutu zuen joan den domekako [irailak 6] estropada. Hondarribiagaz izandako lehian 'Ama Guadalupekoa' atzean uztea lortu eta ohorezko txandan ariko da domekako [irailak 13] bigarren jardunaldian Donostiako badian.
'Bou Bizkaia' Donostiako uretan.Bermeo Arraun Argazkiak Bandera preziatuena lortzeko bidean, 16 traineru lehiatu ziren atzo [irailak 6] Donostiako badian. Itsaso mugitu batekin argitu zuen egunak, eta metro eta erdiko olatuek epaile lanak egin zituzten aurtengo Kontxako Banderako lehen jardunaldian. Orio izan zen trainerurik onena, hala ere, Donostiarra hurretik izan zuen segika, hiru segundoko aldeagaz. Zierbenak alde egin ostean, Bermeo-Urdaibaik Hondarribiagaz izan zuen bigarren postua lortzeko ika mika. Bou Bizkaiak olatuen gaineko lehia irabazi eta merezitako bigarren txandan sartzea lortu zuen. Arraun Lagunak izan zen nagusi Kontxako 19. Banderako lehen jardunaldian.
Lehen txandan Ondarroa Getaria, Donostiarra eta Orio aritu ziren 131. Kontxako Bandera lortzeko lehian. Hasieratik hartu zuen aurrea Oriok, baina atzetik izan zuen Donostiarra, hortzak estututa, San Nikolasen abiadurari eutsiz. Zazpi minutuko langa igarota, ondarrutarrak atzean geratzen hasi ziren espero bezain gogorra izaten ari zen estropadan. Lehen ziabogan Oriogandik 30 segundoko aldeagaz zegoen Ondarroa; hirugarren postua zuen Getariagandik, aldiz, 23 segundora. Hala, biraketa heldu orduko, idatzita zegoen ondarrutarren patua. Bigarren luzean ikuskizuna eskaini zuten Donostiarrak eta Oriok: Gorka Aranberrik lehia mugaraino eraman eta epailearen bandera urdina ikusi zuen. Euren kalera itzultzeko beharrean zeudela, donostiarrek aldea txikitzeko saiakera egin zuten, baina ez zuten horiak gainditzea lortu. Orio izan zen onena azkenean [19.51,36], eta hiru segundo gehiagogaz Donostiak egin zuen bigarren. Getaria izan zen hirugarrena, eta Ondarroa laugarren postuan geratu zen, estropadaren gordintasuna zenbakietan islatuta utziz [20.54,04].
Helburu beragaz hasi zuten bigarren txanda Bermeo-Urdaibaik, Zierbenak, Hondarribiak eta Lekittarrak: Orioren denbora hobetzea. Zierbena aurreratu zen lehen metroetan, baina Hondarribia jarri zen lehenengo metro gutxira. Gipuzkoarrek sendo hasi zuten estropada, eta Ama Guadadupekoaren denboraldiko momenturik onenaren isla izaten ari zen. Horren aurrean Bou Bizkaiak eta Zierbenak estualdia pasa zuten, gogorrago egiteko beharra ikusiz eta aurreratzeko beharrezko indarrak batuz. Ziabogako biraketak argi erakutsi zuen Lekittarra atzean geratzen ari zela bigarren txandan, izan ere, Zierbenaren trainerua 18 segundo aurretik zuten lekeitiarrek, eta hirugarren zihoan Bermeo, 12 segundo aurretik. Biraketa paregabea egin eta aldea handitzea lortu zuen Zierbenak, bigarren luzea hasi orduko. Hondarribia eta Bermeoren arteko lehia estropadaren erdigune bihurtu zen bigarren luzean. Segundo batek aldentzen zituen traineru biak, eta bigarren postua lortzeko olatu gaineko lehian murgilduta zeuden. Zierbenak lehengo postua eskuratu zuen bigarren txandan [20.02,70], hala ere, olatuek ez zuten euren alde egin eta ez zuten Orioren marka hobetzerik lortu. Bermeok Hondarribiaren aurretik bete zituen egin beharrekoak [20.12,62]. Lekittarra izan zen bigarren txandako azkena [20.34,92].
Euskotren Ligan erakutsitako nagusitasuna berretsi du Arraun Lagunakek Kontxako Banderaren lehen jardunaldian. Lehen txandan Tolosaldea agertu zen indartsuen, lanak 10.58,86ko markagaz amaituta, eta Hibaikak egin zuen bigarren, hiru segundo gehiagogaz. Donostiarrak 11.01,94ko markagaz bereganatu zuen hirugarren postua, eta Zarautz izan zen laugarrena, ia 9 segundo gehiagogaz. Bigarren txandan aritu zen Arraun Lagunak, jardunaldiko denborarik onena lortuz [10.49,87]. San Juanek 11.00,22ko markagaz amaitu zuen estropada, eta oso parekatuta heldu zen Astillero ere, 11.00,42ko denboran. Orio izan zen azkena, 11.08,14ko markagaz.
Bigarren jardunaldiari begira. Domekan [irailak 13] lehiatuko dute 16 traineruek Kontxako Banderaren bigarren jardunaldia. Gizonezkoetan Orio, Donostiarra, Zierbena eta Bermeo-Urdaibai ohorezko txandan ariko dira, eta bigarrenean ariko dira Ondarroa eta Lekittarra, Hondarribia eta Getariagaz batera. Emakumeen lehian, Arraun Lagunak, Tolosaldea, San Juan eta Astillero ariko dira ohorezko txandan, eta Hibaika, Donostiarra, Zarautz eta Orio, lehenengoan.